Bilboko ostatu baten jokabide arrazista salatu du Sambou Diaby aktoreak

Haren bikotekide Nahikari Nuñezen sare sozialetara igotako bideo batean azaldu dute biek zer gertatu den: Diaby tabernatik aterarazi dute, «kaleko saltzaile bat zelakoan». Salatu dutenez, ez diete utzi erreklamazio orririk betetzen.

Sambou Diaby aktorea, 2025ko urtarrilean, Zumaian. GORKA RUBIO / FOKU
Sambou Diaby aktorea, 2025ko urtarrilean, Zumaian. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abenduaren 30a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jendeak jakin egin behar du». Bilboko Ledesma kaleko Bilbao Berria tabernan bizi izandakoa ezin sinetsita baina batez ere haserre, barrenean zer gertatu zaien salatzeko bideo bat plazaratu dute Sambou Diaby aktoreak eta haren bikotekide Nahikari Nuñezek. Diabyren kontrako eraso arrazista bat salatu dute: tabernako langile batek harekin izandako jokabide arrazista eta ondotik ostatuko arduradunak izandako jokamolde desegokia, zehazki. Jakinarazi dutenez, Diaby tabernatik bota dute, «kaleko saltzaile bat zelakoan». 

Sare sozialetan argitaratutako bideoan, Nuñezek abiatzen du kontakizuna. Erasoa jasan berritan egin zuten salaketa hori, hain justu, taberna artean atzealdean zutela. «Dardarka nago, ez dakit haserreagatik den, edo disgustua den gehiago», aitortu du Nuñezek bideoan. Kontatu duenez, Diabyren aurretik ailegatu zen tabernara, lagun batekin, eta barrenean itxaron zioten biek aktoreari. Hain zuzen, Miñan antzezlanaren birako azken emanalditik bueltan zetorren Diaby —Ibrahima Balderen rola jokatu du obran—, eta hura ostatu barrenera sartutakoan gertatu zen erasoa. «Zerbitzari bat etorri da, eta bota egin du Sambou [Diaby], 'kanpora' esanez, argudiatuta hemen ezin duela saldu», salatu du Nuñezek, suminduta. «Hau oso larria iruditzen zait. Kasu honetan, Sambou aktorea da, baina igual litzaidake kale garbitzailea balitz, edo, preseski, kaleko saltzailea; kaleko saltzaile batek ezin du tabernan deus hartu?».

Diaby bera ere atsekabetua azaldu da salaketa bideoan, eta tabernatik aterarazi ondotik egindakoak eta sentitutakoak deskribatu ditu. Kontatu duenez, «haserre» baina deus esan gabe atera zen tabernatik, bere kabuz, buruari bueltaka. «Ez dut uste beltza izateagatik halako epaiketak egiteko eskubiderik dagoenik. Ezin dut ulertu, ezin dut ulertu norbait ikusi eta azalagatik halakorik esatea. Ni umiliatua sentitu naiz, eta dezepzionatua». Kamerari begira, eske bat ere egin du: «Zinez eskatzen dut gogoeta egin dezagun halakoei buruz». 

Bestalde, jokabide arrazistarekin loturiko beste salaketa bat ere egin du Nuñezek. Oroitu duenez, Diaby tabernatik bota berritan, tabernako barrara hurbildu da erreklamazio orri baten eske, eta, dioenez, ez diote eman. «Tabernako arduradunak esan dit hanka sartze bat izan dela eta edonori gerta dakiokeela halakoren bat. Nik argi dut: hanka sartze bat da ardo bat gaizki zerbitzatzea, ardoz nahastea; hau ez da hanka sartze bat», salatu du, irmo.

Erantsi duenez, gertatutakoagatik barkamena eskatu diete gero bai Diabyri eta baita Nuñezi ere, baina, halere, beharrezkoa iruditu zaie salaketa plazaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.