Kingdom of Rock festibalaren bigarren aldiaren kartelari buruzko informazioa argitaratu dute aurrenekoz jaialdiaren sustatzaileek, eta hura plazaratu bezain laster piztu da sumina. Jaialdian oholtzaratuko diren taldeetako bat Sabaton talde suediarra dela jakinarazi dute, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ziztuan erantzun du: banda hori sionista dela salatu dute, eta «onartezintzat» jo dute hark jaialdian parte hartzea. 2027ko apirilaren 17an egin asmo dute Kingdom of Rock, Iruñeko Nafarroa Arenan.
Jaialdiaren antolatzaileek atzera egin dezatela eskatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, eta, hari bakarrik ez, Nafarroako Gobernuari ere galdegin diote ardura hartzeko, harena baita Nafarroa Arena. «Ezin dugu onartu Israelen eta haren proiektu espantsionistaren eta arrazistaren parte hartzea normaltzat jotzea», argudiatu dute komunikatu batean. Gainera, ohartarazi dute festibalaren hiru sustatzaile handienetako bat enpresa nafar bat dela: In&Out Produccions.
Plataformako kideek gogora ekarri dutenez, Sabaton musika taldeak behin baino gehiagotan erakutsi du publikoki Israelgo Gobernuarekiko hurbiltasuna. Nabarmendu dute taldea hainbatetan aritu dela Israelen kontzertuak ematen, eta, preseski, bisita horietako batean eginiko ekintza bat oroitu dute: 1967ko Jerusalemgo guduari buruzko film bat ikusi zuten, eta Ammunition Hill bisitatu, baita IDF Israelgo Defentsa Indarren base batera joan ere.
Gainera, Sabaton taldeak musika bera ere baliatu du, propio, Israelgo Gobernuari babesa azaltzeko. 2005ean kaleratutako Counterstrike kantuan, esplizituki goraipatu zuten Israel, 1967ko Sei Eguneko Gerra gogora ekarrita.