Ikusgai dago Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalaren azken-aitzineko atala, laugarrena: Plazak. Gai baten bueltan kantari jarri ditu BERRIAk Udane Mugerza, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Elixabet Etxandi: «Oholtzaratu zarete plazara». Bertsolari guztientzat berdinak dira plazak? Nola irauten da plazan, eta zer behar du oholtzak bertsolari ororentzat eroso izateko? Bizipenak ahora, eta ahotik irtendakoak pantailara.Â
BERRIAko ikus-entzunezko lantaldeak bortz gai hartu ditu hizpide, eta, hala, gai horien gaineko bortz ataletan banatu du dokumentala. Irailaren 16an estreinatu zen lehen atala, Bertsogintza kontzeptualizatzen, eta astebete geroago kaleratu zen bigarrena: Genero disidentziak. Joan den astean eman zuten hirugarrena, Plazak, eta orain, behin laugarrena ikusgai denean, azkena bertzerik ez da falta bidea bukatzeko: Etorkizuna. Nafarroako, Xilabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Bertsolari Txapelketako irabazleak bildu ditu egunkariak, eta galdera bakar bat egin die bortzei: «Zuen ustez, nolakoa izango da bertsolaritzaren etorkizuna?». Gorputz adina iritzi adituko dira Xabat Illarregiren, Maddi Ane Txoperenaren, Aitor Etxebarriazarragaren, Alaia Martinen eta Iñaki Viñaspreren atalean. Hilaren 14an publikatuko da webgunean, Youtuben eta sare sozialetan, eta, harekin batera, dokumentalaren atal guztiak ikusi ahal izanen dira.