Vicente Ameztoiren praktikak pinturaren mugak gainditu zituen, kultura trukeen bilbe zabalago batean parte hartzeko, eta hala kokatu zen «Euskadi aztoratu bateko tribu heterodoxo horretan», Fernando Golvanok definitu izan duen bezala.
Ikusi gehiago
Euskadi Sioux (1979) aldizkari ospetsuaren azalen arduraduna —garai hartako ahots berezienek parte hartzen zuten argitalpen bat: Ivan Zuluetak, Juan Carlos Egillorrek eta Bernardo Atxagak, besteak beste—, funtsezko pertsona izan zen bere garaiko eztabaidetan. Artistak irudien egoera sozial eta politikoan lagundu behar duela edo bere ekoizpenari esleitutako eskema klasikoan hausturak eragin behar dituela dioen aldarrikapen abangoardistaren adibide, Ameztoik berretsi zuen keinu «iraultzaile» hori, likidazio desira guztietatik harago, pinturaren praktikatik ere egin zitekeela.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan Euskadiko testuinguru politiko eta sozialarekin izan zuen harremanetik abiatuta haren lanera hurbiltzeak, dudarik gabe, aurrez aurre jartzen gaitu emankorra gertatu zitzaion paisaia eferbeszentearekin eta alderdi askotatik asaldatuarekin. Ameztoiren «paisaia paganoek» —hala deskribatu izan dira— pertsonaia doilorrez jositako eszenak eraikitzen dituzte. Julio Medemek zinemaren espaziora eraman zuen iruditeria hori Vacas (1992) filmean, artistaren laguntzaz irudi kezkagarriak sortuz.
Artium Museoa ireki eta hilabete gutxira, 2003an, ganbera erakusketa bat eskaini zitzaion Ameztoiren obrari. Bertan, 2001ean zendutako egilearen margolan ikonikoenetako asko bildu ziren, tartean, Familia deituraz ezaguna den izenbururik gabea.
Arabako Foru Aldundiak 1976an erositako koadroa urtebete lehenago, 1975ean, margotu zuen artistak, bere familiaren albumeko argazki batean oinarrituta. Protagonistek talde histrioniko bat osatzen dute; forma tradizionalek ezohiko ibilbideak erakusten dituzte (desegiten diren gorputzak, landare aurpegiak, paisaia enigmatikoak), eta badirudi hondoak eta irudiak elkar elikatzen dutela, normaltasun itxura bat finkatzea eragotziz.
Artelekuk 1990ean Ameztoiri eskainitako Karne & Klorofila. Bilduma: (1976-1990) erakusketan ere parte hartu zuen Familia margolanak. Eta Gipuzkoako zentro horrekin izandako harremanetik datoz, orobat, duela aste gutxi Artium Museoaren funtsetan sartutako bi serigrafia ikoniko, zeinetan protagonistak bi porru baitira, zelai batean odolez blai.
Artista beste une batzuetan ere museoaren programan egon da, 2020an esate baterako, Bildumaren berrantolaketarekin. Orduan, Ameztoiren bizikide Virginia Montenegrok utzitako zenbait material dokumental gehitu zitzaizkion erakusketari, artistaren alderdi publikoari eta konpromisoari buruzko begirada berriak ekarri zituztenak. Horien artean, 1979an Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian poxpolinez jantzita egin zuen ekintzaren inguruko argazki eta objektu batzuk zeuden, baita Tea for Two filmean izan zuen parte hartzearekin lotutako materialak ere. Film labur esperimental hori Ivan Zuluetak egin zuen 1978an, margolariaren Villabonako etxe eta estudioan, Arrebato film enigmatikoarekin hasi baino urtebete lehenago.
Ameztoik bere irudien bidez lausotu egiten du egunerokoaren izaera ezaguna, eta halako arroztasun kutsu bat ematen dio naturaren ideiari. Hainbat gai, hala nola lurraldea edo identitatea, funtsezkoak dira irudikapenean agortzen ez den —eta gaur egun bizi ditugun problematika askori aurrea hartzen dien— begirada batean. Autoritarismoen itzulera bizi dugun egun hauetan, Vicente Ameztoiren eta haren erako beste artista batzuen jarrerak gogora ekartzen digu arteak edozein dogmatismo mota zalantzan jartzen duten eszenatokiak proiektatzeko duen gaitasuna, eta astindu bat ematen dio ikustera datozena ezagutzen dutela uste dutenen erosotasunari.