Euskal Herrian estreinatu ondotik, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera oinarri duen Sisiforen paperak antzezlana Madrilen emango dute lehen aldiz, gaur, Maria Guerrero antzokian, 19:00etan. Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako lana maiatzaren 2ra arte taularatuko dute Espainiako hiriburuan, gaztelerazko bertsioan. Tartean, euskaraz ere emango dute bi egunetan, hilaren 29an eta 30ean, gaztelerazko azpidatziekin. Antolatzaileek Madrilgo kazetariak eta epaileak gonbidatu dituzte estreinaldira.
Hauek izango dira aktoreak: Anjel Alkain (Torregarai), Joseba Apaolaza (Joseba, euskarazko funtzioan), Iñigo Azpitarte (Txano, euskarazko funtzioan), Mireia Gabilondo (Natalia Ruiz Arcas epailea), Olaia Gil (Monica), Asier Hernandez (Portu), Asier Hormaza (Langueiro), Xabi LopezJabato (Txano, gaztelerazko funtzioan), Mikel Losada (Joseba, gaztelerazko funtzioan) Markos Marin (Karmelo Beramendi), Iñaki Rikarte (Torque), Alexandru Stanciu (Ruben) eta Dorleta Urretabizkaia (Maialen).
Bilboko Arriagak, Donostiako Viktoria Eugeniak, Gasteizko Principal antzokiak eta Espainiako Centro de Arte Dramatico Nacionalek ekoitzi dute obra, eta azken horrek antzerkia sustatzeko duen antzokia da Maria Guerrero. BERRIA antzezlanaren azken entseguetako batean izan zen estreinatu aurretik:
[Youtube]https://youtu.be/O4ZIrji4AIE[/YouTube]
Azaroan estreinatu zuten antzezlana, Gasteizen, eta ikusleek bost minutuko txalo zaparrada batekin agurtu zuten amaitzean. Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko kazetariek ere ikusi ahal izan zuten, martxoaren 28an, Tolosan (Gipuzkoa), eta "hunkituta" eta "barruak mugituta" atera ziren.
Harkaitz Canoren lana goraipatu zutenetako bat Lorea Agirre izan zen, Egunkaria-ko langile izandakoa eta Jakin aldizkariko zuzendaria: «Nolabait notiziaren parte izan ginenontzat oso berezia da antzezlan hau ikustea. Antzezlan brillantea iruditu zait, lan handi bat». Jose Luis Aizpuru Egunkaria-ko langile ohi eta Euskal Irratietako kazetariaren iritziz ere, antzezlanak ondo islatzen du Euskaldun Egunkaria zer zen: «Obra erreala da; bizi izan genuena dago hor».
[YouTube]https://youtu.be/hLKHOkNRewM[/YouTube]