Azurmendiren itzala kulturgintzan

Joxe Azurmendi hil berritan, euskal kulturako hainbat kideren iritziak bildu ditu BERRIAk: Mariasun Landa, Josu Landa, Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga, Alba Garmendia, Alaitz Aizpuru Joaristi eta Koldo Izagirrerenak.

Joxe Azurmendi, artxiboko irudi batean, 2018an. JON URBE / FOKU
Joxe Azurmendi, artxiboko irudi batean, 2018an. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola - Garbiñe Ubeda - Itziar Ugarte Irizar
2025eko uztailaren 3a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Mariasun Landa. Idazlea

«Kulturgintzaren genealogian ezinbesteko izena izango da beti»

 

Asko sentitu dut haren heriotza. Frantziskotar izandako haiek talde bat osatzen zuten; erreferente kultural inportantea izan ziren, niretzat eta beste askorentzat. Gehien ezagutu nuena Joan Mari Torrealdai izan zen, ikaskide izan bainuen Parisen. Esango nuke taldeko gainontzeko kideek ere miresten zutela Azurmendi, hura zelako agian intelektualena-edo.

Azurmendirekin ez nuen halako harreman esturik izan, baina hain zen xarmanta, atsegina eta goxoa, oso erraza baitzen harekin tratua. Hark idatzitako lan filosofikoek garrantzi handia izan dute euskalgintzan: erreferente ekidinezina da, zalantzarik gabe. Kulturgintzaren genealogian ezinbesteko izena izango da beti.

Bestalde, bere ibilbideagatik eta Alemaniako autoreei erakutsitako atxikimenduagatik ere garrantzi handikoa da, izen esanguratsu asko ekarri baitzituen euskarara, eta hori altxor handia da guretzat. Frankismoan eta frankismo ostean zubi lana egitea egokitu zitzaion, eta hausnarketa inportanteak ekarri zituen: marxismoa, kristautasuna, arazo sozialak... Maila intelektualean, buru handienetako bat izan da nire inguruan.

Konfiantza handia dut, bere obra finkatuz joango da denborarekin, eta erreferente izatetik ikasia eta estudiatua izatera pasatuko da. Unibertsitatea ez da leku txarra horretarako, plataforma ederra da pentsalari batentzat.

Josu Landa. Idazlea eta editorea

«Eskertu ezinezko jarrera militantea izan zuen»

 

EUTGn Euskal Filologia ikasten ari nintzela ezagutu nuen. Oso irakasle ona izan zen, maisu handienetakoa. Haizearen itzalak nire lehen poema liburua pasatu nion, eta nire aita ponteko bihurtu zen, Joan Mari Lekuonarekin batera. Liburuaren hitzaurrea idatzi zidan Azurmendik.

Horri esker konfiantza hartuta, nahiko maiz joaten nintzen haien fraide pisura, Ategorrietara. Valverde inprimategiaren ondoan zegoen. Gaueko hamarretan txirrina jo, eta tertulian aritzen ginen.

Ezagutu dudan jenio bakanetako bat izan da, intelektual paradigmatikoa.

Baina haren militante izaera ere nabarmendu nahiko nuke, itzalean geldi litekeelako hori. 1980ko hamarkada hasieran, Argia berpiztu nahian hasi ginenean, kosta egiten zitzaigun aldizkaria betetzea. Euskal prentsa desauziatuta zegoen garai hartan. Abertzaletasun ia osoak eta euskaltzaletasunaren gehiengoak prentsa elebidunaren aldeko apustua egin zuen, eta Argia-k ez zuen etorkizunik haien ustez. Testuinguru horretan asko kostatzen zitzaigun aldizkaria betetzea. Halako batean laguntza eskatu genion Azurmendiri, eta hiru egunen buruan edo, folio eta erdiko dozena bat artikulurekin agertu zitzaigun erredakzioan, nahi genuenean eta nahi bezala argitaratzeko. Odolean zuzenean punpatutako oxigeno hutsa izan zen hori guretzat.

Bigarren Korrikako irudi bat datorkit akordura, 1982koa. Garai hartan EAJk guztiz demonizatuta zeukan Korrika. Bada, Argia-k azken kilometroetako bat hartu zuen, Donostian. Joxemi Zumalaberi bururatu zitzaion Azurmendiri proposatzea lekukoa eraman zezan, baita onartu ere Azurmendik, eta hortxe ageri da, Argia-ren kilometroan lekukoa eskuetan, Prim kalean. Hori, garbi esanda, militantzia da, eta hori nabarmenduko nuke. Poeta gisa, Manifestu atzeratua-n iradoki zuena praktikara eramaten saiatu da bizitza osoan. Alegia, utopiaren alde, herri bat egiten saiatuko gara. Eta esperantzarekin beti. Eta bere irribarre eternoarekin. Baita lan eginez ere, gogotik. Eskertu ezinezko jarrera militantea izan zuen.

Andoni Olariaga. Idazlea eta pentsalaria

«Irribarre bat ahoan eta laguntzeko prest beti; horixe da Azurmendiren figura niretzat»

 

Irakasle izan nuen. Gazte nintzela, harengana jo nuen euskal gatazka ulertzeko eta euskal problematika ulertzeko, eta gero erreferentziazkoa bihurtu zitzaidan. Urte askoan, elkarrekin aritu gara hainbat proiektutan, adiskidea ere izan da, bai eta aitita intelektual moduko bat ere, niretzat.

Zoritxarrez, ez du merezitako aitortzarik izan; ez dute hartu pentsalari osotzat, gure herria ere ez delako herri osotzat hartzen. Horregatik, askotan nazionalismoaren pentsalaria dela esaten da, eta hori ere bada, baina ez soilik hori. Filosofian izan zitezkeen gai arantzatsu guztiak ukitu ditu bere pentsamenduak, eta kulturaren aktibista ere izan da.

Herri honek garai bakoitzeko zeuzkan arazoak aztertu, horien gainean ahal zen guztia irakurri eta apunteak bildu ditu Azurmendik. Halaxe azaltzen baitzituen bere liburuak, hain zuzen, apunteen bildumak balira bezala. Bere jakintza entziklopedikoa eta apaltasuna maila berekoak izan dira beti. Eta horixe da, hain zuzen, gehien miretsi diodana: bere apaltasuna. Baita bere zorroztasuna ere, baina inoiz ez da mintzeko asmoz izan. Era berean, probokatzailea izan da, baina pentsatzera bultzatzeko. Bere izaera eta balioak ere mirestekoak iruditzen zaizkit. Irribarre bat ahoan eta laguntzeko prest beti; horixe da Azurmendiren figura niretzat.

Idurre Eskisabel. Kontseiluko idazkari nagusia

«Mundua euskaratik eta euskaraz eraikitzeko argi nagusietako bat izan da»

 

Dudarik gabe, itzela da Joxe Azurmendik euskararen normalizazioari eta biziberritzeari —eta orokorrean Euskal Herriari— egin dion ekarpena. Nolabait, berak eta 56ko belaunaldiko beste kide batzuek —baina Joxe Azurmendiren ekarpena berariaz eta propio azpimarratzeko modukoa da arlo honetan— euskaltzaletasun garaikidea eratu dute. Ohartarazi digute gure kausa fundazionala, min fundazionala edo auzi fundazionala hizkuntzarena dela; euskal herritartasuna, euskal izatea, hizkuntzan oinarritzen dela, hori dela gu egiten gaituen argamasa, eta hori dela nolabait munduan lekua egiten diguna. Joxe Azurmendik erakutsi zigun, besteak beste, bere gizaberetxoa hizkuntzaren bidez jabetzen dela bere buruaz, bere izateaz, eta, ondorioz, munduaz. Alde horretatik, mundua euskara bera da, eta mundua euskaratik eta euskaraz eraikitzeko argi nagusietako bat izan da, euskaltzaletasun garaikidearen zizelkatzaile bat.

Erakutsi digu, gainera, euskara bera mundu dela, baina mundu izateko ze garrantzitsua den garaiko gai, auzi eta eztabaida orohartzaile edo globalizatzaileetan egotea, edo elkarrizketa izatea auzi horiekin, pentsamendu ildo horiekin. Horiek ekartzen, gure egiten eta gure ikuspegian txertatzen maisu izan da, eta, alde horretatik, auzi unibertsal edo orohartzaile horiek gugan kokatzen egin duen ekarpena ere sekulakoa da. Horren seinale da, dudarik gabe, oraindik ere pentsalari eta ikerlari berrien arrastoa Joxe Azurmendiri segitzea dela.

Beraz, esker on izugarria. Batzuek egindako ekarpena aitortzeko uste dut hitzak hutsalak izaten direla, eta oso mugatuak, baina horixe azpimarratuko nuke: bide asko zabaldu dituela, oraindik ere emankorrak diren bideak, oraindik ere ibiltzeko ditugunak, euskaratik eta euskaraz mundua egiteko proposamenak zabaldu dizkigula. Aurrerantzean ere, oxala, segituko dugu Azurmendik zabaldutako ildotik bidea egiten.

Alba Garmendia. Filosofian doktorea

«Azurmendi irakurriz, pentsatzen ikasten da»

 

Heriotzak denbora eskatzen dit, hil denarekiko isiltasunezko errespetu bat-edo. Utzi duen hutsuneari aitortzatxoa egiteko izango da, auskalo. Baina epe motzeko erreakzio azkarrak behar ditugu gaur, nork zer esan duen jakin, gurea bota, eta Azurmendiren heriotzari bere obraren tamainako erantzunekin erantzun: asko eta handi. Dolu kolektiboa, ongi etorri.

Idatzi duen adina pentsatzeko bide ematen du Azurmendiren obrak, inondik ere, eta egun hauetako iritzi, aitortza eta azpimarra askotarikoak badira honen erakusle: ez dago bere ekarpena ideia soil batzuetara ekartzerik. Baina zerbait esan behar, eta zera esango nuke: Azurmendi irakurriz, pentsatzen ikasten da.

Marko propioetatik pentsatzea zer den erakusten digu. Konplexu probintzianoetatik askatzen laguntzen du. Berarekin ikasten da frantsesak eta espainolak bezainbesteko duinak eta inperfektuak garela euskaldunak. Nor izateko eskubidea dugula. Pentsatzea zalantza egitea dela erakusten du, egia absolutuei mesfidantza izatea ez dela erlatibismo zentzugabean erortzea. Ez garela jainko txikiak. Mitoak behar ditugula, baina mitoekin bakarrik ez goazela inora. Laburpena? Lehenengo Azurmendi irakurri, gero irakurritakoa pentsatu eta, bukaera-bukaeran —agian (ez)—, gurtu.

Alaitz Aizpuru Joaristi. Joxe Azurmendiren pentsamenduaren ikerlaria

«Azurmendiren lana euskaldun gisa bizitzeko kontzientzia askatasuna da»

 

Norbaitek kultur itxitasunaren susmorik pizten ez badu, hori Azurmendi eta bere lana da. Belaunaldiren batek sutsuki Euskal Herritik Europarako eta mundurako bidea ireki eta zabaldu badu intelektualki, hori gerraosteko Azurmendiren belaunaldia da.

Eta halatan ere, aurreko horrekiko inongo kontradikziorik suposatu gabe, euskal mundu propio baten aldeko ahalegina zen berea, gizatasun errotu batena.

Euskarazkoa bakarrik izango zen mundu horren alde egindako hautua zen bere lanak ere euskaraz idatziak izateaz gain, ondoren, erdaretara ez itzultzea. Bere lanak euskarazkoa bakarrik eta euskaldunona bakarrik izango zen eremua elikatzeko, aberasteko balio zezaten nahi zuen. Azurmendiren pentsamendura eta lanera gerturatu nahi duena euskarara eta euskaldunon mundura gerturatu dadila, alegia. Eta ez alderantziz. Konbikzio handiz bizi zuen hautu hori, nahi bada, sakrifizio hori. Gaur egungo kanpora begirako kultur ikuspegi obsesibotik, askorentzat ulertezina eta galera.

«Nire obra ia dena euskaraz dago. Zergatik? Erabaki pertsonala da».

Azurmendiren lana euskal autokontzientziaren eraikuntzan, euskaldunen (ber)egitean eta euskaldunen zerbitzurako legitimazio propioen lanketan harribitxi zaigu. Euskaldunok geure buruaz hitza hartzeko, hitz egiteko, geure burua izendatzeko eta geure kontzientzia propioa garatzeko ariketa apartak dira bere lanak.

Azurmendiren lana bereziki euskal komunitatearen norberatasuna indartzeko esfortzu handi bat izan da. Euskaldunon kontzientziak inbaditzeko, menderatzeko, menderatu ezin izan direnean zanpatzeko erabili diren amaraun teoriko, etiko eta politikoen aurkako sormen lan handi bat, batetik. Eta legitimazio arrotzik behar ez duen euskaraz eta euskaratik eraikitako bizimodu eta pentsamendu batena, bestetik.

Azurmendiren lana, euskaldun gisa sentitzeko, begiratzeko, pentsatzeko, erabakitzeko, funtsean, bizitzeko kontzientzia askatasuna da. Inoren sukurtsal mental, kultural, moral, politikoa ez izateko barne askatasunerako arnasa.

Koldo Izagirre. Idazlea

 

berririk ez
hil egin zarela 
besterik ez

 

pagoak ezin ulertu 
zure presa bidean
besterik ez
gauaren mugatik 
haratago zoazela
besterik ez
horrelakoa da 
euskal gizakia
besterik ez 
horrek lotu zintuen
kate horrek
besterik ez
suak erreko ez balu 
eta euriak busti ez…
herri hau doan tokira
biderik ez

 

berririk ez
zure eskuetan 
ernai ziren hitzak
ez direla hilko
besterik ez 
 

KONTSEILUA: «EUSKALTZALETASUN GARAIKIDEAREN ZUTOINETAKO BAT IZAN DA»

Euskalgintzaren Kontseiluak «atsekabea» adierazi du Joxe Azurmendiren heriotzagatik, eta, ohar bidez, esker ona ere adierazi nahi izan diote «euskararen normalizazioari eta euskaltzaletasunari egindako ekarpen emankorragatik».

 

Azurmendik, 56ko belaunaldiko beste kide batzuekin batera, euskararen auzia «oinarrizko eta egiturazko auzia» dela ulertarazten lagundu zuela azpimarratu du Kontseiluak. Eta euskal hiztun komunitatea «larrialdi egoera hartatik pizkunde berri batera eramateko konpromisoa» bete izana aitortu diote, halaber. 

«Euskalgintzaren iparretako bat joan zaigun arren, bere ideiek gurekin jarraituko dute», adierazi dute. «Ez alferrik, ezaugarri eta erronka berrituekin bizi dugun larrialdi linguistikotik indarraldi berri bat artikulatzeko konpromisoan berresten gara gu ere».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.