Bukatu da asteroko hitzordua: kalean da Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalaren azkeneko atala, etorkizunarena. «Zuen ustez, nolakoa izango da bertsolaritzaren etorkizuna?». Horixe izan da herrialde bakoitzeko bertsolari txapeldunari BERRIAk egin dion galdera, eta jada argitara atera dira Xabat Illarregik, Maddi Ane Txoperenak, Aitor Etxebarriazarragak, Alaia Martinek eta Iñaki Viñasprek emandako erantzunak. Non kokatzen da bakoitza, eta noraino dago iristeko prest?
Baina ez hori bakarrik: gaur, Etorkizuna atala estreinatzeaz gain, iragan asteetan publikatu diren dokumentaleko atal guztiak ikusgai jarri ditu egunkariak, Youtuben eta bere webgunean bertan. Hemendik aitzinera han izanen dira, beraz, Bertsogintza kontzeptualizatzen, Genero disidentziak, Gaiak eta Gai jartzaileak eta Plazak atalak ere. BERRIAko ikus-entzunezkoen lantaldea arduratu da dokumentala ontzeaz.