Literatura

Anne Carsonek irabazi du Literaturako Nobel saria

Idazle kanadarra hainbatetan egon da saria jasotzeko hautagaien artean. Literatura garaikiderako «forma berriak» sortu dituela nabarmendu du epaimahaiak.

Anne Carson idazlea, 2025ean, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
Anne Carson idazlea, 2025ean, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
itziar ugarte irizar
2026ko urriaren 8a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan ez bezala, kinieletan maiz agertu izan den izen baten alde egin du aurten Suediako Akademiak, eta Anne Carson idazle kanadarrari (Toronto, 1959) eman dio 2026ko Literaturako Nobel saria. «Asmamen handiko obra kementsu bat sortzeagatik, tradizio klasikoarekin elkarrizketa ludikoan dagoena eta literatura garaikidearentzat forma berriak sortu dituena». Hala arrazoitu du bere erabakia epaimahaiak. Abenduaren 10ean jasoko du saria, Stockholmen. 

Obra oso zabal baten egilea da Carson. Poeta eta saiakeragile gisa nabarmendu da bereziki, eta egile klasikoen azterketan eta esparru horren eta literaturaren berrikuntzaren arteko erlazioan sakondu du bere ibilbide osoan. Horren erakusle da Safori buruz egin zuela doktore tesia. Baita haren lehen argitalpena ere: Eros the Bittersweet (1986), desirari, maitasunari eta Grezia klasikoan irakurketak eta idazketak zuten lekuari buruz diharduen saiakera.

Euskaraz Carsonen liburu bat dago irakurgai, Joxe Mari Berasategiren itzulpenean: Gorriren autobiografia: nobela bat olerki lerrotan (Erein, Igela, 2024). Hain justu, lan horrek ere Heraklesen mito bat ekartzen du gaur egunera, eta olerkiaren eta prosaren arteko hibridazio bat proposatzen du. 

Gorriren autobiografia-rekin batera, Nox (2010) da autorearen beste lan aipagarrienetako bat, zeina neba zenduari eskaini zion; elegia gisako testu luze bat da, eta orri lotuekin eta kaxa baten barruan plazaratu zuen Carsonek.

Ibilbide akademiko joria ere badu idazleak. Gaur egun, Literatura Klasikoa eta Literatura Konparatua irakasten ditu Michigango Unibertsitatean (AEB).  

Joera aldaketan berretsita

1901ean lehen aldiz banatu zenetik, Suediako Akademiak 104 gizoni eta hemezortzi emakumeri eman die Literaturako Nobel saria —Carsonekin hemeretzi dira orain arte saritutako emakumezko idazleak—. Lehenengo ehun urte pasatxoan, irabazlea gizonezkoa, europarra eta 60 urtetik gorakoa izan da ia beti. Joera hori, baina, aldatuz joan da azken urteetan, eta norabide hori berresten du aurtengo ebazpenak ere.

Iaz Laszlo Krasznahorkai idazle hungariarrak irabazi zuen aitortza, eta duela bi urte, berriz, Han Kang idazle hegokorearrak. Herrialdeka begiratuta, Frantziako idazleak izan dira sarituenak gaur artean —hamabi denera, horietatik bakarra emakumea; Annie Ernaux, 2022an—.

Carsonekin batera, Can Xue, Gerald Murname, Amitav Ghosh, Thomas Pynchon, Mircea Cartarescu, Cristina Rivera Garza, Salman Rushdie, Cesar Aira eta Margaret Atwood ziren faboritoak aurten Bethard eta Ladbrokes apustu etxeek egindako kinieletan.

[Albiste hau eguneratzen ari gara]

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA