«Zintzoki esanda, oso konplikatua da». Neurri batean, bizkarra ematen dion publiko bati ari zaio euskal itzulpengintza. Euskal irakurle gehien-gehienek nahiago baitute gaztelaniara edo frantsesera jo nazioarteko literatur lanak irakurtzeko. Baina edozein literatur sistema bizia eta sendoa izango bada, behar du munduko literaturarekin elkarrizketan egon, horretan ados dira denak, eta apustu horren alde lan egiten jarraitzen dute itzultzaileek eta argitaletxeek. Askotan jakin gabe beste aldean norbait ba ote den, zenbaitetan dirua galduz bidean, eta zorioneko ezusteak ere ospatuz aldizka. Zubiaren sinboloa erabiltzen da maiz munduko letren joan-etorria irudikatzeko, eta bistan da aldats goran zutitutako zubia dela euskararen eta munduko literaturaren artekoa. Aldatsean dena, baina ez geldi.
Euskal literaturara nazioarteko lanak modu sistematikoan ekarri dituen proiektu erreferentzialik bada, Literatura Unibertsala bilduma da hori. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak jarri zuten martxan, 1989an, eta hiru aro izan ditu ordutik: 1990-2002 artekoa lehena —Ibaizabalen eskutik, 100 liburu eman zituzten—, 2002-2010 artekoa bigarrena —Elkar eta Alberdaniak 52 liburu kaleratu zituzten—, eta 2011tik gaur artekoa hirugarrena. Azken aro horretan 50 lan argitaratzeko ardura hartu zuten Erein eta Igela argitaletxeek —lehiaketa publikoz hautatu izan dira argitaratzaileak—, eta, hain justu, bete berri dute kopurua: azken deialdian esleitutako hiru lanen ostean, 200. zenbakira helduko da bilduma, eta hitzarmena osatutzat joko da.
«Orain arte egindakoa pixka bat aztertzea tokatzen da», beraz, Joannes Jauregi itzultzaile eta EIZIEko kidearen esanetan. Hura aritu da, beste hiru kiderekin batera —Isabel Etxeberria, Manu Lopez Gaseni eta Arantzazu Royo—, Literatura Unibertsalak orain arte egindako bidea aztertzen. Inguruan iritziak bildu dituzte horretarako, eta, laburrean, hala azaldu du zer garapen izan duen bildumak urteotan: «Hasieran, kanon oso tradizionalaren araberako lanak itzuli ziren; bigarren aroan, antzera, XX. mendeko klasikoetan zentratu zen bilduma; eta hirugarren aroaren erdian gogoeta bat egin zen, ordura arteko bideari buelta bat emateko eta emakumeak eta perspektiba postkoloniala txertatzeko». Jauregiren ustetan, alde eta kontra jokatu du erabaki horrek: «Beharrezkoa zen ikuspegi bat txertatu da, baina bilduma frankenstein samarra geratu da; hasieran dauzkazu Dickensen Garai latzak, Kiplingen Kim, Mendebaldeko gizonen nobela handiak; eta orain, Tsvetaievaren gutunak, Anne Carsonnen nobela bat poematan... Denetik dago toki berean, eta akats bat izan daiteke, baina bertute bat ere bada aldi berean, ze literatura unibertsala dena da».
«Lehen hamar urteetan ehun liburu itzuli ziren —ehungarrena 'Hamlet' izan zen—, eta, beste horrenbeste egiteko, 25 urte behar izan dira»JOANNES JAUREGIItzultzailea
Horiek horrela, aurrera begira, «errebisionismoaren perspektibak» hor jarraitu behar duela iritzi diote, baina «gidaritza» ikuspegi horrek hartu gabe. «Mantendu behar da antikanonaren ikuspegia, baina helburu nagusia hori izan gabe», argitu du Jauregik. «Gogoeta orokorra izan da bueltatu behar dugula pixka bat klasikoak ekartzera, kritikaren aldetik bestelako balio bat duten lanak; eta, horren barruan, jakina, saiatu munduko literaturaren aniztasuna islatzen».
Amaia Apalauza itzultzailearen esanetan ere, bidea hortik da. «Hasieran lan kanonikoetan kanonikoenak aukeratu ziren; bilduma oso zuria, maskulinoa eta eurozentrista zen, baina azken urteetan ahalegin handia egin da horri buelta emateko, eta uste dut hortik segitu beharko genukeela. Oraindik gauza asko falta dira —LGTBIQ+ literaturako lan erreferentzial nagusiak, esate baterako—, eta falta dira lan kanonikoak ere, zeinak ekartzen segitu behar dugun».
«[Literatura Unibertsala] Bilduma oso zuria, maskulinoa eta eurozentrista zen, baina azken urteetan ahalegin handia egin da horri buelta emateko»AMAIA APALAUZAItzultzailea
EIZIEko kideak zerrenda osatutakoan bilduko dira Eusko Jaurlaritzarekin —hark azaldua du bildumari segida emateko borondatea—, eta orduan landuko dituzte, titulu zerrenda ez ezik, hitzarmen berrirako beste zenbait puntu ere. Izan ere, bildumaren orain arteko ibilbideaz aritzean, badira zenbait datu aipagarri; horietako bat, urteekin murriztu egin dela diru laguntza, eta apaldu edizio erritmoa. «Lehen hamar urteetan ehun liburu itzuli ziren —ehungarrena, sinbolikoki, Hamlet izan zen—, eta, beste horrenbeste egiteko, 25 urte behar izan dira», ohartarazi du Jauregik. Liburu «potoloak» gutxitu egin dira, era berean, denborarekin. «Ia-ia ez da liburu potolorik ateratzen euskaraz. Laguntza publikoa duen bilduma batean, zeinak zentralitatea duen munduko literatura itzultzeko, irizpideetako bat ezin da hori izan».
Salbuespena izan da bildumaren barruan argitaratu den azken liburua: Pepetelaren Utopiaren belaunaldia, Iñigo Roquek ekarria —500 orrialdetik gora ditu—. Haren ondoren, besteak beste, galegotik, katalanetik, alemanetik, arabieratik eta errusieratik helduko diren zenbait lanek emango diote segida bildumari: Manuel Rivasen Zer nahi nauk, Amore, Maria Merce Marçalen La passió segons Renée Vivien, Irmgard Keunen Nach Mitternacht, Hanan al-Xaikhen Misk al-ghazal eta Fiodor Dostoievskiren Krimena eta zigorra; hurrenez hurren, Juan Garziak, Jauregik berak, Santi Leonek, Irene Barriok eta Aroa Uhartek euskaratuko dituzte.
Bada beste egitasmo bat, Apalauzaren esanetan, berriz hartu beharko litzatekeena: Urrezko Biblioteka. Literatura Unibertsalaren lehen aroan ekarritako zenbait lan berreskuratzeko eta itzulpenak gaurkotzeko jarri zuten martxan, 2011n, baina Simone de Beauvoirren Besteen odola izan zen azken argitalpena, 2021ean, eta geldi dago orduz geroztik. Apalauza: «Oso lan onak daude hor, askotan eskuraezin orain».
«Ez dago formula ziurrik»
Zer itzuli zehazterakoan, merkatutik libre samar jokatzeko aukera ematen dio laguntza publikoak Literatura Unibertsala bildumari. Ez da euskarazko itzulpena argitaratzen duten beste argitaletxeen kasua hori, ordea. Historikoki, itzulpenaren eremuan, Igela izan da argitaletxe erreferentzial nagusia —Ereinek kudeatzen du gaur egun—; egon dira itzulpena lantzeko gogoz sortu eta bidean geratu diren proiektu gehiago —Pasazaite, esaterako, zeina hamar urtez egon zen martxan—; eta soil-soilik itzulpena kaleratzen duen argitaletxe bakarra Katakrak da orain. Hango arduradun Hedoi Etxarterena da, hain justu, aipua: «Zintzoki esanda, oso konplikatua da».
«Katakraken, euskarazko liburuen sostengu nagusietako bat olatu feminista izan da. Gertatu zaizkigun gauza politenetako bat da norbaitek zerbait euskaraz irakurtzea gai hori interesatzen zaiolako»HEDOI ETXARTEKatakrakeko editorea
Udazkenean beteko dira hamar urte Katakrak liburuak argitaratzen ere hasi zela —liburu denda eta kantina izateaz gain—. Euskaraz eta gaztelaniaz egin dute hasieratik, eta euskarazko 60. liburura helduko dira aurten. Gutxi-asko, hiru laurden saiakerak dira haien katalogoan, eta narratiba ia beste dena —askotariko testuei egiten badiete leku bi multzoetan—. Zeren arabera aukeratzen duten zer itzuli, hori «toki diferenteetatik» pentsatzen dutela azaldu du Etxartek: euskaraz «egon beharko luketen» lanak, beste literaturetako «nobedade editorialak» —McKenzie Warken Maitasuna, sexua, dirua eta heriotza, esaterako, zeina jatorrizkoa atera eta hilabete gutxira aurkeztu zuten—, eta gaurkotasuna duten gaiei buruzko liburuak bilatzen dituzte. Horren erakusle dira, beste askoren artean, Perry Andersonen Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz eta Eyal Weizmanen Hiri gerra Palestinan liburuak, edo mugimendu feministaren barruko eztabaidei heltzen dieten Gatazka ez da abusua (Laura Macaya) eta Puta zikinak (Mac Juno, Molly Smith). Azken bi horien harira, zera aitortu du Etxartek: «Katakraken, euskarazko liburuen sostengu nagusietako bat olatu feminista izan da, nabarmen. Argitaletxe gisa, gertatu zaizkigun gauza politenetako bat da norbaitek zerbait euskaraz irakurtzea gai hori interesatzen zaiolako».
Feminismoa, emakumeen askapena eta marxismoa dira nagusi Katakraken katalogoan; baita lurraren defentsa, «emakume idazleek feminismoa eta emakumeen askapena ez diren beste gaiez» esateko dutena, eta emozioei lotutako eremu ireki bat. «Beste eskala bat izatekotan garbiago ikusiko liratekeen ildoak dira horiek», editorearen hitzetan. Narratibako irakurgaien kasuan, berbera da begirada. «Zentzu zabal batean, ekarri ditugun nobela guztien oinarrian jende xehearen historia eta askapena dago; eta, horrekin batera, estetikoki lan nabarmenak izateak ere garrantzia dauka».
«Itzulpenak beti saltzen dira sormen lanak baino gutxiago, eta kostuak, gehienetan, altuagoak dira»ANE ESLABATxalapartako editorea
Beste zenbait argitaletxek jatorriz euskaraz idatzitako lanekin batera publikatzen dute itzulpena, neurri txikiagoan. Txalapartak eta Alberdaniak, besteak beste. Txalapartan, batez ere bi dira itzulgaiak aukeratzeko bideak: euren katalogoarekin, harpidetzarekin eta filosofiarekin bat egiten duten liburuak ekartzen saiatzea; eta agente, argitaletxe, itzultzaile eta irakurleen eskutik heltzen zaizkien proposamenei jarraitzea. «Klasikoak» plazaratzen ere saiatzen dira Txalapartan —Silvia Plathen Beirazko kanpaia, esaterako—, baita gaztelaniaz ez dauden tituluak bilatzen, hizkuntza hegemonikoetan idatzi ez diren lanak itzultzen eta idazle beraren lan bat baino gehiago argitaratzen ere. Baina, dena den, «zerk funtzionatuko duen» zehaztea nekeza dela aitortu du Ane Eslaba editoreak: «Batzuetan pentsatzen dugu zerbaitek funtzionatuko duela, eta gero ez da hala gertatzen, eta alderantziz. Gainera, itzulpenak beti saltzen dira sormen lanak baino gutxiago, eta kostuak, gehienetan, altuagoak dira. Beti ezin dugu argitaratu nahiko genukeen hori; batzuetan, diru laguntza bat tarteko erabakitzen dugu, esaterako, egile portuges bat argitaratzea».
Oier Gimenez Alberdaniako arduradunaren arabera, berriz, liburuz liburu osatzen da haienean argitaletxearen itzulpen politika. Ezinbesteko irizpideak: «literatur kalitatea» eta euskal irakurleari eta beren katalogoari egin diezaiokeen ekarpena. «Interesa izan dugu bai nazioartean oihartzuna duten lanak euskaratzekoa, bai gure inguruko merkatu handietan hain presente ez dauden ahotsak ezagutaraztekoa», azaldu du, eta nabarmendu literatura garaikidean ari direla jartzen arreta berezia gaur egun, «garai honetako kezka, ahots eta joera literarioak» ekartzean. Bat dator Eslabarekin: harrera ez dago aurreikusterik, baina inpresioa du irakurleek gero eta gehiago estimatzen dituztela proposamen bereziak: «Euskaraz irakurtzen duenak sarritan ez du soilik merkatuko arrakasta zerrenden kopia bat bilatzen; deskubrimenduaren plazera ere bilatzen du». Literatur merkatuan eragiten duten faktoreak ugariak dira, haren esanetan: «Une jakin bateko joerak, komunikabideetako oihartzunak, ahoz ahoko gomendioak, testuinguru sozial eta kulturalak, nobedadea garaiz heltzeak... Ez dago formula ziurrik. Oro har, itzultzen diren liburuen %10ek baino gutxiagok lortzen dute benetako arrakasta komertzial nabarmena gure kasuan».
«Itzultzen diren liburuen %10ek baino gutxiagok lortzen dute benetako arrakasta komertzial nabarmena gure kasuan»
OIER GIMENEZAlberdaniako editorea
Literatur generoari begira, gehien-gehien narratiba itzultzen da, gero saiakera, eta askoz gutxiago komikia, poesia eta antzerkia. Poesiaren kasuan, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak proiektuak urtean lau liburuxka argitaratzen ditu gaur egun; kasu guztietan, XX. mendeko poeta hilen antologia laburrak. Askoz nekezago iristen dira poema liburu osoak, eta bide hori urratu zuen Katakrakek duela bi urte, Juana Doloresen Girgileria eta Mohammed el-Kurd-en Rifqa plazaratuta. Etxarte: «Biak izan dira zorteko liburuak, bi egile gazte eta ezagunenak. Baina aurrerantzean ez dakit hala jarraituko duen. Ze ez dakidana da, eta hemen dator gai honen bueltan dagoen gai desatseginetako bat, irakurlerik ba ote dagoen beste aldean».
«Konbentzituta», baina estu
Irudi batekin ilustratu du Etxartek maiz sentitzen dutena: «Panpina bat bezalakoa da, eta beso bakoitzetik norbait ari da tiraka, beste norbait hanketatik, eta beste norbait burutik». Dioenez, haiek argitaratu duten guztia «konbentzituta» argitaratu dute, inoiz ez pentsatuz «komertzialki arrakastatsua» izan zitekeenik liburu bat, baina datuak justuak direla aitortu du. «Gu honetan hasi ginenean, [Igelako sortzaileetako bat den Xabier] Olarrak esan zigun itzulitako liburu baten 200-400 ale saltzen direla. Hori, eta ordaindu behar diren aurrerakinak kontuan hartuta, hor dago kalkulagailua. Gure eta gure itzultzaileen lanaren parte izugarri handi bat militantea da».
«Hasi ginenean, Olarrak esan zigun itzulitako liburu baten 200-400 ale saltzen direla. Gure eta gure itzultzaileen lanaren parte izugarri handi bat militantea da»
HEDOI ETXARTEKatakrakeko editorea
Etxartek inpresioa du, gainera, euskal irakurleak «euskarazko gero eta liburu gutxiago» erosten dituela, eta, nazioarteko literaturara jotzekotan, nekez jotzen duela euskarara ekarritakora. Katakrakeko dendan maiz tokatu zaio hori ikustea. «Euskaraz ez da gertatzen beste hizkuntzetan gertatzen den gauza bat: itzulpenek oso prentsa ona dute; ulertzen da beste literaturetatik onena hautatzen dela ekartzeko». Euskal irakurleek soilik ez, idazleek ere nazioarteko literatura erdaraz irakurtzearen ondorioez ohartarazi du: «Halakoetan, hizkuntzaren forma ez dugu jasotzen gure hizkuntzan, ez ditugu jasotzen gure hizkuntzaren tresnak».
Hiru ardatzek egiten dute kale, Etxarteren ustetan: argitaletxeen hautaketak —«zalantza hori etengabe izan behar dugu: asmatzen ari ote garen»—, hedabide sistemak —«itzulpenari askoz jaramon gutxiago egiten zaio»— eta hezkuntza sistemak —«ez du tokirik; ikasleak ez dira munduko literaturara zaletzen»—. Laugarren bat aipatzekotan, diru laguntzak aipatuko lituzke. «Bai, gehiago ondo. Baina nik, neurez, zera nahi nuke: irakurle gehiago».
«Itzultzaileok, askotan, soineko estu-estua jantzita atera behar izaten dugu plazara. Hala ere, aski dotore eta pozik. Gertatzen dena da, sarritan, inor ez dela agertzen ikustera»AMAIA APALAUZAItzultzailea
Iruditzen zaio askoz gehiago argitaratuko balitz handitu egingo litzatekeela publikoa. Eta hori uste du Apalauzak ere: «Zenbat eta liburu gehiago izan aukeran, gehiago irakurriko dugu. Ze, irakurle gutxi baditugu, arrazoi gehiago ditugu irakurketa eta literatura sustatzeko». Inbertsioa handituko balitz, gainera, haien lan baldintzek ere hobera egingo luketela erantsi du, «oso tarifa prekarioekin» lan egitera behartzen baitituzte oro har —salbuespena da Literatura Unibertsala bilduma, eta horregatik ere estimatua sektorean—. Apalauza: «Itzultzaileok, askotan, soineko estu-estua jantzita atera behar izaten dugu plazara. Hala ere, ateratzen gara, eta aski dotore eta pozik. Gertatzen dena da, sarritan, dantzaldira joan, plazara atera, eta inor ez dela agertzen ikustera».
Zer ekarri beharko litzatekeen galdetuta, zera esan du Apalauzak: «Niretzat dena da ongi etorria». Pertsonalki, bereziki estimatzen du «hurbileko literatura» euskaratzea, katalana, galegoa, portugesa eta beste; eta egile beraren lan bat baino gehiago aurkitu ahal izatea euskaraz, zeina ez den ohikoa, «zoritxarrez». Eta berdintsu Jauregi ere, euskal letrek «dena» behar dutela defendatuz. «Zenbat jendek irakurriko du Krimena eta zigorra euskaraz? Zenbatek Pepetela? Ba, ez dakit, baina hor dago, ekarpen handia da, eta kulturaren aldarrikapen bat ere egiten da horrela: hau ez da gutxi batzuentzat, hau mundu guztiarentzat da; ekartzen dugun honek edozein irakurle merezi du».
Aurtengo udaberriko zenbait itzulpen
Eleberria
- Napalma bihotzean, Pol Guasch (Txalaparta) (Itz. Ibai Sarasua)
- Kantu leuna, Leila Slimani (Alberdania) (Itz. Nahia Zubeldia)
- Ganbara, Marlen Haushofer (Erein) (Itz. Naroa Zubillaga)
- Utopiaren belaunaldia (Erein / Igela) (Itz. Iñigo Roque)
- Hilketa bat iragartzen da, Agatha Christie (Igela) (Itz. XX)
- Insomnio gauak, Elizabeth Hartwick (Igela) (Itz. Joxe Mari Berasategi)
- Ehulearen hilobia, Seumas O’Kelly (Igela) (Itz. Unai Elorriaga)
- Argazkiaren erabilera, Annie Ernaux (Katakrak) (Itz. Leire Lakasta)
- Alderantzira zamalka, McKenzie Wark (Katakrak) (Itz. Danele Sarriugarte)
Poesia
- Munduko Poesia Kaiera, Elizabeth Bishop (Susa) (Itz. Leire Vargas)
- Munduko Poesia Kaiera, Juan Gelman (Susa) (Itz. Bego Montorio)
Saiakera
- Ekologia pirata baten alde, Fatima Ouassak (Katakrak) (Itz. Leire Mendiburu)
- Zazpigarren gizona, John Berger eta Jean Mohr (Katakrak) (Itz. Iñigo Roque)
- Basatiak, Maria Reimondez (Susa) (Itz. Nerea Loiola)
Komikia
- Herio anderearen trapupean, David Lester/Marcus Rediker (Farmazia Beltza) (Itz. David Zapirain)
- Metalaren gustua, Bruno Duhamel (Harriet) (Itz. Miel Angel Elustondo)
- Skinwalker, Gabriel Katz/Steven Dhondt (Harriet) (Itz. Miel Angel Elustondo)
- Odol guztiak burdin gustua du, Harriet/Carlos Varela (Harriet) (Itz. Miel Angel Elustondo)