Zertan joan dira hirurehun mila? Honela hasiko naiz.
Duela bi hilabete Euskal kultura «salgai»? izeneko mahai inguru batean parte hartu nuen Mondragon Unibertsitatean Iñigo Etxezarreta (ETS), Aitor Servier (EHZ) eta Jon Basagurenekin (Izaki Gardenak) batera. Moderatzaile gisa Sara Iriarte ibili zen eta honako galdera hau bota zigun: «Nor iristen da estadio bat edo estadioak betetzera? Badago artisten ibilbidearen edo izaeraren ezaugarri komunik?»
Jon Basagurenek hartu zuen hitza lehenik, eta azkar eman zuen erantzuna: «Igual errazagoa da esatea nork ez duen betetzen». Eta pilota bota zion Etxezarretari, hark hobe jakingo zuelakoan. Hiru ideia nagusirekin amaitu zuen bere hitzartzea: bat, musika ez dela lehentasun bakarra; bi, irudia oso garrantzitsua dela; eta, hiru, marka bat garatzea premiazkoa dela. Noski, premiazkoa da aipatutakoak kontuan hartzea, baina Madril eta Bartzelonako estadioak (Herrialde Katalanak) «konkistatzeko» ez dira hiru horiek bakarrik behar.
Eusko Jaurlaritzak apirilaren 21ean (Madrilgo kontzertua baino lau egun lehenago) jakinarazi zuen 300.000 euro emango zizkiola En Tol Sarmiento (ETS) musika taldeari bi kontzertuak diruz laguntzeko. Emandako argudiaketan ez naiz sartuko, zeren serioski ezin dut ulertu nola hedatu daitekeen euskara nazioartean kontzertuko publikoa Euskal Herriko jendea baldin bada. Hau ez dut nik esan, EITB-k emandako albistegian atera zena besterik ez da.
Ez gaizki ulertu, ez nago diru laguntzak jasotzearen kontra. Lehentasun politikoak ezbaian jartzearen alde baizik. Nola da posible Bilboko Bira espazioari bizkarra ematea eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro ematea bi kontzertu soili? Benetan diru publikoak «lagundu» behar al ditu Petronor, Last Tour eta Laboral Kutxa bezalako erraldoiek babestutako ekimenak? Galdera ez da bakarrik nori ematen zaion dirua, baita zertarako ere: nola hauspotu dezake administrazioak, guztion diruarekin, hogeita hamar bat musikariri soldata duinik bermatzen ez dien eredu prekario bat? Diru publikoa ezin da konplize izan; kulturak eskuragarri eta langileen eskubideak babesteko egon beharko luke.
Jakin nahiko nuke zertan joan zaizkizuen hirurehun mila. Zertan? Zertan? Zertan?