Euskarazko sei film luze estreinatu zituzten 2025. urtean Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan: Faisaien irla; Jone, batzuetan; Maspalomas; Karmele; Gaua; eta Aro berria. Azken hori izan zen aretoetara iritsi zen azkena, abenduaren 12an. Etzitik aurrera, berriz, EITBren Primeran doako plataforman ikusi ahalko da.
Irati Gorostidi Agirretxe zinemagileak (Egues, Nafarroa, 1988) hainbat film labur zuzendu ditu. Haren lehen film luzea da Aro berria, eta iazko Donostiako Zinemaldian Zuzendari Berriak saileko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.
1978an, Espainiako Trantsizio betean, Gipuzkoan metalgintzako lehen hitzarmena sinatzekoak ziren, baina, deus handirik lortzen ez zutela ikusita, beste bizimodu baten aldeko apustua egin zuten gazte militante libertario batzuek. Arco Iris izeneko komunitatea sortu zuten, Lizason (Ultzama eskualdea, Nafarroa). Goristidiren gurasoak komunitate horren partaide izan ziren, eta haiek bizi izandakoa pantailara eramatea erabaki zuen zinemagileak. «Gizarteko harremanak birpentsatzeko proposamen bat da Aro berria», esan zion filmaren zuzendariak BERRIAri, Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenean. «Ikerketa prozesuan bertan galdu nuen ama, eta horrek asko mugitu du nire alderdi pertsonala. Uste dut nahi gabe ere horregatik jarri dudala hain erdigunean amatasuna; modu inkontzientean, baina bilatuta, nolabait».
Filmeko aktore taldean dira Maite Mugerza, Jon Ander Urresti, Aimar Uribe, Edurne Azkarate eta Oscar Pascual, besteak beste. Argazki zuzendaria Ion de Sosa da.Â
Donostiako Tabakalera kultur zentroan Arcoiris 82 erakusketa ere jarri zuen Gorostidik, iaz, film luzeko material argitaragabea zuela abiapuntu.