Maiatzaren 8tik 16ra egingo dute aurten Fant Bilboko Fantasiazko Zinemaren Jaialdia, eta, oraindik ere egitarau osoaren aurkezpenik egin ez badute ere, hasiak dira lehen iragarpenak egiten. Sail Ofizialean parte hartuko duten film laburren berri eman zuten duela hilabete, eta jaialdiko bi sari nagusiak nork jasoko dituen ere jakinarazia dute. Eugenio Mira zuzendari kataluniarrari emango diote Fantastikoaren Izarra saria, esaterako, eta Arantzazu Calleja musikagileak jasoko du festibaleko ohorezko saria. Bruno Martin zinemagile madrildarra ere sarituko dutela jakinarazi dute gaur. Fantasiazko zinemagintzako figura berriak saritzen dituen Fantrobia saria emango diote.
Ikusi gehiago
Gidoigile eta zinema zuzendari ez ezik, aktore ere bada Martin, eta, besteak beste, En fin, Patria eta Dos vidas telesailetan hartu du parte. Horrez gainera, Mambo eta Grasa telesailen gidoiak ere idatzi ditu David Sainz kidearekin batera. Luger filmaren sortzaile ere bada. 2024an estreinatu zuen lana, eta, kasu hartan, gidoilari, zuzendari, ekoizle eta aktore lanak egin zituen. Eta, hain zuzen ere, lan horiengatik guztiengatik emango diote Fantrobia saria.
Ikusi gehiago
Horrez gainera, atal berri bat ere estreinatuko du aurten jaialdiak. Planoz Kanpo deitu dute, eta jaialdia ofizialki hasi baino egun batzuk lehenago jarriko dute abian: maiatzaren 4an, hain zuzen ere.
Nerea Torrijosen jantziak
Zinemagintzaren erdigunean egon ez arren, industriaren euskarri diren elementuei eskainiko diete atal berria. Nerea Torrijos diseinatzaileak hainbat filmetarako sortutako jantziei eskainitako erakusketa bat aurkeztuko dute Abandoko udaltegian, esaterako, eta maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik. Horrez gainera, Cristian Bernard zinemagile argentinarraren Bajo tus pies filmaren aurrestreinaldia ere hartuko du atal berriak. Maiatzaren 4an izango da hori ere, Bilboko Alondegiko Golem zinema aretoetan. Zinemari lotutako hainbat libururen aurkezpenak ere antolatuko dituzte, bai eta umeei eskainitako filmen proiekzioak ere.
Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoien Lehiaketa ere antolatuko du jaialdiak, hirugarrenez, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearekin elkarlanean. Fantasiazko eta beldurrezko zinema gidoiak bakarrik aurkeztu ahalko dituzte egileek.