Euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko aktibazio sozialerako ariketa bat. Hori da Pantailaldia, Pantailak Euskaraz mugimenduaren hitzetan. Gaur hasi eta hilaren 14ra bitartean, bigarren Pantailaldia egingo dute, Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! lelopean.
Lehen Pantailaldia 2022ko azaroan egin zuten. Orduz geroztik izan dira mugimendu batzuk sektorean, baina badira kezka pizten duten datuak ere. Garazi Sanchez EHUko irakasle eta Ikusikerreko ikerlariak eman dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian unibertsitateko ikasleen %66k gaztelaniaz ikusten dituzte edukiak streaming plataformetan; %22k, ingelesez; eta %1ek baino ez euskaraz; telebista konbentzionalean, euskarazko edukiak %7k ikusten dituzte.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearen iritziz, egoera are okerragoa zen 2022ko azaroan. «2021eko abenduan, Pantailak Euskaraz-ek manifestu bat plazaratu zuen, euskalgintzako, hezkuntzako eta ikus-entzunezkoetako berrogei eragileren babesarekin, eta euskarazko streaming plataforma bat sortzea zen eskaeretako bat». Iritsi zen Primeran, helduentzat —2023ko irailean abiarazi zuten—. Eta, gero, Makusi haurrentzat —iazko apirilean jarri zuten martxan—. Baina Aginagalderi iruditzen zaio plataforma horiek etengabe elikatu behar direla Euskal Herrian sorturiko edukiz eta nazioarteko eduki arrakastatsuz. «Horrela lortuko baitugu geroz eta etxe gehiagotara iristea, eta plataformen munduan erreferentzialtasuna eskuratzea. Aurrerapauso handia izan da plataforma horiek sortu izana, baina oraindik lan handia dago egiteko, bai ekoizpenean, bai bikoizketan, bai euskarazko edukien etengabeko sustapenean».
«Makusik 48.000 erabiltzaile ditu, eta 800.000 ordu baino gehiago kontsumitu dira. Saiakerak egin behar ditugu, benetako apustuak. Badugu ardura, eta horri eutsi behar diogu»
NEREA ZENDOIAMakusi plataformako zuzendaria
Kontsumo ohituretan gertatu den aldaketari erantzun dio EITBk plataforma horiek sortuta, Nerea Zendoia Makusiko zuzendariaren aburuz. «ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izaten du batez beste [EAEn]. Baina Makusi martxan jarri genuenetik, kontsumo orduak handituz joan dira hilabetez hilabete. 48.000 erabiltzaile desberdin ditu Makusik, eta 800.000 ordu baino gehiago kontsumitu dira. Deigarria da zenbat kontsumitzen den». Lehen urteko erantzuna «oso ona» izan dela dio. Makusi klubean, bestalde, hilero berrehun bazkide baino gehiago egiten ari dira. «Komunitate bat osatzeko bidea dago hor. Kaleko ekitaldiak ere garrantzitsuak dira». Zendoia sinistuta dago joera batzuk alda daitezkeela. «Lanean ari gara gaztetxoengana haien intereseko eta gertuko edukiekin heltzeko». Adibide ontzat jarri du Go!azen eta Irabazi arte telesailen arrakasta. «Ingurune erdaldun batzuetara iritsi dira telesail horiek. Baina bi telesail horiez gain, beste eduki batzuk ere behar dira, noski. Saiakerak egin behar ditugu, benetako apustuak. Badugu ardura, eta horri eutsi behar diogu».

Euskal Herriko neska-mutiko askok, ordea, edukiak euskaraz kontsumitzeari uzten diote adin batetik aurrera. Sanchezen arabera, gazteek ez diote garrantzirik ematen hizkuntzari: «Eroso mugitzen dira gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara. Ikusikerreko ikerlariok pentsatzen dugu ez dutela atxikimendu identitariorik hizkuntzari dagokionez. Ez, behintzat, esparru digitalean». Eztabaida taldeak egin dituzte ikasleekin, eta galdetu izan diete nola erlazionatzen diren sare sozialetan. «Gehienek esan digute gaztelaniaz egiten dituztela harremanak. Aurrez aurre euskaraz egin arren, gero sare sozialetan gaztelaniaz aritzen dira, 'kontu praktiko' batengatik. Esaten dute errazagoa dela gaztelaniaz aritzea, bizkorragoa dela eta ingurune digital horretan modu naturalean gaztelania ateratzen dela». Horrenbestez, sare sozialetan gazte gehienek ez dituzte euskarazko edukiak ez kontsumitzen, ez partekatzen, ez sortzen. «Euskara ez da haien identitate digitalaren parte aktiboa. Hori kontuan hartu beharko genuke, ingurune digitaletan ere euskararen erabilera sustatzeko estrategietan pentsatzeko orduan».
Zineman euskara oso gutxi
«Kezkagarria baino gehiago, lotsagarria eta salagarria da». Modu horretan definitu du Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak euskarak zinema aretoetan duen egoera. «2024. urtean, emanaldi kopuruaren %1 baino gutxiago izan zen euskaraz. Naturaltzat hartu dugu euskaldunok zinema aretoetan jasaten dugun diskriminazioa, baina Europako Hizkuntza Eskubideen Gutunak, 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legeak eta Nafarroako Euskararen Foru Legeak diote erakundeek euskara sustatu behar dutela zinemaren arloan».
Mikel Iarza Euskadi Irratiko esatari eta zinema adituak salatu du euskara salbuespen dela oraindik ere pantaila handian. «2023an Irati filmak areto komertzialetan izan zuen arrakasta mugarri izan zen euskarazko ikus-entzunezkoentzat. Berretsi zuen euskaraz ere film handi, epiko eta ikusgarriak egin daitezkeela». Baina urte horretan aretoetan estreinatu zen fikziozko euskal film bakarra izan zen.

Aginagalderen iritziz, euskarazko ekoizpena handitzea ez ezik, beharrezkoa da nazioarteko edukiak euskaratzeko baliabideak jartzea. «Kuotak ezarriko dituzten legeak onartu behar dira», gaineratu du. Iarzaren ustez, mesedegarria litzateke blockbuster edo ekoizpen komertzial handiak aretoetan euskaraz estreinatzea —Minecraft izan da salbuespena aurten—. «Bi onura nagusi izango lituzke horrek: lan gehiago euskal bikoiztaileentzat, eta aukera zabalagoa aretoetan ikusleentzat. Baina uste dut sendotu beharreko bidea beste bat dela: euskaraz egindako ekoizpenena, alegia. Soilik horrela lortuko da azken urteotan lehen lerrora igaro diren euskal zuzendariek puntako lanak euskaraz egitea aurrerantzean ere».
Euskarazko telesailetan ere apustu sendoagoa egin beharko litzatekeela iruditzen zaio Iarzari: «Erakunde publikoek zerga pizgarrien bidez zinemari emandako babes berbera merezi lukete telesailek ere. Streamingaren aroan, puntako dozenaka fikzio kontsumitzen ditugu, eta langa hain goian dagoen honetan, euskal telesailzaleek Cristobal Balenciaga [soiik esaldi gutxi batzuk zituen euskaraz] baino zerbait gehiago merezi dute. Beste kontu bat da tamaina eta maila artistiko horretako proiektuak nola egin errentagarri».
«Euskarazko edukiak sortzeko eta nazioartekoak euskaratzeko baliabideak behar ditugu; pantailetan eta ikus-entzunezkoetan euskara babestuko duten legeak behar ditugu»
ALEX AGINAGALDEPantailak Euskaraz-eko bozeramailea
Streaming plataformei dagokienez, aurreneko Pantailaldia egin zenean eduki gutxi batzuk zeuden euskaraz zerbitzu horietan. Pantailak Euskaraz-en datuen arabera, egun Netflixen 262 lan ikus daitezke euskarazko audioarekin edo euskarazko azpidatziekin, eta Amazon Prime Videon, berriz, 267. Filmin plataforman 312 dira. Max plataforman, 51. «Arazoa da jendeak ez duela eduki horien berri, ohitura faltagatik baino gehiago, sustapen politiketan ere hankamotz ibiltzeagatik», dio Aginagaldek. «Euskal Herriko telebista konektatu, tablet eta sakelako guztietan instalatu beharko litzateke Zernonikusi aplikazioa; izan ere, aplikazio horrek eskura jartzen ditu plataforma guztietako euskarazko edukiak». Ikusikerreko datuen arabera, Hego Euskal Herriko unibertsitate ikasleen %46k ez dute azpidatzirik erabiltzen; 24k gaztelaniazko azpidatziak erabiltzen dituzte; %20k, ingelesezkoak; eta soilik %0,3k, euskarazkoak.
Sanchezek ere euskarazko edukien ikusgaitasun apala ekarri du hizpidera: «Plataforma handiek kontsumo portaera jakin batzuk ezartzen dituzte. Gehiegizko eskaintza dute, eta hor, euskarazko edukiek ez dute lehiatzerik. Eztabaida taldeetan, ikusi dugu gazteek ez dituztela euskarazko edukiak ezagutzen». Telebista konbentzionalari erreparatuta, gazteek aldiro-aldiro Mihiluze eta Ur handitan saioak aipatzen dituzte. «Bi horiek fideltasun moduko bat lortu dute gazteen artean. Lortu dute gazteekin konektatzea, baina plataforma digitaletan ez da lortu halakorik».

Zendoia baikor mintzatu da Primeran, Makusi eta Guau plataformei dagokienez: «Gustatuko litzaidake euskarazko plataforma digitaletan benetako eskaintza egotea, jendearen erreferentzia izatea, eta nahiko nuke erreferente garela esateko moduan egotea bi urte barru».
Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak salatu du streaming plataforma batzuek ez dutela legea betetzen, ez baitute ezer eskaintzen euskaraz. «RTVEri dagokionez, legeak dio Clan kateak euskarazko, galegozko eta katalanezko edukiak eskaini behar dituela. RTVEko presidenteak adierazi du datorren urtean Clan euskarazko edukiak ematen hasiko dela. Ea legea betetzen hasten diren, baina uste dut Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiek presio handiagoa egin beharko luketela RTVEren eta plataformen alorrean».
2022ko azaroko Pantailaldia egin zenetik, eman dira pauso batzuk, baina itzalak ere badira. Aginagaldek argi du lan asko dagoela egiteko: «Euskarazko edukiak sortzeko eta nazioartekoak euskaratzeko baliabideak behar ditugu; pantailetan eta ikus-entzunezkoetan euskara babestuko duten legeak behar ditugu, eta baita neurriak eta politikak ere, euskarazko edukiak zabaltzeko, sustatzeko eta horiei prestigioa emateko».
Pantailaldiarekin bat egin dute euskararen alorreko hainbat eragilek eta komunikabidek. Baita BERRIAk ere.
PANTAILAK EUSKARAZ-ek pantailaldirako zabaldutako baliabideak:
'Zernonikusi.eus': Webguneak plataformetan, Youtuben eta zinema aretoetan euskaraz dauden edukien zerrenda eguneratua eskaintzen du. Zernonikusi aplikazioa ere deskargatu daiteke sakelakoetan, tabletetan eta telebista konektatuetan.
Euskal Encodings: Euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako edukien datu base «alegala», edukiak deskargatuta edo Mega bidez ikusteko aukera eskaintzen duena.
Euskarazko streaming plataformak: Primeran, Makusi, Hamaikaren Nahieran zerbitzua eta Kanaldude.
Multimedia baliabideak: Argia aldizkariaren multimedia kanala, BERRIAren bideoak eta podcastak, eta Ikusgela-ko bideo laburrak.
Bideojokoak: Game Erauntsia.
Euskarazko podcastak: Podcastak.eus, euskarazko podcastak biltzen dituen web orria eta EITBren Guau Gure Audioa plataforma —aplikazioa ere badu—.
PANTAILAK EUSKARAZ-EK PANTAILALDIRAKO PROPOSATU DUEN EGUTEGIA:
Gaur: Irlandako Kneecap filma, euskarazko azpidatziekin, Bilboko Kafe Antzokian (20:00).
Bihar: Sakelakoa eta ordenagailua euskaraz konfiguratu.
Maiatzak 8: Zernonikusi aplikazioa deskargatu, eta euskarazko eduki bat ikusi.
Maiatzak 9: Argia Multimedia kanaleko dokumental bat ikusi.
Maiatzak 10: Zinema areto batera joan, eta, euskarazko filmik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jarri.
Maiatzak 11:Berria.eus-eko edo Ikasgelako bideo bat ikusi.
Maiatzak 12:twitch.tv/gameerauntsia kanalean, bideojokoei buruzko saioa ikusi (17:30).
Maiatzak 13: Euskal Encodings web orrian eskaintzen duten euskarazko film batez gozatu.
Maiatzak 14:Urak eginen du bide dokumentala ikusi: Kanalduden, 20:00etan, edo Hamaikan, 22:00etan.
Maiatzak 15: Euskaraldian ere, pantailetan euskaraz bizi!