Musika

Chet Faker: joan ere egin gabe itzuli da

Bere izenez sinatutako proiektuan murgilduta ibili da Nick Murphy musikari australiarra azken bost urteotan, baina, orain, Chet Faker 'alter ego'-aren larruan jarri da berriz, «gogotsu». 'A Love for Strangers' diskoa plazaratu du.

Chet Faker artista australiarra, 'A Love for Strangers' diskorako sustapen irudietako batean. SARAH EISEMAN
Chet Faker, 'A Love for Strangers' diskorako sustapen irudietako batean. SARAH EISEMAN
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko apirilaren 12a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sekula joan ez dena ere itzuli itzul daitekeen erakusle da Chet Faker. Edo Nick Murphy (Melbourne, Australia, 1988), bestela. Biak dira bat, izatez, baina, nork begiratzen duen, zabalagoa edo estuagoa ematen du alter ego-aren eta pertsonaren arteko tarteak, eta horrela nekez esan daiteke artistak zenbat denbora egin duen itzalpean. Baita inora joan ote den ere, sikiera. Nolanahi dela, 2012an Chet Faker ezizenez abiatutako ibilbide diskografikoan aspaldi ez zen nobedaderik, 2021etik zehazki, eta jaiotzez daukan izenarekin sinatutako proiektuari emana ibili da musikaria urteotan. Orain arte. Eta horregatik itzulerarena. A Love for Strangers albuma plazaratu du; elektronikaren gerizpean, ohi denez, eta Fakerren begiradarekin berriz. 

Artistari sarritan galdetu diote obraren bokazioan zehazki zer aldatzen den deitura baten edo bestearen pean aritu, eta batez ere zalantza agertu izan du halakoetan. Iradoki izan duenez, muga lauso batek baizik ez ditu bereizten bi bideak, eta, izatekotan, entzuleen aurrera azaltzeko maneran sumatzen du diferentzia. «Uste dut Chet Fakerren proposamena eskuzabalxeagoa dela, entzuleari errazago zabaltzen baitio gozatzeko aukera. Nick Murphy bezala ari naizelarik, berriz, sentitzen dut gehiago nabilela neure zilborrari begira, entzuleak entzunen duenaz hainbeste kezkatu gabe».

Sortzen duen musikari berari dagokionez, hauek nabarmendu izan dizkiote bai entzuleek bai eta kritikak ere: alter ego-aren larruan dabilenean, obra aiseago kabiarazi daiteke bedroom pop elektronikoaren mugen barrenean, downtempo-rako joera handiagoa du, eta soul ukituek pisu nabarmenagoa dute kantuetan. 

Musikariaren beraren esanetan, 2012an hasitako bidean beste aurrerapauso bat dakar A Love for Strangers album berriak, baina, dioenez, sekula baino gehiago aritu da atzera begira. Thinking in Textures izan zuen estreinako diskoa, Built on Glass (2014) eta Hotel Surrender (2021) lanekin osatu zuen diskografia gerora —azken bi horietako bakoitzaren berredizio bat ere emana du—, eta, hain justu, horiei guztiei egin die so, erne, laugarren diskoa sortzeko prozesuan.

Are gehiago, Built on Glass lanaren hamargarren urteurrenaren harira kontzertu bira bat egiten ari zenean jarri zizkien azken puntuak A Love For Strangers diskoko abestiei. «Eta horrek asko baldintzatu du nire azken lana, urteurrenaren ospakizunari esker gogoratu nituelako, adibidez, garai hartan gustuko nituen gauza asko, eta horrek konfiantza txute bat eman zidalako, eta horri esker desikasi ahal izan ditudalako bidean nahi gabe pilatuz joan naizen egia faltsu ugari». 

Gorabehera erritmiko eta emozionalak

Guztira hamabi kantu kabiarazi ditu diskoan Fakerrek. Over You izenekoa kokatu du lehenbizikoa errenkadan, eta leun, tristezia airez baina aldi berean ezti zabaltzen du bidea. Sintetizadoreen soinua oinarrian, 50 segundo paseak diren arte ez da sartzen abeslariaren ahotsa, eta samur ekiten dio kantuari orduan, «gainditzeko zorian» zegoen iraganeko amorante bati hizketan. «Remember how we used to sing/ You still got the melody/ But some things just aren't meant to be» [oroitu nola kantatzen genuen/ gogoan duzu oraindik melodia/ baina gauza batzuek ez dute gertatu behar, besterik gabe]. 

1000 Ways abestiak ematen dio segida diskoari, eta leun eta erromantiko ageri da Faker orduan ere, suabe antzean. Dena dela, albumean aurrera egin ahala, kantuz kantu, bistakoa da erritmo bizi eta dantzagarriagoei ere eman nahi izan diela tokia australiarrak; Far Side of the Moon, This Time for Real, eta OH NO OH NO kantu jostalaria dira alderdi horren erakusgarri nagusiak. 

Kolaborazio bat ere kabiarazi du albumean Fakerrek: 'aLex vs aLex' proiektu musikaleko Sofia Insua artistarekin batera ondu du 'The Thing About Nothing' 

Gainera, esperimentazioren alde egiteko nahia ere agerian utzi du australiarrak oraingoan. Kasurako, Angels Dolphins 1:11 abestian, kaleko soinuak ere txertatu ditu Fakerrek —jendea ere hauteman daiteke han-hemenka pasaeran—, eta, aldiz, The Thing About Nothing kantuan beste artista baten eskutik zabaldu die atea aukera berriei: jatorri guatemalarreko Sofia Insua musikariarekin jardun da —aLex vs aLex izeneko proiektu musikalean aritzeagatik da ezaguna—. Ingelesezko hitzak dira nagusi horretan ere, baina gaztelaniaz ere kantatzen du Insuak tarte batzuetan. Honela dio, esaterako, bertsoetako batek: «Take me to the river/ Tell me something right/ Ven, que yo te sigo/ Yo voy a donde tú vas/ Nothing really don't go nowhere/ That's the thing about nothing/ Nothing really don't go nowhere» (Eraman nazazu ibaira/ esadazu ganorazko zerbait/ Zatoz, segituko dizut/ Zu nora, ni hara/ ezer ez doa inora/ halakoak ditu ezerezak/ ezer ez doa benetan inora). 

Albuma eman ondoan eginiko zenbait elkarrizketatan aitortu duenez, kantu guztien artean koherentzia topatzea izan zaio erronka zailenetako bat A Love for Strangers ontzeko prozesuan.

Buruhauste horietaz mintzo, kantuak askotarikoak direla azpimarratu du australiarrak, «musikalki ez ezik baita ematen duten mezuagatik ere», eta, dioenez, horiek guztiak bilgarri bakarrean nola kabiarazi, duda egin du inoiz, azkenerako plazerez aritu bada ere bilaketan. «Pentsatzen dut, azken batean, bereziki maite dudala nahaste-borrasteetan sartzea, beti bukatzen baitut halakoren batean». Gainera, zalantzak zalantza, sinetsia dago lortu duela nahi zuen hori. «Erdietsi dut kantuok, animalia basatiok, banan-banan heztea; saldo bat dira orain, eta prest dira oholtzara ateratzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA