'Widow's Bay' telesaila gailendu da Emmy sarietan

Kattie Dippoldek sortutako fikzioak komedia eta beldurrezko generoa nahasten ditu, eta hamalau Emmy sari bereganatu ditu bart. Apple TV plataforman ikus daiteke.

'Widow's Bay' telesaila izan da Emmy sarietako garaile nagusia. JILL CONNELY / EFE
'Widow's Bay' telesaila izan da Emmy sarietako garaile nagusia. JILL CONNELY / EFE
urtzi urkizu
2026ko irailaren 15a
08:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahoz aho bikain funtzionatu du eta aurtengo fenomeno jo dute zale askok. 2026. urteko ezusteetako bat izaten ari zen Apple TV plataformako Widows's Bay telesaila. Emmy sarietan, berriz, garaile nagusia izan da: aurretik zortzi sari irabaziak zituen, eta atzo gauean Los Angelesen (AEB) ospatutako ekitaldian beste sei Emmy eman dizkiete. Hamalau sari, orotara.

Katie Dippold gidoilari estatubatuarrak sortutako fikzioa da Widow's Bay. Ingalaterra Berritik (AEBak) 65 kilometrora, uharte txiki bat bada. Erabat isolatuta dago, ez dago wifirik, estaldura eskasa da, eta azpiegiturek iraganaren arrastoa daramate. Horrez gain, bertako bizilagun askok irmo sinesten dute uhartea madarikatuta dagoela. Giro horretan, Tom Loftis herriko alkatea etsipenaren eta itxaropenaren artean dabil, bere komunitatea berpizteko ahaleginean. Haren ustez, herritarrek duintasuna eta errespetua merezi dituzte, eta turistak erakarri nahiko ditu. Herritarrek, ordea, ez dute halakorik nahi. Hori da Apple TV plataformako telesailaren argumentua. Komedia generoan kokatu duten arren, beldurrezko generoaren osagaiak baditu. Hamar atal eman dituzte bere lehen denboraldian.

Lehen aldiz hautagai izanik, Widow's Bay-k komedia onenaren Emmy saria lortu du; komediazko aktore onenaren saria Matthew Rhysi eman diote —The Beast in Me telesail laburrean egindako lanagatik ere saritu dute—; taldeko aktore onenaren sari bana jaso dute Stephen Root eta Kate O' Flynn antzezleek; gidoi onenaren saria telesaileko sortzaile Katie Dippoldi eman diote; eta zuzendaritza onenaren saria Hiro Murairentzat izan da. Telesailak irabazi dituen beste zortzi sariak arlo teknikokoak dira.

Katie Dippold Emmy saria jasotzen, 'Widow's Bay' telesailari esker
Katie Dippold 'Widow's Bay' telesailaren gidoilari nagusia Emmy saria jasotzen, bart, Los Angelesen, taldekideekin batera. CHRIS TORRES / EFE

Noah Wyle eta Jean Smart

Jean Smart aktorearen inguruan ez da zalantza handirik azken boladan. Bera da hautagai nagusi Emmy saria irabazteko komediako aktore onenaren kategorian. Eta marka berri bat ezarri du: lehen emakumezko aktorea bihurtu da, telesail baten bost denboraldietan errenkadan saria irabazten duena. Hacks telesailan (HBO Max) egindako lanari esker saritu dute, behin ez baizik eta bostetan.

Sally Field aktorearentzat ere gaua berezia izan da. 79 urte ditu, eta bere ibilbidean sari ugari irabazi ditu; tartean bi Oscar sari. Bart, berriz, telesail labur edo telebistarako pelikula batean egindako aktore lanagatik Emmy saria jasotzen duen antzezle zaharrena bilakatu da.

Aurten Emmy sarietan The Pitt telesailaren bigarren denboraldia izan da hautagai gehien izan dituena: 25. Baina horietatik sei baino ez ditu bereganatu. Widow's Bay-k hemeretzi hautagaitza zituen. The Pitt-ek lortu dituen sarien artean, edonola ere, nabarmendu beharrekoa da Noah Wyle aktoreak bigarren aldiz jarraian irabazi duela drama genetoko aktore onenaren kategorian.

Gaueko galtzaileetzat jo daitezke, bestalde, Stranger things, Euphoria eta The Bear. Azken horrek bosgarren denboraldiak bazituen zortzi hautagaitza, baina bakar bat lortu du: Rob Reiner zenari eman diotena aktore gonbidatu gisa; iazko abenduan, hilda aurkitu zuten Reiner.

Hainbat une berezi

Euskal Herrian filmatutako telesail batek ere irabazi ditu hainbat Emmy sari. Vince Gilliganen Pluribus telesaila Getariako (Gipuzkoa) Askizu auzoan eta Loiuko aireportuan (Bizkaia) filmatu zuten. Sei Emmy sari lortu ditu; tartean, Rhea Seehorn aktore protagonistari eman diote sarietako bat.

Michael J. Fox Bob Hope Humanitarian Award saria jasotzen.
Michael J. Fox Bob Hope Humanitarian Award saria jasotzen, Juliana Margulies aktorearen eskutik. CHRIS TORRES / EFE

Emmy sariak banatzeko ekitaldian, une hunkigarri bat baino gehiago izan da; kasurako, Michael J. Fox aktore beteranoak —hiru hamarkada luze daramatza Parkinson gaitzarekin— Bob Hope Humanitarian Award saria jaso zuen.

Stephen Colbert umorista eta aurkezleari Barietateen saio onenaren Emmy berezia eman diote, 11 urtez The Late Show with Stephen Colbert saioan egindako lanagatik. CBS kateak saio hori kendu du aurten, eta han eta hemen zabaldua da Donald Trump AEBetako Gobernuko presidenteak eragina izan zuela eragin hortan. Hain zuzen ere, Colbert umorista eta saioko aurkezleak aho bilorik gabe kritikatzen zituen Trumpek jokabide eta erabakiak. «Nire herria maite dut desesperatuki», eta ez dut galdu nahi, esan du Colbertek saria jasotzerako unean.

Stephen Colbert Emmy saria jasotzen
Stephen Colbert, atzo, Emmy saria jasotzen. EFE

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA