Artea

Vicente Ameztoi lau kolpetan

Azaroaren 6an 25 urte beteko dira Vicente Ameztoi margolaria hil zela. Urteurrena baliatuz, haren ibilbidea eta obra laburbildu dute lau adituk, bakoitzak margolariaren lan bana hautatuta. Haren alderdi politikoa eta inplikazioa jarri dute agerian.

Vicente Ameztoi, haren autorretratu batean.
Vicente Ameztoi, haren autorretratu batean.
garbine ubeda goikoetxea
2026ko azaroaren 1a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan molde pausatu, arretatsu eta nekeza zen Vicente Ameztoi Olasagastirena (Donostia, 1946 – Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 2001). Ez zuen nolanahi margotzen, ez zernahirekin ere, eta are gutxiago edozertaz. Ondu nahi zuen artelan bakoitzak denbora eta ardura eskatzen zioten, eta azken muturreraino jarraitzen zion egindako pauso bakoitzaren emaitzari, haren unibertsoari zentzua ematen zioten elementuak eta ideologia baliatuz beti, orobat begetazioa. Garai hartako joera abstraktutik urrun, arte figuratibo oso xehea landu zuen. Ez zen, hortaz, artista oparoa izan. Alta, pintore garaikide estimatuenetako bat da, eta publiko zabal batek ezagutzen ditu haren lan sonatuenak.

Iritziak

Surrealismoari, barne mundu onirikoari eta sinbolismoari lotu izan zaie Ameztoiren izena. Haren artelanetan, paisaia harrigarriak, eszena kezkagarriak eta izaki zehatzezinak aurki daitezke, zenbaitetan haren familiako kideen irudiekin nahasian. Bere burua ere sarri margotzen zuen halako eszenetan, «haragizko eta klorofilazko» izaki bat balitz bezala margotu ere, gehienetan. Hain zuzen, izenburu hori bera ipini zioten haren lanen antologia batu zuen erakusketari, 1990ean, Donostian. Koadroak ez ezik, litografiak, Euskadi Sioux zein Zeruko Argia aldizkarietan egindako marrazki, ilustrazio eta azalak, kartelak, kaxak, diskoen karatulak eta bestelakoak erakutsi zituzten orduko hartan. Izan ere, formatu eta esparru ugaritan utzi zuen bere arrastoa.

Lerrotara batutako lau adituetako bakoitzak bere ertzetik heldu dio Ameztoiren ekarriari. Eta denek ere artearekiko ardura eta garai hartako kezkekiko inplikazioa nabarmendu dute.

699 1024
Vicente Ameztoiren 'Autorretratua'.
'Autorretratua'

«Findua, delikatua eta kalitate handikoa»

MAITE BARRIO OLANO. Artelanen kudeaketa eta kontserbaziorako aholkularia

Donostiako Artelekun ezagutu zuen Vicente Ameztoi, «1988an edo». Maite Barriok pintura eta eskultura polikromatuen zaharberritzeko espezializazioa bukatu berria zuen Florentzian (Italia), eta Artelekun ari zen lanean ondarearen kontserbazioan. Beste zeregin batzuen artean, arte garaikidean ari ziren artistez eta haietariko bakoitzaren lan egiteko moduaz arduratzen zen Barrio, informazio hori guztia batuko zuen datu-base bat elikatze aldera. Hain zuzen, ertz hori izan zuen nola Ameztoi hala haren lan moldea aurrez aurre ezagutzeko aitzakia.

Ameztoiren teknikaz, «oso findua, delikatua eta kalitate handikoa» dela dio Barriok; haren lan egiteko prozesua, berriz, «motela, eta oso nekeza». «Koadroetan, oliozko pigmentuak erabiltzen zituen, eta pintatzean oso geruza finak egiten zituen gehienetan. Sarri erabiltzen zituen lausotzeak, esan nahi baita, pigmentu gutxi eta aglutinatzaile askorekin egindako geruzak. Eta, halaxe, halako gardentasun bat, halako sakontasun bat, lortzen zuen. Oihalaren zuritasunarekin ere jokatzen zuen, pinturaz erabat estali gabe uzten baitzituen zati batzuk».

Hein batean, oliozko pigmentu horiek moteltzen zuten Ameztoiren lan prozesua, ez baitira erraz lehortzekoak. Prozesu hori azkartzeko, erretxinak erabiltzeko joera zuen artistak. Nolanahi ere, arduraz hautatzen zituen materialak. «Pigmentu bikainak nahi izaten zituen beti. Harentzat, abantaila handia izan zen Winsor & Newton markakoak deskubritzea. Kalitate handikoak iruditzen zitzaizkion».

Bestelako buruhausterik ere sortzen zioten olioek. «Behin, garai hartan erabilitako oihalak ekarri zituen hizpidera. Lihozkoak izan zitezkeelakoan erosi omen zituen, baina kotoi asko zuten. Eta kotoizko olan baten gainean margotzen denean, oihala asko mugitzen da. Margoa, aldiz, zurrunagoa da, ezin dio oihalaren mugimenduari jarraitu, eta krakelatu egiten da azkenerako; alegia, arrakalatu. Kotoiak, gainera, hezetasuna xukatzen du».

Azkenerainoko kontrola maite zuen Ameztoik, eta arreta berezia ipintzen zion artelana agertzeko moduari. «Sekula ez zuen bernizik erabiltzen. Nahiago zuen artelana mate gera zedin. Eta inoiz bere lanen bat bernizatuta ikusi izana gogora ekartzen zuen bakoitzean, oso mintzen zen».

Barrioren ofiziora etorrita, artelanaren zaharberritzeak «erabat mimetikoa» izan behar zuela iritzi zion Ameztoik. «Artista bizirik izanez gero behintzat, haren eta zaharberritzailearen arteko kolaborazio gisa ulertzen zuen lan hori. Ameztoiren aburuz, ikusleak ahalik eta gutxien antzemateko moduan egin behar zen zaharberritzea».

Aipatutako kezka horiei guztiei begira hautatu du Barriok Autorretratua. «Alde batetik, artistaren paletara doazen pintura zurrusta horiek daude, eta bestetik haren emaztea eta alaba atzealdean. Nire ustez ezin hobeki ilustratzen ditu haren kezkak eta interesak».

(ID_17933459153695) (/EZEZAGUNA) Vicente Ameztoi Ahoa
'Ahoa', Vicente Ameztoi.
'Ahoa'

«Bazuen alderdi bat oso politikoa»

XABIER GANTZARAIN. Idazle, kulturgile, artista eta arte kritikaria

Remelluriko ermitan (Bastida, Araba) margotu zuen Paradisua Ameztoik. Erretaula hori hautatzeko tentaldia izan du Xabier Gantzarinek, Zuloa saiakeraren egileak, baina Ahoa koadroaren alde egin du azkenerako. Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen artelan hori aproposagoa zaio esan nahiko lukeena esateko. Ameztoiri lotu zaion irudi «injustuari» kontra eginez hasi du Gantzarainek solasa: «Barne mundu aberatseko artista, aldi berean isolatu samar eta bere kasa, zirkuitu ofizialetatik aparte lan egiten duena... Halakoxe estereotipo bat du, baina Ameztoiren gauza interesgarrienetako bat da nola erantzuten zion garaiko gizarteari; eta nola aztertzen zuen, nola sartzen zituen elementuak: pinuak, industrializazioa...».

Ameztoiren barne mundua baino gehiago, haren «inplikazioa» nabarmendu du Gantzarainek: «Bazuen alderdi bat oso politikoa. Nahi bada ekologista, nahi bada militantea, berdin zait nola deitu, baina bere inguruarekin oso inplikatua. Unzurrunzaga zenak BERRIAri emandako elkarrizketa mitiko hartan esan zuen hori ondo». Hain zuzen, halaxe mintzatu zen Juan Kruz Unzurrunzaga kulturgile eta galerista Ameztoiri buruz: «Jende gehienak artista gisa ezagutzen du. Normala, XX. mendean Euskal Herriak eman zuen artista handiena baitzen, [Rafael Ruiz] Balerdirekin batera. Txoriburutzat ere izango dute batzuek, drogarekin arazoak izan zituelako eta. Pertsona osoa zen, bada, eta oso azkarra. Isilean eta ezeren truke lan asko egindako ezkertiarra eta abertzalea». 2009ko maiatzean egin zuen adierazpen hori Unzurrunzagak, zehazki, Ameztoirekin batera isilka Zizurkilgo (Gipuzkoa) hilerrira joan, Joxe Arregiren gorpua hilobitik atera eta hark komisarian jasandako tortura salatzeko argazkiak egin zizkiotenekoa kontatu zuenean.

Ahoa koadroa dela eta, teoria «partikular» bat dauka Gantzarainek, eta hori azaltzeko, Ameztoik koadroa sortu zueneko urtera eta testuingurura jo du. «1975etik 1980rako aldi hori giltzarria izan zen askorentzat, baita Ameztoirentzat ere, nire ustez. Eta hori oso agerikoa da Zeruko Argia-ko azaletan eta Euskadi Sioux-eko ilustrazioetan: porruak enkaputxatuta marraztu zituen, eta enkaputxatuak irribarrez. Zer dela eta enkaputxatuak irribarrez? Ziurrenik, mundu berri bat sortzeko ari zirelako borrokan, eta hori, bere pena, miseria eta arrisku guztiekin, gauza ederra zelako».

pertur azala
'Zeruko Argia', 1978. Vicente Ameztoiren azala.

Hain zuzen, irribarrea da elementu nagusietako bat Zeruko Argia-ren 1978ko otsaileko zenbakiko azalean. Pertur ETAko militante desagertuaren irudi ezagunenarekin osatu zuen azal hori Ameztoik. «Perturren argazki asko daude, baina azalean ageri den hori da memorian gelditu dena. Nire teoria zera da: Perturren irribarrea dela Ahoa koadroko irribarrea. Ahoa ez da bera, hortzak ere ez, baina irribarre zabal bat da koadrokoa ere, alaia, atsegina, bizipoza transmititzen duena». Zeruko Argia-ko azalean bezala Ahoa koadroan ere erdian dago irribarrea. «Mundua, lurra, bizitza ari da irribarre egiten. Eta paisaia horrek hartu egiten gaitu. Abegi egiten duen aho bat da, eta beharbada hori zuen bizitzarekiko jarrera Ameztoik. Hura da, noski, irribarre egiten ari dena».

drogak azala
'Zeruko Argia', 1978. Ameztoiren azala.
Zeruko Argia aldizkariaren 1978ko martxoaren 8ko azala

«Umore tantak jariatzen zituen»

ELIXABETE GARMENDIA. Kazetaria

Gertaera apartak balira bezala gogoratzen ditu Elixabete Garmendiak Ameztoirekin izandako enkontruak. Zeruko Argia-n kazetari zebilen Garmendia, eta aldizkari horrek 1978an plazaratu zituen zenbaki guztien azalak ondu zituen Ameztoik. «Uste dut Lourdes Auzmendi lankideak fitxatu zuela hura. Ez dakit ziur. Karpeta bat besapean zuela etortzen zen astean behin, eta sekulako jakin-mina izaten genuen erredakzioan. Inoiz ez genekien zer ekarriko zuen, eta sorpresa handiko momentuak izaten ziren beti».

Azal horietako bakoitzak «erronka» handia izan behar zuen Ameztoirentzat, astez asteko epeetan errenditzea eta gertakariei estuago lotzea eskatzen baitzion langintza horrek. Baita hitzekin jokatzea ere, bere irudian tokia utzi behar izaten baitzuen aldizkariaren mantxeta eta lerroburu nagusiak jartzeko.

Ameztoik urte hartan egindako lehen azalak egin zion efektua datorkio akordura Garmendiari: «770 zenbakia zeraman goian, eta aldamenean aldizkariaren salneurria: 50 pezeta. Kolore beltza da nagusi azalean. Erdiko argazkiak kale zati bat erakusten du, eta bertan pintada bat ikus liteke zuriz: Gora ETA. Pintada horren alboan, bikote bat pasadizoan, aterkipean. Hortik aurrera, marrazki gehiago: ikurrina karratu bat espaloiaren gainean, eta odol putzua». Urtarrilaren 22ko data du azal horrek, eta fanzineen estetika dauka: irudiak zein testuak beste nonbaitetik tarratatuta eta bertan itsatsita baleude bezala ageri dira. Idatziz, hilketak seinalatzen dituzten bi data —Iruñea, urtarrilak 11 eta Lemoiz, urtarrilak 14—, albo batean Andres Gomez Margarida komisarioaren hitzak eta behean Rodolfo Martin Villa Espainiako barne ministroak historiarako utzitako esaldi gogoangarria: «Dos a uno a nuestro favor» (bi eta bat, gure alde). Kontrastean, goitik behera irakurri beharreko bi hitz, gorriz, eskuz eginak: «Betiko ildotik».

«Bistan da Ameztoik garaiko errealitate beltzena irudikatzeko zeukan abilezia eta sentsibilitatea, baina horrekin batera umore tantak ere jariatzen zituen», dio Garmendiak. Eta haren umorerako joera azaltze aldera, drogari eskainitako azala hautatu du adibide gisa. «Literalki Drogak hauzitan zuen izenburu nagusia azal horrek, artean ez baikeneukan garbi h-a non jarri behar genuen. Aldizkariaren azal horretan denetarik nahastu zuen Vicentek: perretxiko gorri-zuriak, ziztatzeko orratzak, baso bat ardo, zigarro paketea, baratxuriak… eta dena osatzeko, esku batean, hatz tartean, zer, eta baratzeko porru bat zigarro bihurtuta! Kolore nagusiak, berriz, argiak eta gozoak».

1024 620
Bi bisitari 'Lemoiz Gelditu!' muralaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
'Lemoiz Gelditu!'

«Artearen eta herriaren arteko uztarketa erakutsi zuten»

IÑAKI SARATXAGA. Artezalea eta Gezia Gladys del Estal fundazioko kidea

Karlos Zabala Arrastalu-k, Jose Luis Zumetak eta Vicente Ameztoik elkarrekin egindako horma irudia da Lemoiz Gelditu!. 1980ko azaroaren 8an eta 9an margotu zuten, Mugimendu Antinuklearrak Bilbon antolatutako Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldian. Hura eta gero, arrastoa galdu zitzaion margolanari, harik eta Iñaki Saratxagak Erandioko LABen egoitzan (Bizkaia) aurkitu eta agerira atera zuen arte. Bilboko Arte Ederren Museoan dago egun, Otxandioko (Bizkaia) Andikona elkartearen dohaintzari eta hiru egileen familien oniritziari esker.

Oso garrantzizkotzat jotzen du Saratxagak artelan hori; «herriarena delako eta hiru egileak erreferente handiak direlako», azaldu du. Eta urtetan «galduta» egon ostean, orain, egon behar duen tokian dagoela uste du: «Luzea izan da honainoko bidea, baina argi izan dugu beti artelan horrek museo batean egon behar zuela. Museoak denonak baitira, ez eliteenak».

Arrastaluren, Zumetaren eta Ameztoiren estiloek ez zuten elkarrekin ikusteko handirik, baina elkarren lagunak ziren hirurak, eta berehala adostu zuten muraleko lana nola banatu: Zumetarenak dira erretratuak, Ameztoirenak paisaiak eta Zabalarenak koadroaren erdialdean ageri diren bi sugetzarrak. Ameztoik Villabona-Amasan zuen etxean elkartu, eta zirriborroa egin zuten lehenik. Gero, Zabalak hartu zuen zirriborro hura mural bilakatzeko zereginen ardura.

«Artearen eta herriaren arteko uztarketa» ikusten du Saratxagak mural horren atzean; «Ameztoiren kasuan oso garbi dago hori. Haren surrealismoaren barruan, oso esanguratsua da erakutsi nahi zuena. Aldarrikapen askoren alde inplikatu zen, eta horiek ere ageri dira haren lanetan. Horren adibide da mural hau, bai eta AHTaren aurkako kartela ere, esaterako».

gifa klb h erakutsi
AHTaren aurkako asanblada batera deitzeko kartela.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA