Zortzi asteko enbrioi batek gramo bat pisatzen du. «Oso pisu txikia da izatez, baina, aldi berean...», ireki du parentesi bat Nerea Loiolak, datua eman eta segidan. Ginekologiaren esparruko estatistikak auzitan jartzeko batere asmorik gabe hasi du azalpena. Erlatibotasuna azpimarratu nahiarekin du ikustekoa: «... pisuak beste neurri bat har dezake emakumeak gramo hori gorputzean eramateari uzten dionean». Borondatezko abortu bati buruzko istorio bat kontatu du Loiolak bere azken literatur lanean. Gramo bat deitu du, hain zuzen, eta Maider Leturiaga ilustratzailearekin osatu, album ilustratu formatuan. Doluak, absentziak eta erruak pisu handia dute narrazioan, baina idazleak ohartarazpena ere egin du aurkezpenean: «Emakume baten bizipena da, indibiduala».
Peru Abarka lehiaketa irabazita sortu dute lana Loiolak eta Leturiagak, eta Ereinek argitaratu du. Sariketa horretan, epaimahaiak bi hautaketa prozesu egiten ditu irabazleak izendatzeko; testu bat nabarmentzen dute aurrena —guztira 29 hautagai aurkeztu ziren aldi honetan—, eta horren ondotik heltzen zaie txanda ilustratzaileei. Sei irudigilek aurkeztu zituzten beren proposamenak Loiolaren istorioa ilustratzeko, eta Leturiagaren lana aukeratu zuten azkenerako; «sekuentzia proposamenaren eta estiloaren sendotasunagatik», besteak beste.Â
Loiolak aspaldi zuen buruan zirika kontakizuna. Ez omen zuen lortzen, ordea, formarekin asmatzea. «Eleberri bat ez nuen ikusten hor, eta ipuin bilduma batean sartuta ere ez nuen irudikatzen, baina, album ilustratu bat osatzeko aukera heldu, eta garbi ikusi nuen hasieratik». Uste du formatuak nabarmen egiten diola mesede istorioari: «Orrialdeei behatzeko tempoa diferentea da album batean, irudiek akonpainatu egiten dute testua, eta, kasu horretan, hitzak digeritzen ere laguntzen dutela iruditzen zait».
Bizitzak aurrera, baina norberak ezin
Bere borondatez —eta «erabat libre»— haurdunaldia etetea erabaki duen emakume bat da protagonista. Hiru haurren ama da jada, eta, berriz haurdun dela jakin ondoan, abortatzearen alde eginen du. Erabakiaren aurreko, bitarteko eta ondorengoak daude liburuan jasota. Loiola: «Klinikara joango da, aterako da gero, eta bizitzak jarraitu egingo du, ezer gertatu ez balitz bezala. Hark ere horretan jarraitu nahi luke, baina bihotza eta burua ez doaz beti elkarri eskutik helduta».
«Pentsatu nahi nuen ea zer min baimentzen dizkiogun geure buruari eta zein ez, zer erabaki mota goraipatzen dizkiogun geure buruari, eta zer erabaki zigortzen»
NEREA LOIOLAIdazlea
Eginiko hori eguneroko gauza txikietan ere «korapilatuko» zaio protagonistari; «bataila emozional bat», min moduko bat. Eta min hori, Loiolaren esanetan, ez da nolanahikoa izanen. Uste du, preseski abortu baten ondoan, dolua erruduntasunarekin nahasita ere azaldu daitekeela. «Hau idaztean ere, pentsatu nahi nuen ea zer min baimentzen dizkiogun geure buruari eta zein ez, zer erabaki mota goraipatzen dizkiogun geure buruari, eta zer erabaki zigortzen», azaldu du idazleak. Gogoeta horiek ere ardatz dira kontakizunean, hain zuzen.Â
Abortatu duen emakume hori bera da narratzailea, eta zuzenean mintzo zaio jaio ez den haurrari, bigarren pertsonan. Zu horri kontatzen dizkio barreneko duda eta sentipenak, hari egiten galderak, eta haren aurrean saiatzen da bere burua ulertzen eta are eginikoa «justifikatzen», idazleak kontatu duen gisara. «Kontraesanak daude, beldurrak daude, bere buruari esaten dizkion batzuk, eta ukatzen dizkion ugari».Â
Intimo, eta tarteka hotz
Narratzailearen ahots intimo horrekin tartekatuta, bestelako testu txatalak ere erantsi dizkio Loiolak egiturari. Azalpen zientifikoak dira horiek, gehien-gehienean; hala nola enbrioi baten garapenari buruzko azalpenak eta abortatzeko prozesuan behar diren tramiteak. Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinen esanetan, halako testuak tartekatu izanak «oreka» ematen dio lanari, eta irakurleari ere lagungarri zaizkio haiek guztiak, «arnasa hartzeko».Â
Kontakizunari egitura hori emateko begiz joak izan dituen erreferentzietako batzuk ere aipatu ditu idazleak aurkezpenean, eta, kasurako, Razkinen azken lana aipatu du tartean: Nola esaten zaio agur ama bati. Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat ere bai, segidan.
Irudiei dagokienez, Leturiagak «erronka» gisara deskribatu du Loiolaren testuan oinarrituta hitzok ilustratu behar izan zituenekoa. Azkenerako, irakurtzen denaren eta ikusten denaren arteko «paralelismoari» eutsiz, baina, orobat, bi alderdien artean «distantzia gordeta» topatu zuen formula ilustratzaileak, dioenez. Gainera, elementu jakin batek liburua hasi eta buka harilkatu zezakeela ohartutakoan aurkitu zuen lanari buru-belarri ekiteko txinparta. Aurkezpenean, baina, nahiago izan du ez argitu zehazki zein den. Irakurleei utziko die beren kasa deskubritzen.Â