Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Bihotzarrea

2026ko azaroaren 15a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti izan naiz etxerako lanak txukunegi agian ez baina garaiz entregatzen zituen ikasle horietakoa. Gutxitan gertatzen bazen ere, lotsatu egiten zena etxerako lanak egin gabe eramaten zituenean. Baina gaur ez, gaur konplitu dut etxerako lana, gustuz bete ere. Orain bi aste Amets Arangurenek Lauhazkako Hitzen goroldioa zutabean egiten zigun irakurleei gonbita: ea gai izango ginatekeen 1- Izenik oraindik ez, baina existitzen den zerbait izendatzeko eta 2- Izena bai, baina existitzeari utzi beharko liokeen zerbait izendatzeko. 

Eta segituan etorri zitzaidan akordura udaran irakurritako liburu bat: La chica mĂ¡s lista que conozco. Sara Barquinerok idatzitako eleberria da, eta probintzietatik Madrilera filosofia ikastera doan neska baten karrera urteak kontatzen dira. Han aurkitu nituen nire hiztegian izenik ez, baina existitzen ziren zenbait gauza, izendaturik. Jakin nuen, adibidez, badela hitz konkretu bat hau izendatzeko: ilun, misteriotsu edo interesante plantak egiten dituena, nolabait estepako otsoaren itxurak egiten dituena: edgy. Ziur ezagutuko duzuela edgyren bat, ezta? (Filosofia karreran behintzat barra-barra). Beste izen hau ere ikasi nuen: nerd, erabiltzen dena zera izendatzeko: interes intelektual oso konkretuak (literatura, zientzia, filosofia) pasioz bizi dituena eta interes ohikoetatik urrun xamar bizi dena (hauek ere Filosofia karreran barra-barra). 

Eta pentsatu nuen: zer dira, anglo-saxoiak Amets irakaslearen etxerako lanak egiten dituzten ikasle txintxoak? Ingelesez ez besterik izenda daiteke mundu berria? Eta ea, eztabaida hau hizkuntza bera bezain zaharra da. Eta ez naiz sobera sabinista, ze nik ere sarri erabili izan ditut barbarismo gordin hauek nire testuetan bizitasuna, egiazkotasuna eta postmodernitatea emateko (beste zerbait liburuko I’m back bitches datorkit burura, ezinbestean). 

Baina pentsatu dut ederra bezain kitzikagarria dela gure hizkuntza propioan neologismoak sortzea, edota, zergatik ez, beste hizkuntza batzuetako hitzak gure egitea. John Koenig datorkit burura: berak liburu batean argitaratu zuen urte luzez izenik ez baina izana zuten sentsazio eta emozioen zerrenda. Adibidez anemoia: bizi izan ez dugun iragan batetiko nostalgia. Edo adibidez zenosyne: denbora geroz eta azkarrago iragaten den sentsazioa. Eta are ederragoa eta kitzikagarriagoa da ariketa beste lagun batekin batera sortzen badituzu hitz horiek. Hona hemen Uxuek eta biok sortu ditugun hitz batzuk, bizi gaituen mundu hau izendatzeko asmatu ditugunak: 

Mamufikazioa izan daiteke gure herri eta hirietan gertatzen ari dena azaltzeko hitz egokia: herrietan eta hirietan turistak bai, baina geroz eta biztanle gutxiago. 

Pentsatu dut ederra bezain kitzikagarria dela gure hizkuntza propioan neologismoak sortzea, edota, zergatik ez, beste hizkuntza batzuetako hitzak gure egitea. John Koenig datorkit burura: berak liburu batean argitaratu zuen urte luzez izenik ez baina izana zuten sentsazio eta emozioen zerrenda

Burumukuru izan zitekeen burn out-aren baliokide, edo, besterik gabe, estresa izendatzeko beste modu bat: «Burumukuru nago: eguneroko zoro honetan yoga egiteko tartetxo bat atera dut eta lasai egon nahi dut, ez pentsatu, baina hala ere shavasana bitartean hor daude pentsamenduak bueltaka azterketak zuzendu ilea moztu kotxeko gurpilak aldatu asteburuko plana itxi». Gorputza pentsamenduz mukuru. 
 
Eta beste sentsazio hau ere ziur ezagutu duzula: bihotzarrea. Zirt edo zart-eko kulturan hezi gara: zirt edo zart erabaki zer ikasiko duzun, nortzuk izango diren zure lagunak, zure estetika, zure musika taldeak. Eta zirt edo zart bizitze horretan, bat-batean, kolore definiezin bat sortzen da bihotzean, ez dakiguna esaten marroia edo gorria edo horixka den; hotz ala bero den, eroso ala deseroso sentitzen garen. Eta indefinizioak hasten gaitu bizitzen, arreak gaitu konkistatzen. Eta orduan ez dakigu erabakiak hartzen. Eta zalantza egiten dugu. Eta bihotzarrea sentitzen dugu. Aldaketa handien aitzinetik gertatzen da. Eta nerabezaroko aldarte emozional tipikoena ere bada. 

Fake da kapsuladun kafea prestatu eta amaieran ateratzen den ur marroi jarioa. Baina balio du ere uda guztia etxean egon gabe dutxa ireki eta ateratzen den lehen ur zikin hori izendatzeko, eta nola ez, balio du ere izendatzeko zera: gauza ederrak eta inportanteak eta eleganteak idatzi nahi eta aguatxirri moduko testu zirina ateratzen denean. Ai, zenbat testu fake ordenagailuko karpetetan gordeak!

Kanpotik datozen hitz gordinek (hala omen da izen teknikoa: gure hizkuntzan bere horretan txertatzen ditugun hitz arrotzak) gure testua dotoretzen, gaurkotzen, freskatzen dute, ados. Baina gure hizkuntza propioan egosi ditugunak ere wonderful dira. Gainera, badakizu, hitz gordin gehiegi jaten badituzu digestio arazoak izanen dituzu; eta hizkuntz mikrobiota zaindu beharra dago.

(Psst: adiskide influentzer, kazetari, musikari eta idazlerik baduzu inguruan, pasaiozu hitz berrion zerrenda, eta batu zeureak; ea lortzen dugun hemendik hogei urtera Euskaltzaindiak onar ditzan).

Marc Falardeau argazkilariaren 'Time Warp' izeneko argazkia, creative commons lizentziaduna. MARC FALARDEAU
Marc Falardeauren Time Warp argazkia, creative commons lizentziaduna. MARC FALARDEAU
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA