Musika

Bi ez, hiru kontzertu emanen ditu ETS taldeak Gasteizko Buesa Arenan

2027ko martxoaren 19ko eta 20ko kontzertuetarako sarrera guztiak saldu ondoan, martxoaren 13an ere joko dutela jakinarazi dute musikariek.

ETS musika taldeko kideak, promoziorako irudi baten. ETS
ETS musika taldeko kideak, promoziorako irudi baten. ETS
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko apirilaren 28a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bat ez. Ezta bi ere. Azkenerako hiru kontzertu emanen dituzte 2027ko martxoan Gasteizko Buesa Arenan. ETS taldeak 30.000 sarrera inguru saldu ditu 24 orduan baino gutxiagoan, aurresalmentan. Zaleek ziztu bizian bukatu dituzte bai 2027ko martxoaren 20an, bai bezperan, martxoaren 19an, eginen dituzten bi kontzertuetarako sarrera guztiak, eta musikariek lehendik ere esana zuten hau: ez lukete inor utzi nahi «kanpoan». Beste egun bat iragarri dute horretarako: martxoaren 13an ere joko dute Buesa Arenan.

Dagoeneko zabaldu dituzte kontzertu horretarako sarrerak erosteko bideak. Eta, hori iragartzearekin batera, poza eta harridura ere azaldu dituzte taldekideek sare sozialetan. «Erokeria hutsa da, ez genuen hau espero [...]. Ero-ero zaudete!», esan diete zaleei, esker onez. 

Apirilaren 11n Bartzelonako Palau Sant Jordin jo zuen ETS taldeak. Iragan larunbatean Madrilgo Movistar Arena bete zuen. Eta orduantxe, milaka lagunen aurrean iragarri zuen estreinakoz 2027ko martxoaren 20an Buesa Arenan joko zutela. Ikuskizun horretarako sarrera guztiak ordu gutxiren buruan saldu zituzten atzo, eta laster batean iragarri zuten, ondorioz, martxoaren 19an ere joko zutela. Antzera egin dute gaur. Martxoaren 19ko sarrerak bukatuak zirela jakinaraztearekin batera eman dute martxoaren 13koaren berri. 

Etxean izeneko ikuskizuna taularatuko dute hiru emanaldietan. «Kulturaren, tradizioaren, transmisioaren eta jaien inguruko ospakizun handi bat» izatea nahi lukete, eta, gainera, iragarri dute, ikuskizuna 360 graduko formatuan eginen dutela: eszenatokia Buesa Arenaren erdian jarriko dute, eta publikoa inguruan egonen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA