Arroka arteko maitasun dramatikoak

Thierry Malandainek ortziralean eman zuen azken aldikotz 'Chambre d’Amour' balleta. Harekin hasi zuen ibilbidea Miarritzeko Koreografia Zentroan, eta ortziralean berriz eman zuen koreografo karrera agurtzeko gisan.

'Chambre d'Amour' balleta, Miarritzen, buruilaren 5ean. STEPHANE BELLOCQ
'Chambre d'Amour' balleta, Miarritzen, buruilaren 5ean. STEPHANE BELLOCQ
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2025eko irailaren 8a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Publikoa zutik eta oihuka hasi da, Gare du Midi aretoa kirol estadio bat balitz bezala. Thierry Malandain 2000. urtean heldu zen Miarritzera (Lapurdi) Chambre d’Amour haren lehen obrarekin, eta huraxe plazaratu zuen berriz joan den ortziralean. Hunkitua agertu da Malandain ikusgarria hasi baino lehen, hainbertze esku zarta eta oihuren artean. «Sakonki hunkitua naiz, baina 2026ko abenduan noa; denbora gelditzen zait oraino». 

Joan bizkitartean, Dantzaren 35. Maitaldia irekitzeko, Malandainek, Chambre d’Amour lanaren bidez, gogorarazi nahi izan du Miarritze eta Angelu (Lapurdi) arteko leizean urak bi amante eraman zituela. 1817an, Etienne de Jovy idazleak Saubade eta Laorens maiteminen istorio dramatikoa bildu zuen lehen aldikotz. Maiteminduen familiek ez zuten harremana onartu, eta, beraz, leizean gordezka loratu zuten beren harremana, mareak harrapatu eta heriotzak eraman zituen arte.

Maitasuna eta drama dira balletaren bi ardatz nagusiak. Peio Zabaleta konpositorearen eta Marina Pacowski piano jolearen obra sinfonikotik eta makabrotik abiatuta, Malandainek dantzarien mugimenduak marraztu eta berriz oholtzaratu ditu Maitaldiaren karietara. Gainera, ez da Angeluko bi maitaleen arteko istoriora mugatu, Bibliatik hasirik literaturan agertu diren bertze hainbat bikote dramatiko ere gorpuztu baititu. 

Maitasuna eta drama

Piano doinuekin argitu da oholtza. Bi arroka ageri dira eszenatoki aitzinean, uhinak irudikatzen dituen gibeleko dekorazioarekin batera. Saubade eta Laorensen kondairari unibertsaltasuna emateko, Abelen hiltzearekin hasi du balleta. Gizadiaren lehen hilketa piano makabroak eta motelak dramatizatu du, Abel haitzen artean lehertzen ari zen artean. 

(ID_17573386646295) Chambre d\'Amour, Julien Palus
'Chambre d'Amour' balleta, Miarritzen, duela 25 urteko argazki batean. JULIEN PALUS

Ondotik, bertze lau bikoteren ibilbide dramatikoak dantzatu dituzte. Otelok Desdemonari fular bat oparitu dio haitz gain batetik, baina hilketa batekin bukatu da eszena. Segidan, Romeo eta Julieta agertu dira besarkaturik dantzan. Besarkadak garrantzitsuak izan dira ikusgarrian, dantza gehienak besarkaturik izan baitira. Harremana ez da bakarrik afektiboa izan dantzarien artean: bikoteak fisikoki kolaturik aritu dira, eszena guzietan maitasuna eta drama tartekatuz. Musika azkar batekin hasi dira eszenak; dantzariak lurrean eta hilik agertu dira, eta doinu geldo eta makabroek markatu dute heriotza. 

Dido eta Eneasen harremana ere haitzen inguruan gauzatu da, Oteloren eta Desdemonaren drama gibelean utzirik. Lehen bi haitz zirenak sei bilakatu dira, eta oholtza gaineko pauso guziak haien inguruan jokatu dituzte. Leku batetik bertzera finki eta sotilki eraman dituzten arren, haitzen gainean, artean eta gibelean dantzatua da dena; maitale bat bederen arroken gibelean edo ondoan hilik finitu dira kapitulu guziak.

(ID_17573387046695) Chambre d\'Amour, irailaren 5a
'Chambre d'Amour' balleta, Miarritzen, buruilaren 5ean.

Bukaeran, Orfeo eta Euridize, bertzeak bezala, oholtzan agertu dira musika azkar batek akonpainaturik. Maitasunaren zantzuak hasi dira garatzen besarkaturik dantzatu diren bikoteen artean. Baina arroka gainean etzanik aritu diren bizkitartean, sei dantzari aitzinera arribatu eta guziak lerroan eman ondoan eskuekin jestu simetriko eta kilikatzaileak egin dituzte danbor kolpeek markaturik. Uhinak igaten ari diren seinalea da, eta, maitaleak harrapatuak izan baino lehen, oholtza zokoko dekoratua bitan zatituz ireki dute, argi itsugarri bat zabalduz publikoari buruz.

Itsasoa zabaldurik eta elkarri potta emanik, Orfeo eta Euridize itsas zabalera eskuz esku abiatu dira. Hastapenean palto beltz lodi banaz beztiturik agertu badira, poliki-poliki biluztu maitaleak itsasoak irentsi ditu. Haien gibelean dekoratua hetsi ondoan, balletaren bukaera iragarri du erridau gorriak, hetsi denean. 

Ikusgarri osoan publikoan zegoen isiltasun pizua hautsi da, eta txalo zaparraden artean 22 dantzariek banaka-banaka publikoa agurtu dute. Ondoan zuzendaria iganarazi dute, erdian eman eta duela 25 urte bezala, publikoa berdin-berdin agurtu du. Jauzi eginez eta burua beheitituz, dantzari eta koreografo ibilbideak utzi esperientzia guziari omenaldia egin dio Malandainek, Chambre d’Amour-ekin hasi bezala bukatu baitu bere ibilbidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.