Garbi dago azkeneko bertsoa kantatu arte hemen ez dagoela ezer erabakita. Gerta daitekeen horren aurreikuspenak egin daitezke, eta aurreikuspen horien gainean espekulazio ariketak egiten aritu gara azken asteotan, baina horrek ez du esan nahi dena itxita eta erabakita dagoenik, ezta gu iragarle lanetan oso onak garenik ere…
Ikusi gehiago
Bertsotan egin beharra zeukan Aitor Mendiluzek Illunben; baita bertsotan egin ere andoaindarrak. Saio osoan zehar besteak baino koska bat edo bi gorago, tarteka haren burua kantatzen ari zen bertsoa baino azkarrago zihoala zirudien, lehenengo itzulian eragindako zalantzak uxatzeko presa balu bezala edo. Garai bateko bertsolariek nola, txaloak bukatzeko denbora eman gabe kantuan hasiz, lehenengo puntua bigarrenarekin lotuz… baina batez ere, bertsoak edukiz bete eta pisua emanaz une oro. Oraingoan erraza da iragarle izatera jolastea: bere zazpigarren finalean izango da.
Ozeanografoen ofizio bihurriarekin abiatu du Joanes Illarregik saioa. Nola edo hala eutsi eta aurrera. Zortziko nagusian Aner Peritzekin orbainen paperean egindako lanean hasi da leitzarra motorrak berotzen eta saioaren bigarren erdian erakutsi du bere mailarik onena. Zortziko txikian plaza lehertu du Aitor Mendiluzerekin, alkoholemia kontrolean positibo eman duen abadea hezurmamituz. Arratsaldeko bertsoaldi txalotuenaren olatuak indarberrituta, bakarkako eder batekin itxi du saioa, ganbarako irekiari helduleku sinesgarri bezain hunkigarri bat bilatuz, eutanasia eskatu duen amaren semearen larrutik. Nahiko lan, malkoei eusten. Puntu sorta ederra bilduta, baikortasun neurtu batekin besteek zer egingo itxaron beharko du orain. Hortxe dago langa.
Aner Peritzek maila bikaina eman du saio osoan zehar. Ederra izan da, bereziki, ganbarakoan esan gabe esatera jolas egin dueneko bere lana: eszena bat irudikatu du, begiradak, keinuak, isiltasuna… Bertsoak pixka bat gehiago borobiltzea falta izan zaio agian punturen bat gehiago lortzeko, baina beretik eman izanaren pozarekin eseriko zela zalantzarik ez. Finalaren atarian geratuko da, sekulako txapelketa osatu ostean, hori bai.
Helmuga gertu ikusi zuen Julio Sotok orain zazpi egun. Gertu ikusi genuen guk ere, baina Miarritzen lortu zuen errenta haizeak eraman du gaur. Pasa den astean ez bezala, bere burua aurkitu ezinda bezala sumatu dugu hasieratik, ofizioak nola edo hala salbatuz baina beretik eman ezinean. Ganbarakoan berpiztuko zen itxaropena genuen, baina ez du bere lanik borobilena osatu bere ariketa kuttunean. Miarritzen oholtzatik jaisterako Illunbeko oholtzako eskailerak igotzen ari zen kasik, eta horrek ere izango zuen eraginik. Ez dago finaletik kanpo, baina bere aukerak nabarmen urritu dira.
Agin Laburuk entzulegoarekin konektatu du haserako agurretik hasita eta lan eskerga egin du giroa piztu eta saioari plaza libreko ukitua emateko ahaleginean. Ez hori bakarrik, ordea: ofiziotan sendo eta bakarka gertuko eta sinesgarri, txapelketako saiorik borobilena osatu du azkenerako. Saioa Alkaizari dagokionez, gaurko plaza erraldoiak eskatzen zuen mailan aritu da kantuan, gairik zailenak egokitu zaizkion arren. Ganbarakoan ohi bezala istorio sinesgarri bat ondu du bere zigilu propioarekin, nahiz eta beste batzuetan baino pisuago aritu den ziurrenik puntuen toleste lanean. Honenbestez, Gasteiz eta Bilbon kantatuko dutenek badakite zer eta nola egin behar den Iruñean egotekotan. Egitea da kontua, ordea...