Artea

Euskal artisten ordezkaritza bat Veneziako Biurtekoan izango da, 1976ko sortzaileen «lekukoa» hartuta

Eusko Jaurlaritzak, Artiumek eta Etxepare Euskal Institutuak 'I Baschi alla Biennale 1976/2026' programa ondu dute elkarrekin, duela 50 urte biurtekora joan ziren euskal artistak gogoan hartuta. Maiatzaren 6tik 8ra aurkeztuko dute, Venezian.

Jaurlaritzako ordezkariak, artistak eta eragileak Artiumen, I Baschi alla Biennale 1976/2026 programaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Jaurlaritzako ordezkariak, artistak eta eragileak Artiumen, 'I Baschi alla Biennale 1976/2026' programaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko apirilaren 22a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten 50 urte beteko dira Euskal Herriko artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek Veneziako arte garaikidearen biurtekoan parte hartu zuenetik. 1976ko urrian izan zen, Franco diktadorea hil berritan, eta giro politikoa oso nahasia zela. Garai hartan, euskal kultura eta «herri baten ahotsa» nazioarteko erakusleihoan erakutsi zituzten, besteak beste, Nestor Basterretxeak, Fernando Larrukertek, Jose Antonio Sistiagak, Jose Maria Zabalak, Joxean eta Jesus Artzek eta Mikel Laboak. Euskal artisten urrats «aitzindari» hark mende erdi bete duenean, haien «lekukoa» hartu, eta Veneziako Biurtekora itzuliko dira zenbait euskal sortzaile, kultur eragile eta instituzio, I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuaren bidez.

61. aldia du Veneziako Biurtekoak, eta maiatzaren 9tik azaroaren 22ra egingo dute, In Minor Keys lelopean. Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Artiumek elkarlanean ondu dute euskal ordezkaritzak hara eramango duen egitaraua, eta maiatzaren 6tik 8ra bitarte aurkeztuko dute. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu du proiektuak memoria eta sorkuntza garaikidea uztartuko dituela, eta gogoeta bat proposatuko duela arteak «adierazpen, askatasun eta baieztapen kolektiborako tresna gisa» betetzen duen zereginari buruz.

«Euskadi beste leku batetik eta beste tresna eta hizkuntza batzuekin bueltatuko da Veneziara; erakunde propioekin eta kultur sistema sendo batekin»

IBONE BENGOETXEAEusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Gasteizko Artium museoan aurkeztu dute euskal ordezkaritzak biurtekora eramango duen egitaraua. Ekitaldian izan dira, besteak beste, 1976ko biurtekoan parte hartu zuten Jose Maria Zabala eta Jose Angel Rebolledo artistak, baita garai hartako sortzaile batzuen senideak eta esparru artistikoko eta akademikoko ordezkariak ere.

1976an Veneziara joan ziren euskal artistek «herrigintza eta kulturgintza» lehen lerrora eraman zituzten, eta nazioarteko eztabaidaren erdigunean kokatu zuten Euskal Herriko errealitate kultural eta politikoa, Bengoetxeak gogorarazi duenez. 50 urte geroago, «Euskadi beste leku batetik eta beste tresna eta hizkuntza batzuekin bueltatuko da Veneziara, baina oraingoan, eta orduan ez bezala, erakunde propioekin eta kultur sistema sendo batekin». 1976ko gertaera hura «modu kritikoan» berraztertzea, eta, batez ere, sortzaileen belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea izango du xede aurtengo ekinbideak.

Hiru ardatz eta hiru gune

«Izan ginena, garena eta izan nahi duguna islatzen duen programa bat egin dugu», nabarmendu du sailburuak. Egitaraua hiru ardatzetan egituratuta dago —instituzionala, akademikoa eta artistikoa—, eta hiru lekutan garatuko dute: programa instituzionala Veneziako San Juan Ebanjelariaren Eskola Handian egingo dute, eta Imanol Pradales lehendakaria buru izango da. Bestetik, programa akademikoa Ca' Foscari Unibertsitateko Santa Margherita entzunaretoan garatuko dute. Han euskal arteak nazioarteko testuinguruan izan duen rola aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte, eta, besteak beste, Joseba Zulaika antropologoa, Miren Vadillo arte irakaslea, Peio Agirre komisarioa eta Beñat Sarasola EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko irakasle eta idazlea gonbidatu dituzte identitateaz, errepresentazioaz eta gizarte eraldaketaz mintzatzera.

Contarini della Porta di Ferro jauregiak hartuko ditu jarduera artistikoak. Asmoa da duela 50 urteko gertakarien dimentsio historikoa eta politikoa aztertzea, eta, horretarako, material historikoak —ikus-entzunezkoak, soinuak eta dokumentuak— eta obra garaikideak uztartuko dituzte. Besteak beste, 1976an aurkeztutako lanak ikusgai jarriko dituzte, hala nola Nestor Basterretxearen eta Fernando Larrukerten Ama Lur filma, Jose Antonio Sistiagaren ...ere erera baleibu izik subua aruaren... film esperimentala, Jose Mari Zabalaren Axut pelikula eta Jose Angel Rebolledoren Arriluze pieza.

Artiumeko bildumaren parte diren beste lan batzuk ere paratuko dituzte Venezian, hala nola Mari Puri Herreroren El juicio de Burgos (manifestación) (1971) eta Damaris Panen Dobla (2021) margolanak. Halaber, Itziar Okarizen performance bat eta Tripak kolektiboaren beste bat ere ikusi ahalko dira.

EGITARAUA

  • Ardatz instituzionala:
    • Inaugurazioa. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da buru. Maiatzaren 7an, 10:00etan, San Juan Ebanjelariaren Eskola Handian.
  • Ardatz akademikoa:
    • Euskadi 1976ko Veneziako Biurtekoan: atzera begira, aurrera egiteko jardunaldia. Maiatzaren 7an, 09:30etatik 16:40ra. Foscari Unibertsitatean.
    • Joseba Zulaika. Euskal Herriaren trantsizioak, inpaseak eta erronkak Europaren baitan (euskaraz).
    • Miren Vadillo. Euskadi 1976ko Veneziako Biurtekoan. Artea, abangoardia eta legitimazioa (gazteleraz).
    • Peio Agirre. 1976. urtearen aurretik eta ondoren. Euskal artistak Veneziako Biurtekoan (gazteleraz).
    • Beñat Sarasola. Ikimilikiliklik. Estetika eta poetika (euskaraz).
    • Leire Bergara. Euskal zinema 1976ko Veneziako Biurtekoan (euskaraz).
  • Ardatz artistikoa:
    • Maiatzaren 6an, 7an eta 8an. Contarini della Porta di Ferro jauregian: ...ere erera baleibu izik subua aruaren... (Jose Antonio Sistiaga), Ama Lur (Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert), Axut (Jose Maria Zabala), Arriluze (Jose Angel Rebolledo), Ikimilikiliklik (Joxean Artze eta Jesus Artze), Dobla (Damaris Pan), Juicio de Burgos (manifestación) (Mari Puri Herrero), Irrintzi Repetición (Itziar Okariz), Tripak tokitik (Tripak kolektiboa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA