Literatura

Aurtengo Tene Mujika beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako lanak saritzea du helburu. Zazpi proiektu aurkeztu dira aurten, baina guztiei «gabeziak» ikusi dizkiete epaimahaiko kideek.

Mikel Sotok azaroan aurkeztu zuen, Donostian, Jon Miranderi buruzko liburua. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Sotok azaroan aurkeztu zuen, Donostian, Jon Miranderi buruzko liburua. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2026ko urtarrilaren 13a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026. urteko Tene Mujika bekak ez du irabazlerik izango, Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak hala erabakita. Zazpi proiektu aurkeztu dira deialdira, eta, epaimahaiaren arabera, «denak ziren, printzipioz, interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere». Horrenbestez, eta «bekaren prestigioari eusteko», aurten beka ez ematea erabaki dute.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta haren helburua Euskal Herriko historia hurbila landuko duten lanak saritzea da. Bekari esker argitaratutako azkeneko lanak Jon Artanoren Juana, Alaitz Melgarren Josefa, neskame eta Mikel Sotoren Mirande, herriminez, ezin-minez izan dira. Azken hori joan den azaroan aurkeztu zuen Sotok berak, Donostian.

Iaz Iñaki Sagarnak eta Lander Aranberrik irabazi zuten saria. Euskal Herriak Israelekin izan duen jarreraren bilakaera aztertzea da haien asmoa, eta orain ari dira lana amaitzen. Ondo bidean, aurten argitaratuko du liburua Elkarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.