Gorka Azkarate.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Malko uholdea

2025eko abenduaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiko lan izan genuen saioko une askotan malkoei eusten. Ertz ugari izan zituen finalak, eta inoiz ez bezalako bozgorailua bilakatu zen azken hilabeteotan astintzen gaituzten hainbat arazo eta mehatxuren aurkako aldarrikapena egiteko bidean. Emozioen zurrunbilo horretan Aitor Etxebarriazarragak jantzi zuen txapela. Sailkapen saioetan maila oso altua erakutsi ostean, urduritasun puntu batekin abiatu zuen saioa, beretzat egun handia izan zitekeela usainduko baitzuen, ziur, ordurako. Erregulartasuna izan zen bere armarik eraginkorrena, eta bakarkako hiru bertsoak 9ko motzean ondu zituen, une erabakigarri horretan bere buruaz oso seguru dagoen norbaitek bakarrik egin dezakeen hautua eginaz. Buruz burukoan eutsi eta eman, biak egin zituen, eta txanpona haren aldera erori zen. Zorionak, Aitor!

Orain hiru aste puntu tarte estu batean mugitu baziren Iruñeko oholtzara igo ziren zortzi finalistak, atzo Bilbon jokatu zen Bizkaiko finalean koxka bat egin zuen gora halako saioetan ohiko bilakatzen ari den berdinketa teknikoak: puntu erdira Onintza Enbeita. Zoriondu ez ezik eskertu beharrean gaude muxikarra. Txapelaren bila gosez doan norbaitena bainoago, bertso bakoitza barrutik kantatzeko ahalegina egiten ari denaren irudia transmititu zuen etengabe, eta behin baino gehiagotan berekin batera negar egin genuela aitortu beharra dago. Haren zigilu propioa zeramaten bi bakarkako lan hunkigarri oparitu zizkigun, eta ofiziokako lanean haren zenbait ateraldik Casilla leherrarazteko moduko txinpartak sortu zituzten. Txaber Altubek ez du atzoko eguna berehalakoan ahaztuko: bere lehenengo finala izateko patxada eta ziurtasun handiz kantatu zuen, urteetako lanak ekarritako heldutasunaren talaiatik. Bereziki deigarria izan zen gai bakoitzaren aurrean zer eta nola kantatu erabakitzeko orduan erakutsi zuen argitasuna eta erabaki azkarrak hartzeko gaitasuna.

Aitor Bizkarra aurreko saioetan erakutsitako maila altuaren zama arindu ezinda bezala aritu zen kantuan. Mikrora hurbiltzea tokatzen zaion aldiro edozer gauza egin dezakeen bertsolari horietakoa da Bizkarra, eta puntu erantzunetan nahastu xamar aritu bazen ere, ariketa gehienetan ekarpenak egiteko ahalegin handia egin zuen. Bakarkakoan sekulako bertsoaldia ondu zuen herentziari uko egingo dion familia aberats bateko kidearen paperetik, «ez ikasketa, ez ezagupen / ez nintzen egin, egin ninduten», eta Onintzarekin sinesgarri bezain hunkigarri Pirinioetan laguna galdu eta atzera berriz leku berera itzultzen direnen azalean.

Xabat Galletebeitiak ere pilatu zuen punturik, baina beste batzuetan baino lotuago sumatu genuen kantuan. Lan batzuetan egokitu zitzaizkion gaiek ere ez zioten beharrezko argitasuna aurkitzen lagundu. Jone Uriari dagokionez, esango nuke saioa jarraitu genuen gehienon kinielatan sartzen zela buruz burukoa jokatu ez ezik baita txapela janzteko ere, nola saio aurretik egindako iragarpenetan, hala lehenengo zatia amaitzerakoan ere. Harridura sortu zuen bere seigarren postuak, puntu tarte estuan erabaki bazen ere lehia. Erraz egin baitzuen algortarrak bertsotan, edo horrela ari zeneko sentipena jaso genuen behintzat oholtzapetik. Oilo-ipurdia eragin zigun Gernikako bonbardaketaren biktimaren larrutik botatako hiru bertso antologikorekin. Oihana Bartrak sekulako ekarpena egin zuen bertsoaldi bakoitzean erreferentzia errealak txertatu eta ofizioari sinesgarritasuna ematen. Maisutasunez jo zuen ironiara, eta publikoarekin sekulako konplizitatea lortu zuen une oro, Pantxoa eta Peioren bueltan eraikitako puntu erantzunetan edo hamarreko txikian Gorka Pagonabarragarekin gaurkotasun handiko ate birakarien gaiari helduz, kasu. Pago-ri dagokionez, sentipen orokortu xamarra izan zen amaieran merezi baino puntu gutxiago jaso ote zuen sailkapenean; horixe, sentipena... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.