Bernardo Atxaga
Idazlea

Bakana, zintzoa eta bihotz sendokoa zen

2026ko azaroaren 1a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakana zen Vicente Ameztoi, inorekin antzik ez zuena; bakan xtreme zela esan beharko litzateke telebistako gidoilarien hizkeran. Aski zen ezaugarri horretaz ohartzeko bere mahonezko galtzen poltsiko sakonetan kirik egitea: hantxe, haietako batean, bakelitazko igeltxo bat, hiruzpalau metxero eta bi azukre-koxkor; hantxe, bestean, gazelaren musketa lurrintsua eta akuarelak pintatzeko kutxatila polit txikia. Inportanteena, noski, kutxatila. Virginia Montenegrok azaldu zuen: «Beti eramaten zuen akuarela kutxatila, baita Marokora zihoanean ere. Hartara, edozein paper puskatan, edozein tokitan, akuarela bat egin zezakeen. Ez pentsa normala denik, oso pintura mota zaila baita». Pintura mota zaila, bai, baina Vicente Ameztoiren gaitasuna, zailtasun guztien gainekoa. Haren obra estudiatu zuen Joseba Luzuriagak idatzi bezala: «Dureroren zehaztasun miresgarria zuen irudia marraztean».

Zintzoa zen Vicente Ameztoi, zintzoa xtreme, filisteo eta zuri paltsuen bestaldean kokatu izan zena beti. Donostiako badia aurrez aurre zuen etxe batean jaioa 1946an, Euskara Jendearengandik oso urrun hezi zen. «Ez zidaten neure hizkuntza irakatsi», aitortu zuen penaz Karne & Klorofila katalogoan. Sentimendu horrek, zintzoki, bere bizitza osoa ukitu zuen. Karne & Klorofila katalogoa bera, euskal artearen historian seinalatuenetakoa, euskaraz dago nagusiki; gutxi axola hari martxanteen zein esnoben iritziak; bestalde, non behar zen esku bat —Dureroren zehaztasunez marraztu zezakeen esku bat—, han Vicente Ameztoi: euskarazko aldizkariak ilustratzen, kartelak egiten, gaztetxeak pintatzen, hamaika lanetan.

Bihotz sendokoa zen Vicente Ameztoi. Joxe Arregiren gorpua Zizurkilera ekarri zutenean, guardia zibilek hilkutxa zabaltzea galarazi zuten. Agintariek ez zuten nahi egia jakin zedin. Gau hartan, ordea, bospasei gizon kanposantura joan, hilobitik atera, hilkutxa zabaldu, eta argazkiak egin zizkioten gorpuari. Torturaren marka latzak egiaztatu zituzten bospasei haien artean Vicente Ameztoi zegoen.

Gai erlijiosoa duten pintura askotan bi gune azaltzen dira. Batean, Belengo estalpea erakusten duenean, kasu, dena da bake, argi, oreka; bestean, maiz, Baso bat ageri da, piztia basatiak eta era guztietako arriskuak dituen eremua. Pintura horietako bat daukat aurrean: gizaki bat basora sartzen ari da, atzean utzi du gune segurua. Pentsatzen dut: «Vicente Ameztoi da, eta Baso horretan bere barruko etsaiak ere aurkituko ditu, ez bakarrik kanpotarrak». Hala gertatu zen, noski, eta bere pinturek, erretratuek batez ere, egonaldi xtreme horietan xurgatu zuen edertasun bortitza adierazten dute. Marta Cardenas pintore lagunak behin esan zuen bezala, Vicente Ameztoik Gaizkiaren eta Ongiaren batuketa egin zuen, eta ariketa horren emaitza Eztia izan zen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA