Musika

BB Trickz, David Byrne, Idles, Yerai Cortes, Sara Zozaia eta beste izanen dira 2026ko BBK Liven

Uztailaren 9tik 11ra Bilboko Kobetamendin ariko diren 44 musika talde iragarri dituzte kolpez. Euskal Herriko hiru dira haien artean: Sara Zozaia, Aimarz eta Marte Lasarte. Aurresalmenta zabalik da jada, eta hilaren 17an irekiko dute salmenta orokorra.

Idles taldearen kontzertu bat, artxiboko irudi batean. ALEJANDRO GARCIA/EFE
Idles taldearen kontzertu bat, artxiboko irudi batean. ALEJANDRO GARCIA/EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abenduaren 11
12:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtearen hondarrera ailegatzearekin batera heldu da, askorentzat, begirada urte berrira hedatu nahia. Hori bera bultzatu du BBK Live musika festibalak ere. Jaialdia atzera kontaketan sartua da dagoeneko. Zehazki, zazpi hilabete eskasen buruan ekinen dio bere hogeigarren aldiari, Bilboko Kobetamendin atzera, eta bota du amua dagoeneko. 2026ko uztailaren 9tik 11ra eginen dute hurrengo edizioa, eta bertan joko duten artista zerrenda luzea eman du argitara. 44 musika talde jakinarazi dituzte kolpez, eta haien artean dira, besteak beste, Alabama Shakes, Charlotte de Witte, David Byrne, Idles, Interpol, Richie Awtin Dex EFX XOX eta Robbie Williams. 

Jakinarazi dituzten 44 artisten artean, gutxiengo txiki bat baizik ez da Euskal Herriko ordezkaritza. Hiru dira, baina, hori bai, euskarazkoak hirurak. Sara Zozaia, Aimarz eta Marte Lasarte izanen dira Kobetamendin. 

Iragarritako artista guztien zerrenda BBK Liven webgunean kontsulta daiteke. Dena dela, aipatutakoez gain, hauek dira baieztatutako kontzertuetako beste batzuk: BB Trickz, Belen Aguilera, Depresion Sonora, Fatoumama Diawara, La MODA, CMAT, Yerai Cortes, Ralphie Choo eta Zaz.

Gaur-gaurkoz, aurresalmentarako eskubidea dutenek baizik ez dute sarrerak erosteko modurik. Gaur bertan zabaldu dute bide hori, aurrez ere festibalean izan direnentzako, esklusiboki —145 euroan dago salgai sarrera bakoitza—. Aurresalmenta orokorra, berriz, abenduaren 17an irekiko dute, 10:00etan. Sarrera bakoitzak 160 euroko prezioa izanen du orduan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.