Danele Sarriugarte

Joskura klasikoen leherrarazlea

2026ko urriaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anne Carson poetak irabazi du 2026ko Literaturako Nobel saria. Poza hartu nuen atzo eguerdian berriarekin, poz txiki bat, friboloa ere bai akaso, hilketa arrazisten, etxegabetzeen, poliziaren gehiegikeria nonahikoaren, genozidio etengabearen eta sistema hau taxutzen duten gainerako desberdinkerien erauntsian, eta Instagramen adierazi nuen poz-izpi hori, suzko bihotz mordo batekin. Garai historiko honen erritmoak zer diren, zuen aurrean agertzen naiz orain, Carsonen euskal zaleen artean bat, autoreaz zer edo zer esateko talaiaren jabe. 

Ez dakit sarituak berak halako pozik hartuko zuen, edo, hobeto esanda, poza bakarrik hartuko ote zuen —gogora datozkit, besteak beste, Doris Lessing 2007ko irabazlearen erreakzio ikonikoa: «ene jesus», edo Annie Ernauxek Écrire la vie liburuan aipatzen duen gorputzaldia: «Nobel sariaz geroztik nire bizitza ezaugarritzen duen nolabaiteko hutsalkeria»—. Agian, Carsonen beraren kontzeptu bati tiraka, gozomingots sentituko da, Erosek jotakoak bezalaxe. Edonola ere, beste baterako utziko ditugu literatur sarien inguruko debatearen askotariko ertzak. Irakurle euskaldunok, azken batean, Nobela gure gustuko idazle batek lortzen duen aldiro bai baitaukagu pozteko arrazoi oso konkretu bat: haren lan bat bederen itzuliko zaigula jakitea. 

Carsonen kasuan, EIZIEren ekinari eta Joxe Mari Berasategiren lan bikainari esker, lehendik ere bagenuen Gorriren autobiografia eskura, hain zuzen Suediako akademiako epaimahaiak azpimarratu dituen piezetako bat, literatur tradizio klasikoa eguneratzeko egileak daukan abileziaren erakusgarri. Kaletarrago esanda: Carson da ni bezalako liburujale disidenteak antzinako greziarrei begira jarri izanaren motibo nagusietako bat. 

Kaletarrago esanda: Carson da ni bezalako liburujale disidenteak antzinako greziarrei begira jarri izanaren motibo nagusietako bat

Irene Vallejo adituaren hitzetan esanda: «Zer iraultza klase gertatu da gehienbat emakumeok izan gaitezen [Grezia klasikoko mitoetara] jotzen dugunak? Beharbada, hori guztia begirada kritikoago batetik lantzeko gai garelako izango da; ez dugu idealizatzen, eta ez ditugu greziarrak eredu gisa aurkezten, XIX. mendeko ikertzaileen kontrara. Guk, izan ere, greziarren eta erromatarren argi-ilunak ikusten ditugu, haien arazoak, gatazka, tentsioak... Joskurak non lehertzen diren ikusten dugu». 

Epaimahaiak autore kanadarrari nabarmendu dion beste meritu bat, egunkari honek jaso duen eran, zera da: «asmamen handiko obra kementsu bat» osatu izana, «literatura garaikidearentzat forma berriak sortu dituena». Bai gero. Carsonen argitalpenen genero-izendapen ez batere normatiboak aintzat hartuta, hara non argitaratu dituen, besteak beste, fikziozko saiakerak tango-neurriz [The Beauty of the Husband], opera ere barnean hartzen duten poesia liburuak [Decreation], Prousten pertsonaia batean oinarritutako spin-offak [The Albertine Workout] eta Euripidesen bertsioak, Marilyn Monroeren biografian oinarrituak [Norma Jeane Baker of Troy].

Horietako zein egokituko den hurrena gure doinura, horra galtzailerik gabeko kiniela bat.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA