Deitu «BEC». Deitu «pabiloien aroa». Baina auzia zein den bistan da: jada ez da nobedadea zenbait euskal taldek milaka lagun biltzea makrokontzertuetan. Izan San Mamesen, izan Madrilgo Movistar Arenan, izan Bartzelonako Palau Sant Jordin. Zer aldatzen da, ordea, elkartzen diren milaka lagun horiek Baxenabarreko pentze batean biltzen badira? Edo zer, sold out gaztetxe batean egiten bada?. «Zer ari da gertatzen?», galdetu die zuzen Sara Iriarte kazetariak Amets Aznarezi, Jon Basagureni, Iñigo Etxezarretari eta Aitor Servierri, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldietan. «Pabiloiak betetzen tematu gara?».
Servier izan da hitza hartzen lehena, EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaile gisa. «Gure mugimendua, teorizatzeari baino gehiago, praktikari emana dago», esan du lehenik, eta EHZ «jaialdi eredugarritzat» har daitekeela onartu arren, «kontraesanetan» jarri du arreta: «EHZ da ziurrenik Euskal Herrian antolatzen den jaialdi autogestionatu handienetako bat, baina EHZ zenbaitentzat ere makroa izango da agian, nahiz eta pabiloi bat ez bete, nahiz eta gure eremua izan Baxenabarreko pentze bat». EHZren oinarria hurbileko eragile txikiek osatzen dutela gogoratu du, eta, hain justu, hor dago maiz aipatu ohi duten kezketako bat: zenbaterainoko onura ekartzen dion jaialdi eta makrokontzertuen ereduak oinarri horri berari. Haren hitzetan, «oraindik orain, euskal kulturari eusten dion zirkuitu autogestionatuari».
Servierrek uste du baietz, «hizkuntzaren eta herri izaeraren ikuspegitik» onurak ere badakartzala makrokontzertuen formulak. «Guk badaramatzagu urte batzuk Ipar Euskal Herriko sail elebidunean —Hegoaldean B eredua litzatekeen horretan— euskal kulturgintzaren inguruko tailerrak ematen, eta, azken urteetan, ikusi ditut ugaritzen frantsesez bizi diren ikasleen artean ETSren jertsea daramaten ikasleak, BECeko kontzertura joan zirenak... Orduan, bai, argi-ilun horien baitan, gure gune ez hain euskaldunetan ikusten dugu onura bat, edo, behintzat, zer pentsatua ematen digu».
«Azken urteetan, ikusi ditut ugaritzen frantsesez bizi diren ikasleen artean ETSren jertseak. Gure gune ez hain euskaldunean ikusten dugu onura bat»
AITOR SERVIER EHZ jaialdiko antolatzailea
Hain justu, ETS taldea izan da BECen 45.000 lagun biltzera iritsi den taldeetako bat. Hala ospatu zuten iaz taldearen 20. urteurrena, eta bide horri egin dio azpimarra taldeko gidari Iñigo Etxezarretak: «Tabernetan, herriko jaietan, areto txikietan egindako bide horri esker gaude hemen». Kontzertu handien zirkuituan sartzeak «artistikoki» hazteko aukera eman diela nabarmendu du, baina alde makurrak ere aipatu ditu; musikaz aparteko askotariko kontuez arduratu beharra, eta presio handia, besteak beste. «Salto handia dago musika ogibide bihurtzen duzunean».
Musika ez bada lehentasuna
Izaki Gardenak eta Pasadena taldeko kide da Basaguren, eta, haren iritziz, helburuak inorentzat ez luke izan behar «noizbait BEC beteko dut» pentsatzea. Musikariak bere burua non irudikatzen duen, horren arabera sortzen duela ere adierazi du. Urrun kokatu da makroekitaldien girotik, baina eredu diferenteak aldi berean martxan izatea «baliagarria» izan daitekeela uste du, baldin eta oinarria zaintzen bada: «Eta oinarrian dago bestea: areto txikiagoetan asteburuero gertatzen dena». Bestela esanda: «Ni asteburuero noa mendira; zortzimilakorik ez dut egingo nire bizitza guztian, baina ez dut behar. Gauza bera da hemen ere». Fokua, baina, zortzimilakoek bereganatzea kritikatu du. «Euskal talde batek BEC betetzea baino indar gehiagoz ospatuko nuke Agurainen egotea areto bat, ederra, hilabetean lau aldiz zerbait antolatzen duena».
«Jendeari heltzen zaizkion abestiak izatea, hori da garrantzitsuena. Horrez gain, markari eta sareei lotutako lanketa bat ere egin behar dela uste dut»
IÑIGO ETXEZARRETA Musikaria
Aznarez tronboi jotzailea da, Broken Brothers Brass Bandekin eta Joseba Tapiarekin jotzen du, eta Fermin Muguruzarekin ere aritu da azken urtean, besteak beste. Kontzertu erraldoietan eta leku murritzagoetan, beraz. «Biek egon behar dute», adierazi du, «baina ikusi behar da zer preziotan». Diru publikoarekin «handia handiagoa egiten duen eredua» sustatzea gaitzetsi du, «txikiari zangotraba egiten diona». Eta Nando Cruz kultur kazetariaren ideia bat egin du bere: «Kulturak izan beharko luke nahiko genukeen tren sistemaren oso antzekoa. Arituko gara urteetan sartzen milioiak abiadura handiko tren batean, eta norentzat izango da errentagarritasun hori? Nik nahiko nuke kulturarentzat ere Euskotren bat hamabost minutuero pasatuko dena, eta ez hainbeste Madriletik zortzi tren etortzea».
Homogeneizazioaren arriskuaz ere ohartarazi du Aznarezek, baita «turbokapitalismoak» proposamen kritikoenak bereganatzeko duen gaitasunaz ere —adibide modura aipatu du iaz Kneecap talde irlandarrak BBK Liven jo izana—.
«Ez baduzu sekulako enpresa bat zure ondoan prest dagoena, are, kontzertu batekin espekulatu eta aurretik milaka euro jartzeko, ezin duzu halakorik egin»
AMETS AZNAREZ Musikaria
Zer baldintza behar dira, ordea, BBK Liven jotzeko? BEC betetzeko? Etxezarretaren ustetan, ibilbide luzea izateak laguntzen du, baina beti ez da hori izaten gakoa. «Jendeari heltzen zaizkion abestiak izatea, hori da garrantzitsuena. Horrez gain, markari eta sareei lotutako lanketa bat ere egin behar dela uste dut; niri dagokidanez, musika ez da beti lehentasuna, zoritxarrez». Aznarezen iritziz, «narratiba bat eta marka bat» izateaz aparte, aldeko baldintza materialak dira ezinbestekoak: «Ez baduzu sekulako enpresa bat zure ondoan prest dagoena, are, kontzertu batekin espekulatu eta aurretik milaka euro jartzeko, eta ez badaukazu publiko bat sarrera 45 eurotik gora ordainduko duena, ezin duzu halakorik egin».
Eta horra egungo beste kezketako bat: bitartekariena. «Profesionalizazio faltsu bat» antzematen du hor Basagurenek. «Non geratzen da musikarien erabakimena?», galdetu du Servierrek. «Irudipena dugu musikari batzuek jo nahiko luketela jaialdian, edo jo nahiko luketela talderen baten aurretik edo ondoren, baina tartean daudela bitartekariak bestelako erabaki batzuk hartzen, agian, ez direnak izanen ez antolatzaileon ez musikarien onerako».
Orduan, «salgai» da?
Euskal kultura 'salgai'? izan da zehazki lau kideak batu dituen mahai inguruaren izena, eta, ondorioen txandan, Etxezarretak esan du «salgai baino gehiago, mugitzen eta aldatzen» sumatzen duela eszena. «Baldin eta euskarazko kultura zaintzeko eta omentzeko bada, bide horri ikusten dizkiot alde onak, baina aldi berean, kontuz, musika instrumentalizatzeko arriskua baitago».
«Iruditzen zait norabidea gero eta gehiago dela kanpokoa kopiatzea, eta faltan sumatzen dut eredu propio baten bila jotzea»JON BASAGUREN Musikaria
Basagurenen ustez, Euskal Herriaren tamainak eta haren bestelako ezaugarriek aukera ematen dute gauzak bestela egiteko, kanpokoa bere horretan «barneratu» ordez. Hor ikusten du aukera eta akatsa: «Iruditzen zait norabidea gero eta gehiago dela kanpokoa kopiatzea, eta faltan sumatzen dut eredu propio baten bila jotzea, gure herriarentzat eta gure herriko sortzaileentzat onuragarria izango dena. Ez dakit zein den, baina badakit ez ditudala nahi kanpoan ikusten ditudan gauza asko, eta barneratzen ari garenak batere galderarik egin gabe, pentsatuz, gainera, 'begira, gu ere bagara haiek bezalakoak'».
Aznarezi hori berori «salbaziotzat» aurkezteak ematen dio beldurra; eta Servierren iritziz, berriz, alde positiboa zera da, makroekitaldien joerak indarra hartu ahala indartu egin dela haren gaineko eztabaida kritikoa ere.