Ahotsek eratzen duten memoria

Xingyi Lin Chenek soinuak, objektuak eta ikus-entzunezko baliabideak uztartu ditu 'Jan duzu jada?' erakusketan, txinatar diasporaren irudi kolektiboa irudikatzeko. Bilboko Itsasmuseumen dago ikusgai, igandera arte.

Xingyi Lin Chen diseinatzaile grafikoa, 'Jan al duzu jada?' erakusketan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Xingyi Lin Chen diseinatzaile grafikoa, 'Jan al duzu jada?' erakusketan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilbo
2026ko uztailaren 8a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jan duzu jada?». Txinan ez da beti janaren inguruko galdera bat. «Zer moduz zaude?» esateko modu bat da, maitasuna adierazteko keinu bat. Euskal Herriko txinatar diasporan belaunaldiz belaunaldi transmititu den agur bat da. Galdera horretatik abiatu da Xingyi Lin Chen diseinatzaile grafikoa (Durango, Bizkaia, 2003) Bilboko Itsasmuseumen aurkeztu duen azken proiektua aurrera eramateko: Jan duzu jada?. Testigantza eta ikus-entzunezko tresnen bidez Euskal Herriko txinatar diasporaren ahotsak bildu ditu, askotan isilean geratu diren bizipenak azaleratzeko. Igandera arte bisitatu ahalko da.

«Askotan, txinatar komunitatea entzutean, irudi imajinario bat datorkigu burura; adibidez, Chinatown», azaldu du diseinatzaileak. Haren arabera, Euskal Herrian ez dago horrelako auzorik; hirietan badaude komunitate handiagoak, baina herri txikietan desberdina da: «Familiak hermetikoagoak izaten dira». Horregatik, Lin Chenentzat garrantzitsua zen horien testigantzak biltzea; alde batetik, ahotsa emateko, eta, bestetik, komunitateko kideak elkartzeko.

Lin Chen bere familiaren testigantzak batzen hasi zen. Izan ere, bere aita Txinako Fujian probintziatik Euskal Herrira bizitzera etorri zen 1990eko hamarkadan. Zenbait hiritan egon ondoren, haren emaztea etorri zen; Bilbon hasi ziren bizitzen, eta ondoren Durangon finkatu. Antzekoak dira artistak bildu dituen migrante txinatar askoren istorioak. Eta, hain zuzen, memoria kolektibo bat sortu du hainbat belaunalditakoak diren eta migrazio ibilbide askotarikoak dituzten pertsonen ahotsak bilduta.

«Adoptatuek bidaia identitate desberdin bat izan dute, oso sakona»

XINGYI LIN CHEN Diseinatzaile grafikoa

Diseinatzailea belaunaldi berrietan zentratu da, batez ere. «1980ko eta 1990eko belaunaldien migrazioarekin hasi nintzen, baina artxiboa sortzeko garrantzitsuak izan dira besteen testigantzak, batez ere lehen belaunaldiko gazteenak». Horrela, hainbat soslaitako pertsonen testigantzak bildu ditu, hala nola manikuragileenak eta dendarienak. Testigantza horietako batzuk bideoz jaso ditu erakusketan, eta horien artean Yunping Li (Hubei, 1998) argazkilariarena aurki daiteke. «Nahitaezkoa zen hari elkarrizketa egitea», azaldu du Lin Chenek. Adoptatuen testigantzetako bat da harena. «Haiek bidaia identitate desberdin bat izan dute, oso sakona», nabarmendu du artistak.

Testigantza horiek guztiak erakusketaren bihotza dira; izan ere, haietatik abiatuta egin dira erakusketako gainontzeko artefaktu guztiak. Instalazioan soinu paisaia bat entzun daiteke: Mina Qiuk sortutako konposizio original bat da, eta testigantzetan oinarrituta sortu du. Musikak, ahotsak eta otorduetan mahai tresnek portzelanaren kontra egiten duten tintin hotsek obran murgiltzeko aukera ematen dute. Ez bakarrik hori: soinu bandak bizia ematen die instalazioaren erdigunean dagoen platerean proiektatzen diren marrazkiei.

«Testigantzetan momentu politak kontatzen dira, baina baita diskriminazio edo arrazismo momentu txarrak ere; horregatik, olatuak ireki egiten dira, baina halako batean talka egiten dute»

XINGYI LIN CHEN Diseinatzaile grafikoa

Audioaren arabera, forma desberdina hartzen dute platerean agertzen diren olatuek, eta emozioak irudi eta mugimendu bilakatzen dira. Diseinatzailearen arabera, irudiak itsasoaren metafora bat dira: izan ere, txineraz pertsona migrantea izendatzeko erabiltzen den terminoak itsasoz haraindiko txinatarra esan nahi du. Horrela, olatuek testigantzen emozioak transmititzea lortzen dute. «Testigantzetan momentu politak kontatzen dira, baina baita diskriminazio edo arrazismo momentu txarrak ere; horregatik, olatuak ireki egiten dira, baina halako batean talka egiten dute».

Istorioak gordetzen dituzten arrakalak

Artistari testigantzak eman zizkiotenek objektuak ere utzi zizkioten artistari; hark 3D bidez modelatu ditu, eta bideo oso bat ekoitzi du haiekin. Apaingarriak eta eguneroko pieza arruntak ez dira guztiz perfektuak. «Ohartzen bazarete, asko apurtuta daude», azaldu du artistak heldulekua falta zaion teontzi bat seinalatuz. Arrakalak migrazioaren ondorio dira, Lin Chenen esanetan, erakusten baitute apaingarriak nola apurtu diren etxez etxe aldatu behar izanaren ondorioz. Objektu horiekin, etxegabetzeen «kritika» bat egiten ahalegindu da artista.

«'Jan duzu jada?' galderak geruza emozionalak irekitzen ditu». Janariaz harago, memoria, migrazioa eta identitatea batzen dituen espazio bat sortzen du eta. Ahotsaren, soinuaren, irudien eta objektuen bidez, Lin Chenen proiektuak aukera ematen du hainbat migrante txinatarren edo horien ondorengoen istorioak ezagutu eta txinatar diasporaren memoria kolektiboa ikusgarri bihurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA