«Ez izan konfiantzarik aberats handikien promesa hutsaletan, diruzalekeriak eta ideologia suntsitzaileak bultzatuta jarduten baitute». Hala esan du Mark Ruffalo aktoreak AEBetako Senatuan, Paramount Skydance konpainiak Warner Bros Discovery erosteko prozesua gogor kritikatzearekin batera. Ruffalok AEBetako zinema eta telebista arloko beste hiru mila profesionalekin egin du bat: gutun ireki bat argitaratu dute asteon, eta bi konpainien bat egitearen aurka azaldu dira, irmo. Salatu dutenez, Paramountek Warner Bros erosteak kalteak eragingo dizkio entretenimenduaren industriari: «Sortzaileentzat aukera gutxiago izango dira, ekoizpen ekosisteman lan gutxiago egongo da, eta publikoarentzat aukera gutxiago». Ruffalok egoeraren larritasunaz ohartarazi du: «Ez dago Citzen Kane ikusi edo 1984 irakurri beharrik ulertzeko bi konpainia horien bat egiteak ordezkatzen duen kontrol oligarkikoa mehatxu handia dela prentsa librearentzat, herritar informatuentzat eta demokraziarentzat berarentzat».
Warner Bros Discovery konpainia erostekotan da Paramount. Eta prozesu horretarako egun erabakigarriak izango dira laster. Datorren ostegunean, Warner Bros Discoveryko akziodunen batzarrean salmentaren bozketa egingo dute —94.920 milioi euro eskaini ditu Paramountek—. Warner Bros Discoveryren administrazio kontseiluak akziodunei gomendatu die bat egitearen alde bozkatzeko. Nahiz eta zinema eta telebista arloko hiru mila profesionalen gutunak oihartzun handia izan duen, akziodunek salmentaren alde bozkatzea espero da. Hori hala balitz, urte honetako hirugarren hiruhilekoan gauzatuko litzateke bat-egitea.
Gogoratu beharrekoa da abenduaren 5ean Netflixek iragarri zuela berak erosiko zuela Warner Bros Discovery. Handik hiru egunera, ordea, Paramountek eskaintza oldarkorra egin zuen. Warner Bros ezezkoan zen, Netflixen akordioarekin jarraituko zuela esan zuen, baina azkenean Paramounten eskaintza gailendu zen. Otsailaren 26an, Netflixek azaldu zuen erosketa jada ez zela erakargarria finantza ikuspuntutik, eta erosketarako hautagai izateari utzi zion; beraz, Paramount zen hautagai bakarra.
Trumpen gertukoak
Boteredunen eragina agerikoa da Warner Bros Discoveryren salmentan. Netflixek erosketari uko egin zion egun berean, plataforma horretako zuzendari Ted Sarandos Etxe Zuritik atera zen —hedabideen arabera, «haserre itxura zuela»—.
Paramount Skydance konpainiaren zuzendaria David Ellison da, eta haren aita Larry Ellison enpresari aberatsa Donald Trumpen laguna da. Oracle enpresaren sortzailea izan zen Larry Ellison, eta, Forbes aldizkariaren arabera, munduko pertsonarik aberatsenetan bosgarrena da. Konpainien beste bat-egite batzuetan, Trumpen administrazioak Ellison aita-semeen konpainien bat-egitearen alde egin du. Ruffalok Senatuan gogoratu duenez, Paramount eta Skydance konpainiek bat egin ostean, bi mila langile kaleratu zituzten.
Datorren asterako, David Ellisonek afari berezi bat antolatu du Washingtonen, AEBetako Bakearen Institutuan, «Donald Trump ohoratzeko». Etxe Zurian berriemaile lanak egiten dituzten CBS kateko kazetariak gonbidatu dituzte hara. Hedabide batzuen arabera, Warner Bros Discoveryko akziodunek bozketa egingo duten gau berean izango da afari hori.
Paramounten erosketak, beste alde batetik, beste joko eremu bat izango du datozen egunetan: Erresuma Batuko CMA Konpetentzia eta Merkatu Erakundeak antimonopolio ikerketa bat abiaraziko du. Ondorioak laster jakinaraziko dituztela espero da. Erosketa prozesuak ertz gehiago ere izango ditu datozen asteetan eta hilabeteetan.
Warner Bros Discovery konpainiaren parte dira Warner Bros Hollywoodeko zinema estudioak, HBO Max ordainpeko streaming plataforma, kable bidezko CNN, TBS eta TNT telebista kateak, eta Discoveryren kanalak eta plataforma.