Bihotz taupadak galdu ditu The Pogues bandak, 1980ko hamarkadatik aitzinera Irlandako musika tradizionala punkez blaitu eta hura mundu osora hedatu zuen taldeak. Andrew Ranken hil da, taldea sortzeko kasik lehenbiziko txinparta piztu zenez geroztik eta 2014an agur esan zuten arte bateria jotzaile aritutakoa. The Poguesek hari zor zion erritmo bizia, bai eta hamarkadetako bizialdia bera ere, bandak sare sozialetan zabaldutako komunikatu batean iradoki dutenez. Hain zuzen, Jem Finner, James Fearnley eta Peter Stacy Spider taldekideek sinatutako idazki batekin eman dute Rankenen heriotzaren berri, eta hiru musikariok honela definitu dute kide zendu berria: «Bateria jolea, taldearen sortzailea, The Poguesen bihotz taupada». 72 urterekin hil da Ranken.
Kariñozko hitz gehiago ere eskaini diote komunikatu berean: «Andrew, eskerrik asko guztiagatik; zure laguntasunagatik, zure asmamenagatik, zure eskuzabaltasunagatik, eta, jakina, zure musikagatik. Beti izanen zara benetako lagun eta anaia». The Clobberer ezizenez ere bazen ezaguna Ranken: «astintzailea», ingelesez.Â
Berrogei urte baino gehiagoko harreman artistiko eta pertsonala izan da Rankenen eta Finner, Farnley eta Stacyren artekoa. Izan ere, zehazki 1984ra egin behar da atzera The Pogues abian jarri zutenekora ailegatzeko, eta, are, 1982koa da lehenbiziko hazia, izatez. Peter Stacy Spider-ek (txirula), Jem Finerrek (banjoa), James Fearnleyk (akordeoia) eta Shane MacGowanek (ahotsa) Pogue Mahone taldea sortu zuten urte hartan, eta segituan egin zuten haiekin bat Cait O’Riordanek (baxua) eta, hain zuzen ere, Rankenek. 1984rako, aldatua zioten izena bandari, The Pogues deitu zioten, eta orduan eman zuten aurreneko diskoa ere: Red Roses for Me. Ordutik, The Poguesek kaleratutako kantu eta disko guztietan izan zen Ranken tartean, harik eta 2014an taldea desegitea erabaki zuten arte —aurrez, bost urteko etena zuten egina, 1996tik 2001era, zehazki—.Â
Gaur egun, taldea nabarmen aldatuta, baina kontzertuak ematen segitzen du The Poguesek, aldian-aldian: Stacy, Finer eta Fearnley aritzen dira.Â