Idazmahai bat, barruranzko eta kanporanzko indarrak aldi berean zaintzen. Hala irudika daiteke Antoni Clapes poeta, itzultzaile eta editorea (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1948). Beste lau idazlerekin batera, Begirada zabaltzea izeneko solasaldian hartu zuen parte aurreko hilean, Iruñeko Topaketetan, eta berak esan zuen, guztiz bere egin ez eta guztiz baztertuko ez balu bezala: «Isiltasunaren poeta etiketa jarri izan didate».
Mundua sinplifikatzen duten diskurtsoen aurrean, begirada poetikoa duda eta erresistentzia egiteko modu bat izan daitekeela defendatu zuten denek Iruñean, hala Clapesek nola beste solaskideek —Fermin Herrero, Miren Agur Meabe, Aitana Monzon eta Maria Negroni—, eta aditz batera itzuli zen behin eta berriro katalana: entzutea. «Azkartasuna da gaur inporta duena; zarata handia dago. Deshumanizatu egiten du, eta uste dut horretatik babestu beharra dagoela, eta poesiak ahalbidetzen duela hori. Ez mundutik bakartzea zentzu negatibo batean, baizik hainbeste zarata entzuteari uztea. Eta, aldiz, entzutea, nolabait esatearren, besteren bizipen intelektualak eta sentikorrak, eta norberarenekin gurutzatu». Eta Ovidi Montllor kantari valentziarraz oroitu zen: «Hari entzun nion emanaldi batean publikoari gomendatzen ohe ondoko mahaian izan zezatela gustuko poema liburuen pilatxo bat, eta irakur zitzatela bizpahiru ale lotara sartu aurretik. Neure egiten dut aholku hori. Horrek zera esan nahi du: isiltasuna entzungo dugula: hitzez egindako isiltasuna, edertasun apur bat itzuliko diguna seguru, eta sosegu apur bat».
1960ko hamarkadatik dator Clapesen ibilbidea. Ekonomia Zientzietako ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean, eta aldi berean hasi zitzaion azaleratzen literaturarekiko eta, zehatzago, poesiarekiko irrika. Ordutik hona, ohikoa ez den obra poetiko bat argitaratu du —30 poema liburu inguru—; tartean daude, kasu baterako, Crepuscle de mots (1988), Alta Provença (2005) eta La llum i el no-res (2009) liburuak. Lan berrienak, berriz, Mirall fred del cel (2024) eta Fragilitats (2026) ditu, azken hori Alicia Casadesus artista plastikoen lanekin batera osatutakoa.
Haren lana zenbait hizkuntzatara itzuli dute: gaztelaniara —Iruñean ondoan izan zuen Negronnik, besteak beste—, ingelesera, alemanera, arabierara eta, batez ere, frantsesera.
Jaccottet eta Valery
Kritikaren arabera, Clapesen proposamen estetikoa bere belaunaldiko «erradikalenetako bat» dela esan daiteke. 1970-1980ko urteetan idatzitako poesia katalanaren zati handi batek asko edan baitzuen konpromiso sozial zuzenetik, errealismo historikoaren oinordetzatik eta birtuosismo formaletik; ez, ordea, Clapesenak. Zatiaren tradiziotik, izatearen bilaketatik eta, batez ere, isiltasunaren arakatzetik jo zuen hark hasiera samarretik. Badu, hain justu, Poetiques del silenci izeneko saiakera bat ere (Isiltasunaren poetikak), non hiru hariri segika sakontzen duen isiltasunaren inguruan: Mendebaldeko lengoaia modernoaren krisia, Jainkoaren heriotzaren ondorena eta isiltasun kontenplatiboa lurralde metafisiko gisa.
Haren lanaren biluztasunak —zuriuneei ere garrantzia bereizia ematen dienak, bidenabar— «postura politiko sakon bat» ezkutatzen duela ere esan izan du Clapesek: poesia kontsumo azkarrerako edo propaganda politikorako tresna izatetik urruti ulertzearena. Horren ordez, «diskurtso modernoaren hutsalkeriari» aurre egiten dion adierazpidetzat jo izan du hark jardun poetikoa. «Poesiak hitzei balio berriak emateko balio du», esan zuen Iruñean.
Bere eraginen artean, Edmond Jabes, Philippe Jaccottet eta Paul Valery aitortu izan ditu sarritan; eta hirurak itzuli, kritikak txalotu izan dion era batean, gainera. Clapesen jardunaren beste oinarrietako bat izan baita katalana ez hartzea soilik barnerako hizkuntza gisa, munduko pentsamendua eta arte abangoardia jasotzeko gai den tresna ahaltsutzat baizik.
Valeryren Itsas hilerria (1922) poema luzeko lerro bat kamisetan zuela agertu zen Baluarten, hain zuzen: «Haizea gora dator, bizitzen saia gaitezen».
Liburuak saltzea, gutxienekoa
Egile modura introspekzioan oinarritu arren, Clapesen figura publikoa oso bestelakoa da; kultur eragile bizi modura da ezaguna. 1970etik 1974ra, Sala Tres izeneko gunearen sortzaileetako bat izan zen —arte garaikidearentzako oasi bat frankismotik ihesi zebiltzanentzat—; 1976an, Els Dies liburu denda ireki zuen Sabadallen, ondoren izen bereko zigilu editoriala bilakatuko zena; eta 1989an sortu zuen Cafe Central argitaletxe independentea, huts-hutsik poesia plazaratzen duena. Victor Sunyolek eta biek jarri zuen martxan proiektu hori, eta jardunean segitzen du gaur ere, ia lau hamarkadaren ondotik. Berrehun bat poema liburu argitaratu dituzte katalanez, asko Clapesek berak italieratik eta frantsesetik itzuliak, eta katalogoaren erdia inguru autore garaikideen itzulpenak dira.
Maiz definitu izan du «disidentzia eta erresistentzia ekintza» modura Cafe Centralen egiten duten lana —«guk ez dugu libururik saltzen, poesia baizik», adierazi zuen, esaterako, argitaletxearen 30. urtemugan—, eta hala berretsi zuen Iruñean ere, gauzak horrela izatearekin aparteko arazorik ez balu bezala: «Poesia beti dabil bazterretan».
antoni clapesen poema bat
Irautea gelditasunean
motel garbi hauskoridazketa
nota zuri batzuk
elur gainean.
'28' (Fragilitats, Cafe Central)