38 urteren ostean, estreinatu zen leku berera itzuliko da Ana Diezen Ander eta Yul (1988) filma, baina ez du itxura bera izango, zaharberrituta helduko baita. Bolognako (Italia) L'immagine Ritrovata laborategietan egin dute, eta irailean helduko da pantaila handira: Donostiako Zinemaldiaren Klasikoak sailean emango dute —Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean izan zen orduan—, estreinakoz proiektatu zuten jaialdi berean.Â
Montxo Armendarizen Tasio (1984) filmaren zaharberritzearekin ekin zioten lankidetzari Euskadiko Filmategiak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Eta, iaz, beste lau lan batu ziren zerrendara: 100 metro (1985), Zergatik panpox (1985), Hamaseigarrenean aidanez (1985) eta Oraingoz izen gabe (1986). Lan horien guztien inguruko dokumentala zuzendu dute, hain justu, Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok: Itzalak argitzen —Primeran plataforman ikus daiteke—.
Gaur azaldu dituzte lan berriaren nondik norakoak, eta, prentsaurrekoan, ikus-entzunezkoaren zati txiki bat proiektatu dute. Bertan izan dira Diez filmaren zuzendaria, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria, eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria.
«Euskal ondare zinematografikoaren kontserbazioa bultzatu nahi dugu, eta haren balioa nabarmendu»
JOXEAN FERNANDEZ Euskadiko Filmategiko zuzendaria
Euskadiko Filmategiko zuzendariak zehaztu du bi helbururekin abiatu zutela proiektua: «Euskal ondare zinematografikoaren kontserbazioa bultzatu nahi dugu, eta haren balioa nabarmendu». Era berean, gehitu du hiru erakunderen arteko lankidetzaren bidez euskal ondare zinematografikoa zaharberritu nahi dutela, eta mundu osoko pantailetara eraman. Eta hala egingo dute; izan ere, irailean Budapestera helduko da: National Film Institute Hungary erakundeak antolatzen duen Budapest Classics Film Marathon jaialdian parte hartuko du —irailaren 15etik 20ra bitarte izango da—. Urrian, berriz, Berlinen aurkeztuko du filma Diezek, Alemaniako Zinematekak bultzatzen duen Berlingo Film Restored-The Film Heritage Festival-en.
Zaharrak berri
2025eko irailaren amaieran eraman zuten filma Bolognara, eta laborategian aztertu, lehengoratu eta garbitu ondoren ikusi zuen Diezek bere lan zaharberritua lehen aldiz, eta bereziki harritu zuen: «Esan nuen: 'Hau da filma!'». Aitortu du ez zuela modu horretan gogoratzen: «Bat-batean zentzua zuen filmak, eta atsegina da sentimendu hori izatea». Are, adierazi du «lotsa» ematen ziola jendeari lana erakusteak.
«Denborak ilundu egiten ditu filmak, eta itzalean utzi pertsonaiak. Hots, zaharberritzen ez den filma porru eginda gelditzen da»
ANA DIEZ Zinemagilea
1988an ondutako Ander eta Yul «zakarretara botatzeko moduan» zegoela iritzi dio zinemagileak. «Denborak ilundu egiten ditu filmak, eta itzalean utzi pertsonaiak. Hots, zaharberritzen ez den filma porru eginda gelditzen da». Orain, berriz, adierazi du ez diola lotsarik ematen jendeari filma ikustera gonbidatzeak.
Filmean jorratutako ikuspuntuari dagokionez, orduan egindako lanarekiko harro agertu da Diez: «Nire ikuspuntua islatzen da, eta hori aldarrikatzen dut orain ere. Gaur egun, filma lehen aldiz egin beharko banu, modu berean egingo nuke».