Zinema

Agnieszka Hollanden, Alice Winocourren eta Arnaud Desplechinen lanak Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira

Kentaro Hirase eta Yutaro Sekiren, eta Milagros Mumenthalerren film luze berriak ere Donostian izango direla iragarri dute. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten gainerakoak.

'Franz' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Franz' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko uztailaren 29a
12:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Tantaka-tantaka, osatzen ari da Donostiako Zinemaldian izango diren filmen zerrenda. Jaialdiaren antolatzaileek Sail Ofizialean lehiatuko diren bost lanen berri eman dute oraingoan. Nazioarteko zuzendari batzuek ondutako lanak dira, besteak beste Frantziatik, Argentinatik, Txekiar Errepublikatik eta Japoniatik datozenak.

Agnieszka Holland zuzendari poloniarra hirugarrenez izango da Donostian, Franz filmarekin. Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du lanak, eta biopic eran egina dago. Kafkak munduan utzitako lorratzari jarraitzeko asmoa izan du zuzendariak, XIX. mendean Pragan sortu (1883) eta Lehen Mundu Gerraren ondoren zendu zen arte (1924). Zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, pelikulak idazlearen inguruko bestelako begirada bat eskainiko dio ikusleari. Hollandek Zinemaldian eman zituen lehen pausoak zinemaren munduan. Izan ere, 1978an, Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen Zdjecia próbne (Detekzio proba) film kolektiboarekin. Nazioartean sona handiko zuzendaria da; Europa Europa (1990) gidoirik onenaren Oscar saria jasotzeko hautatuetako bat izan zen —Zabaltegi sailean ere izan zen—.

Arnaud Desplechinek ere ezaguna du festibala, baina aurten lehen aldiz izango da Sail Ofizialean: Deux pianos pelikula aurkeztuko du. Mathias Vogler pianista da protagonista; aspaldiko partez, bere sorleku Lyonera itzuli, eta maitasun istorio bat biziko du. François Civil, Nadia Tereszkiewicz eta Charlotte Rampling aktoreek ere parte hartu dute filmean. 2009an Desplechinen Rois et reine (Erregeak eta erregina, 2004) filma programatu zuten Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzera begirakoan. Trois souvenirs de ma jeunesse (Nire gaztaroko hiru oroitzapen, 2015) eta Spectateurs! (Ikusleak, 2024) filmak ere ekarri zituzten jaialdira.

Moda eta nortasun aldaketak

Couture film luzea aurkeztuko du Alice Winocour zinemagileak. Parisko moda astean girotuta dago lana, eta hiru emakume ditu protagonista. Hiruren bizitzak gurutzatuko dira, egunerokoan dituzten arazoei aurre egiten dieten bitartean. Besteak beste, Angelina Jolie eta Louis Garrel aktoreek hartu dute parte proiektuan. 2019an, Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Winocourrek Donostiako Zinemaldian, Proxima filmarekin.

Kentaro Hirasek eta Yutaro Sekik osatutako bikoteak bere bigarren lan luzea aurkeztuko du Sail Ofizialera: SAI / SAI: disaster. Lau pertsonaren egunerokoa ageri da filmean; bakoitzak bere bizitza du, eta ez dute elkar ezagutzen. Egun batean, ordea, gizon misteriotsu bat agertuko da haien bizitzan, beti beste norbaiten itxuran: bizargina dela, irakaslea dela, kamioi gidaria dela... Etengabe nortasuna aldatzen du gizon horrek. Haren heriotzaren ikerketak osatzen du filmaren trama.

Milagros Mumenthalerren hirugarren filma da Las corrientes. Lina estilista da pelikulako protagonista, eta, espero ez duen garai batean, bere iraganeko hainbat konturi ekin beharko die berriro. Zuzendariaren lanak izan dira aurretik ere festibalean: Abrir puertas y ventanas (2011) eta La idea de un lago (2016) proiektuak Horizontes Latinos saileko programazioan egon ziren.

Aipatutako bost filmak aurretik iragarritako beste batzuekin lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Haien artean dira, esaterako, Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas eta Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.