Erle kofoin bero bat bezalakoa da Euskal Herria Zuzenean festibaleko ortzirale arratsaldeko irudia. Bakoitzak badaki nora joan eta zer egin. Azken detaileak lotzen ari dira laguntzaileak: autoak pentzetik mugitu festibalera jitekoak direnei lekua egiteko, zikinontziak eremu guzian banatu, eta azken afixak inprimatu, bertzeak bertze. Siwanabaren musika doinuekin hasi da festibalaren lehen eguna.
Ikusi gehiago
Eguzkiak jotzen du Arberatze-Zilhekoan (Baxenabarre), eta laguntzaileen bizkar gainetan traza gorri-gorriak ageri dira nonahi. Berote asteak arrastoak utzi ditu ezker eta eskuin, eta azken mementoko prestaketetan ere eragin du. Aluminiozko karpak ezin beroago daude, eta plastikozko materiala urtzekotan dago.
Bakoitzak bere manera du gorputza freskatzeko. Laguntzaile batzuek haizemaileekin pasatu dute arratsaldeko azken lanak egiten, eta bertze batzuek ura burutik beheiti bota dute. Ihintza Etxart talde eragileko kidea talo bat jaten ari zela harrapatu du BERRIAk, eta, haren arabera, festibalaren muntaketa «biziki ontsa» joan da: «Gazte anitz etorri dira muntaketara, eta hori poztekoa da». Beroarekin trabatuak izan dira, baina kontatu du aste guzirako jende ugarik eman zuela izena muntaketarako, eta lana «fite» aitzinatu dela. «Goizean egiten genuen lan gehiena. Arratsaldean, 17:00etarik aitzina, ez zen lan anitz, eta, beraz, errekara joaten ginen freskatzera».Â

Dena delako tenperatura beroak izanik ere, ez dirudi festibala ezerk gelditu dezakeenik. Eta, justuki, belaunaldiz belaunaldi transmititua behar da biziraun dezan, eta aurtengo antolatzaileez, talde eragileaz eta laguntzaile kopuruaz kontent agertu da Etxart, horrek segurtatzen baitu geroa, funtsean. «Biziki garrantzitsua zaigu laguntzaile gazteak ere jitea, gazteak ez baditugu erakartzen etorkizuna ez baitugu bermatzen».
«Biziki garrantzitsua zaigu laguntzaile gazteak ere jitea, gazteak ez baditugu erakartzen etorkizuna ez baitugu bermatzen»
IHINTZA ETXARTÂ Talde eragileko kidea
Hirugarren urtea du festibalak Arberatzen. Ontsa ezagutzen dute lekua talde eragileko kideek. Azpiegitura finkoa dute, eta errazki antolatu dute dena, Etxarteren erranetan. Hainbeste, non detaileak apaintzeko baliatu duten aldi hau. «Grafitigile bat jin da komunen apaintzera aurten. Horrelako xehetasunei eman diegu lehentasuna. Festibala egonkortua den seinalea da, ez baitugu azpiegitura erronkarik ukan aurten». Gehitu duenez, EHZk, toki batean egonkortzen delarik, bertako eragileekiko harremanak sendotzen eta egonkortzen ditu, eta misio hori ere kausitu dute. «Hastapenean beldur ziren herritarrak, baina orain harrituak dira gure antolaketaz, eta eskertzen gaituzte. Ikusten dute bazterrak ontsa uzten ditugula eta festibala goxoki pasatzen dela».
Lekukoa da «funtsezkoa»
30 urtez lekuko mozkinak baliatu izan ditu festibalak. Laguntzaileen xokoko sukaldean talde gotor bat muntatu da aurten ere artistei, hizlariei eta festibaleko antolatzaile guziei jatera emateko. Loretxu Bergouignan eta Kaiet Lapeyrade sukaldari laguntzaileen erranetan, hiru otordu prestatzeko, goizeko zortzietarik gaueko oren bata eta erdietaraino lan egiten dute. Bertzelako festibal bat bizitzen dutela kontatu dute. «Ez dugu kontzertu anitzik ikusten, baina aperitifa franko egiten ditugu, giro izugarri onean».
Lapeyraderi ere «biziki goxo» zaio sukaldari izatea. Festibaleko ardura postuak utzirik eta adinean aitzina egitean, EHZ laguntzeko parada ona dela gehitu du. «Zahartzen zarelarik, beste ardura mota batzuk hartzen dituzu, eta zaintza lanetan ari zara antolatzaileei ontsa jatera emanez».

Argi dute bertako mozkinak prestatzea «funtsezkoa» zaiela, «festibalaren balioekin bat» egiten duelako eta tokiko ekoizleak laguntzeko manera delako. «Janari biziki goxoa egiten dugu, gainera. Ez da dena prest jiten; denbora anitz ematen dugu mozkinak lantzen, baina zinez balio du».
Sorpresak urteurrenean
Hogeita hamargarren urteurrenaren karietara, egitarauan iragarrita ez dauden zenbait gonbidatu ere espero dira egunotan. Fermin Muguruza jinen dela segurtatu du, erraterako, Etxartek, baina ez daki oraino zer maneratan. Kontzertu osorik bederen ez du emanen. Iragarrita talde ugari daude bestela ere, eta bihar oholtzan arituko dira, bertzeak bertze, Bele, Jonkass, DAM, Merina Gris, Anestesia eta Bonnie Spacey.
Bertzalde, bihar irekiko dute eztabaida txokoa ere: 10:00etan Ikusten ez dena ere ikasten du AA hitzaldia eginen dute; 11:00etan, Auzolanaren lurretan. 30 urtez zuzenean liburua presentatuko dute; eta, 11:30ean, haur eta gazte transgeneroen egoera izanen dute mintzagai.