Anoeta hartu du Fermin Muguruzaren unibertsoak

30.000 lagun ez ezik, mundu bat bildu du Fermin Muguruzak Anoetako estadioan. Aldarrikapen askoren hauspo eta Palestinaren aldeko oihu bihurtu du «akelarre antifaxista». Erabateko konexioa lortu du jarraitzaileekin, eta beste lau kontzertu iragarri ditu.

JON URBE / FOKU
Fermin Muguruzaren emanaldia, Anoetan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko ekainaren 15a
00:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Galarako jantzita heldu da jendea Donostiako Anoetako estadiora. Kortatu, Negu Gorriak, Frente Zapatista de Liberacion Nacional, Mano Negra, Niña Coyote eta Chico Tornado, Rotten XIII, Dead Kennedys, Putos Nzs eta beste hamaika izen eta lelo irakur litezke ikusleek soinean daramatzaten kamisetetan, nork bere modua baitu Fermin Muguruzak musikan egin dituen 40 urteak ospatzeko. Musikariak ez zuen alferrik esan kontzertuetako bakoitza «memoria ariketa kolektibo bat» izango dela. Iazko abenduan abiatu zuen nazioarteko bira, eta Donostiako Anoetako estadioan izan du egun handietako bat: 30.000 ikusle batu ditu, arratsaldetik hasita.

Lau kontzertu gehiago iragartzeko ere baliatu du plaza: Euskal Herria Zuzenean jaialdian Arberatzen (Nafarroa Beherea), Arrasaten (Gipuzkoa) uztailaren 6an, Gasteizko jaietan txosnetan eta Irungo (Gipuzkoa) Mosku auzoko jaietan abuztuaren 14an arituko da taldea.

(ID_15059959) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-06-14, Donostia. Fermin Muguruzaren kontzertua
DAM taldea oholtzan, Fermin Muguruzaren kontzertuan, Donostian. JON URBE / FOKU

Niña Coyote eta Chico Tornado taldeari motorrak berotzea egokitu zaio Anoetako estadioan, lehenak izan baitira oholtzara igotzen; besteak beste, Atea disko berriko abestiak aurkeztu dituzte. Artean harmailak bete gabe, euriak une batez atertzera egin ahala joan da jendea beheko plaza betetzen, eta ikusle multzoa girotu denerako, azken abestietara heldu da Niña Coyote eta Chico Tornado taldea. Amaierakoan esker beroak eskaini dizkiote Muguruzari, hitzorduaren parte egin dituelako. Bisetarako aukerarik gutxi, ordea, eta haien jarraitzaileak gogoz gelditu dira.

Oihana Barrena eta Sambou Diaby aurkezleek hartu dute mikrofonoa jarraian, eta Palestinako DAM hip hop taldeari eman diote bidea. Haien kontzertuaren aurretik egitekoa zen elkartasun argazki kolektiboa atzeratu egingo zela ere iragarri dute Barrenak eta Diabyk: «Pixka bat atertu arte itxarongo dugu».

(ID_15060070) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-06-14, Donostia. Fermin Muguruzaren kontzertua

Sarrerakoan banatu dituzten Palestinako banderak ezin atera ditu jendeak, paperezkoak izaki. Dagoeneko blai eginda, DAM taldearen jarraitzaile gehienek Anoeta estadioko barrualdera jo dute, eta zelaia aski hutsik gelditu da.

DAMek azken abestia jotzearekin batera, banderak ateratzera animatu dute jendea Barrenak eta Diabyk; argazkia atera ahal izateko, oihuka egin diote aurre euriari: «Palestina askatu!». Azkenean, euripean egin da Palestinaren aldeko argazki  kolektiboa.

Aterrunea

Des-kontrol taldeak itzuli dio distira festari. Atertu ere egin duela aprobetxatuz, saldoka agertu da jendea harmailetara eta zelaira, Fermin Muguruzaren aurretik jotzen aritu den taldearengana. Besoa goratuz eta abeslariarekin batera kantatuz eta dantzatuz eman diote segida Arrasateko taldeak eskaini duen kontzertuari.

Eta heldu da momentua. Maputxeak abestiararekin eman dio hasiera bere kontzertuari Fermin Muguruzak. Mikrofonoa hartu duenerako agerikoak egin dira Anoetako hitzordura heldu diren 30.000 lagunak, eta ziztuka eta bibaka hartu dituzte haren lehen hitzak: «Gabon Euskal Herria! Mundua zeharkatu eta gero, etxean da berriro akelarre antifaxista. Gora gu eta gutarrak!». Aitor Zabaleta izan du gogoan, jarraian.

Talde trinkoa osatu du Muguruzakbirarako: elkarri josita, hari berekoak balira bezala jotzen dituzte Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan zein bakarka aritutakoan sortutako abestiak.

Korrika egunean migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituzten zazpi lagunei elkartasuna erakusteko egin dute lehen pausa —«elkartasuna ez da delitua!»—, eta Kortatu garaiko abestirik ezagunenetako bat eskaini die haiei eta elkartasun taldeetan dabiltzan guziei: Hay algo aquí que va mal. Txalo zaparrada jaso du. Baita La linea del frente jo dutenean ere, Donostiakoturistifikazioari muzin egiteko igandeko manifestazioa gogora ekarri duenean.

Anaia gogoan

Akelarre antifaxistak pletoriko dauka jendea, eta ez dago haren parte sentitzen ez denik. Dena da dantza eta kantu. Dena da festa eta aldarri. Eta halako jendetza Muguruzaren erritmoan bat eginda ikustea bezain hipnotikoak dira pantailetan proiektatzen dituzten irudiak. Hunkigarrienak duela bost urte zendu anaiaren irudi eta bideoak izan dira. Une batez dantza egiteari utzi, eta haiei begira gelditu da jendea, Bizitza zein laburra den kantuaren konpasean. «Euripean ere Iñigoren presentzia sentitzen dut», esan du Muguruzak. 

Bizpahiru minutuko une sentituari festaren festak jarraitu dio baina. Nikaraguasandinista abestiak jauzika jarri du jende guztia, eta euri zaparradek ere ez dute giroa makaldu.

Negu Gorriak taldeak Ustelkeria abestia dela-eta Espainiako Guardia Zibileko Galindo generalarekin izandako aferak ere izan du tokia kontzertuan. «Horrenbeste oztopo eta zentsura, eta hemen gaude, bizitza ospatzen eta borrokarako prest», gogoratu du Muguruzak, Txikito abesteari ekin aurretik.

Jon Maia bertsolariak hartu dio erreleboa, Galindoren aferan auzipetutakoa hura ere. Segidilla gisako koplak kantatuz, 30.000 lagunen arreta osoa jaso du. Mikel Txopeitia, Mikel Anestesia eta Kaki Arkarazo igo dira oholtzara gero: «Sustraiak, rock, rap, reggae», entzun da orduan. Itxoiten ere jo dute Negu Gorriak taldea osatutako kideek.

Gonbidatu guztiek jaso dute txalo eta zalaparta, eta bereziki txalotu dituzte Gorka Urbizuren eta Itziar Ituñoren kolaborazioak. Radio Rahim jo dute Urbizurekin; Sarri, Sarri Ituñorekin. «Euskal Herriko lehendakari» deitu dio azken horri Muguruzak. 

Ezin konta ahala une gogoangarri izan ditu hiru orduko kontzertuak. Nekez ahaztuko dituzte Fermin Muguruzaren ibilbidea ospatzera bildu diren 30.000 lagunek.

Euriak Anoetako estadioaren atariko panorama aldatu du hein batean. Ateak zabaldu artean —ia 18:00etan—, Atano III pilotalekuan, Amara auzoko balkoipe zein estalpe inprobisatuetan eta tabernetan hartu du babes jendeak. Badira, halere, euriari desafio egiten diotenak ere: Palestinako bandera eskuan hartuta, selfieak egin ditu gizon talde ugari batek, estadioaren aurreko plazaren erdian jarri eta Jallah, Jallah Ramallah kantatuz.

Antolaketari buruzko kexarik ere izan da, hala ere. Horietariko batzuk sare sozialetan zabaldu dituzte. Besteak beste, sartu ezina, ilara luzeak eta komun publikoen falta aipatu dituzte gabezien artean. 

Euskal Herriko azken aurrekoa

Munduan barrena egiten ari den biraren barruan, Euskal Herrian emango duen azken aurreko kontzertua da Donostiakoa. Urriaren 4an joko du amaierakoa Iruñean, eta hori baino lehen Tokion (Japonia) joko du uztailaren 23an. Iñigo anaiaren omenezko kontzertuaz geroztik —abenduaren 17an izan zen hura— plaza ugari bete du Muguruzak. Ikusgarriak izan dira horietarik gehienak, baina oztopoak ez ditu gutxi izan. Mexikon, esate baterako, bi hitzorduetatik bat zapuztu zuten poliziek, armak eskuetan zituela jendea aterarazi baitzuten.

Emanaldiak atzera begiratzeko baliatuko zituen arren, bere orainaldia aldarrikatu nahi zuela adierazi zion musikariak BERRIAri, iaz, eta jarrera horren erakusle izan dira orain arteko saioak. Besteak beste, horren froga dira munduko txoko batean zein bestean aritutakoan berarekin joateko hautatutako taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.