'Amnistia denontzat' aldarri hartu zuen talde hura

Duela 50 urte Veneziako Biurtekoan izan ziren euskal sortzaileek Euskal Herriko erreibindikazio politikoak eta euskal kultura zabaldu zituzten. Besteak beste, Mikel Laboak eta Joxean eta Jesus Artze anaiek 'Ikimilikiliklik' ikuskizuna aurkeztu zuten.

Veneziako Biurtekora 1976an joandako euskal artistetako batzuk, ikurrinarekin. IREKIA
Veneziako Biurtekora 1976an joandako euskal artistetako batzuk, ikurrinarekin. IREKIA
edurne begiristain
2026ko apirilaren 22a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

1976ko Veneziako Biurtekoa ofizialki amaitu eta bi astera, haren programaren baitan, Euskadi en la Bienal 76 izeneko jardunaldiak egin ziren Italiako hiri horretan. Miren Vadillo EHUko Artearen Historiako doktoreak gogora ekarri duenez, hasieran, Biurtekoaren antolatzaileek uko egin zioten euskal sortzaileek nazioarteko erakusketan parte hartzeko egindako eskaerari, baina, artistek egindako protesten eta aldarrikapenen ondorioz, atzera egin zuten, eta egitarau propio batekin parte hartzeko aukera eskaini zitzaien.

Hala, hainbat euskal artistak, Amnistia denontzat leloa hartuta, jardunaldi batzuk antolatu zituzten hiru egunez Veneziako Biurtekoan. Preso guztiak askatzea izan zuen frankismoaren osteko euskal gizarteak aldarri nagusietako bat, eta, Veneziara joan ziren euskal sortzaileei esker, erreibindikazio hark oihartzun zabala izan zuen. Hiriko txoko askotan agertu zen, adibidez, jardunaldietarako diseinatutako kartela, zeinetan ukabil bat eta ikurrina ageri ziren. 

Veneziako Biurtekoa-1976
Ikurrina gondola batean, 1976ko nazioarteko erakusketan. IREKIA

Zinema, musika eta historia izan ziren jardunaldi horien ardatz. Venezian aurkeztutako lanek esperimentatzeko asmo argia zuten, «baina euskal herriaren izaerari eta tradizioari uko egin gabe», Vadillok azpimarratu duenez. Nestor Basterretxea eta Fernando Larruqueten Ama Lur (1968) filmarekin eman zieten hasiera jardunaldiei: «Film hark Euskal Herriko errealitate kulturalari eta tradizioari begiratzen zien, Euskal Herriaren inguruko irudi guztiz berezia eskainita». Joera abangoardistek ere izan zuten tokia, eta Jose Mari Zabalaren Axut lana eman zuten —elkarrizketarik gabeko filma da, soilik giro hotsez eratua, eta eszena modernoak eta tradizionalak nahasten ditu—.

Euskal herritarren borroka eta egoera politikoa hizpide zituzten zenbait film labur ere erakutsi zituzten, eta baita Jose Antonio Sistiagaren ...ere erera baleibu izik subua aruaren... pelikula esperimentala eta «erradikala» ere. Jose Angel Rebolledoren Arriluze film labur esperimentala ere paratu zuten Venezian, «garai hartako alienazio egoera aditzera emateko zinema hizkuntza ahal beste sinplifikatzen eta muntaketarekin jolas egiten zuen lana».

Musika ikuskizunak ere egon ziren 1976ko biurtekoan: Mikel Laboak eta Joxean eta Jesus Artze anaiek, adibidez, Ikimilikiliklik ikus-entzunezko emanaldia aurkeztu zuten. «Proposamen guztiz esperimentala eta berritzailea zen, eta poesia bisuala eta musika tresna tradizionalen hotsak uztartu zituzten, hala nola txalapartarenak», ekarri du gogora Vadillok. Jardunaldiak amaitzeko, Francisco Letamendia Ortzik euskal historiari buruzko hitzaldi bat eman zuen, eta, haren ondoren, amnistiari buruzko mahai inguru bat eta kartelen erakusketa bat ere antolatu zituzten Euskal Herriko egoera politikoaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA