ZINEMA. Gaurtik aurrera, Bilbo, Donostia, Iruñe eta Gasteizko nahiz Bartzelonako hainbat zinema aretotan ikusi ahal izango da Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Caminho Longe dokumentala. Donostiako 68. Zinemaldian aurkeztu zuten filma, iazko irailean. Orain, zinema aretoetan estreinatzeko garaia heldu zaio.
ETAko militante izandako Alfonso Etxegarairen itzuleraren kontakizuna egiten du filmak: Sao Tome irlan deportatuta 33 urte egin ostean, Euskal Herrira bueltatzeak ixten duen zikloa du hizpide dokumentalak. Horrekin batera, denbora horretan guztian lagun izan duen Kristiane Etxaluz eta bien arteko harremana ere hartzen du ardatz filmak.
Larreategik eta Martinezek elkarlanean zuzendutako bigarren lana da —Sagarraren denbora dokumentala izan zen lehenengoa—. Hibai Castro Egiak filmatu du, eta Adabaki Ekoizpenak taldeak ekoitzi, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez-en laguntzarekin. Mezenasgo kanpaina baten bidez lortu zuten ekoizpena finantzatzea.