Museoak

Bizkaiko aldundiak 40 milioi euro jarriko ditu Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko

Unai Rementeriak esan du Espainiako Gobernuak «konpromisoa» hartu duela Europako funtsen bitartez proiektua babesteko

Gernikako Dalia lantegi zaharrean eraikiko litzateke egoitzatako bat. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 26a
18:06
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak 40 milioi euro jarriko ditu Urdaibain Guggenheim museoaren egoitza berria eraikitzeko. Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri du egitasmoaren lehen inbertsioa izango dela hori, eta adierazi du protokolo bat sinatuko duela Espainiako Gobernuarekin Europako funtsak jaso ahal izateko.

Iazko ekainean iragarri zuten Guggenheim museoari bi kimu egin nahi dizkiotela Urdaibain: bata, Gernika-Lumon, Dalia lantegi zaharraren orubean, eta bestea, Muruetako ontziolan. Eta adierazi zuten egoitza berriak Europako Batasuneko Next Generation funtsekin ordaintzea espero zutela. Bada, Rementeriak baieztatu du proiektua babesteko «konpromisoa» hartu duela Madrilek, eta konpromiso hori Teresa Ribera presidenteordearekin izenpetuko duen itunean jasoko dela.

Eusko Jaurlaritzak funtsak jasotzeko bere proiektuen zerrendan sartu zuen museoaren egitasmoa 2020ko abenduan, hain zuzen. Behin betiko kokapenaren berri eman zutenean, ordea, Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi zuen proiektuak «bide luzea» zuela egiteko, eta azpimarratu zuen funtsak jasotzeko aukerarik izango ote zuen jakitea falta zela, ezertan hasi aurretik. Dirudienez, jaso du erakunde guztien oniritzia, eta Bruselari dirua jasotzeko eskaria bideratzea falta da orain.

Museoaren egoitza berrien aurrekontua 120 milioi euro litzateke: horietatik 81 EBtik lortzea da helburua, eta gainerakoa, tokiko erakundeetatik eta inbertsore pribatuetatik. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.