Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialaren zerrenda osatuko duten bederatzi film luzeren berri eman dute gaur jaialdiko antolatzaileek. Askotarikoa izango da eskaintza, eta tartean Edward Bergerren Ballad of a Small Player, Claire Denisen Le cri des gardes / The Fence eta Dolores Fonziren Belen lanak aurkeztuko dituzte. Gainera, emanaldi berezien atalean izango diren bi lan ere iragarri dituzte: IN-I In Motion Juliette Binoche aktoreak zuzendutako lehen film luzea eta Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life Junji Sakamotoren pelikula.
Edward Berger bigarrenez izango da aurten Zinemaldian; iaz, zehazki, Conclave pelikula aurkeztu zuen Alemaniako zuzendariak. Urrezko Maskorra irabazi ez bazuen ere, aitortza handia jaso zuen nazioartean: Oscar saria eta film onenaren Bafta saria eman zizkioten. 2022an, gainera, nazioarteko film onenaren, argazki onenaren, soinu banda onenaren eta ekoizpen diseinu onenaren Oscar sariak jaso zituen Im Westen nichts Neues pelikulagatik. Aurtengo Zinemaldian, Colin Farrel aktore protagonista duen Ballad of a Small Player Erresuma Batuko ekoizpena aurkeztuko du. Macau herrian (Txina) bizi den jokalari amorratu baten istorioa kontatzen du, eta Fala Chen, Tilda Swinton eta Alex Jennings aktoreek ere parte hartu dute filmean.
Claire Denis zuzendaria ere bigarrenez arituko da aurten Zinemaldian. Cannesko zinema jaialdian, Berlinalen eta nazioarteko beste lehiaketa batzuetan izan da aurretik, eta hainbat sari jaso ditu lehiaketa horietan. Hain justu, duela hiru urte Epaimahaiaren Sari Nagusia eman zioten Berlinalen Stars at Noon lanagatik, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen festibal horretan, Avec amour et acharnement filmagatik. 2023an, gainera, Zinemaldiko epaimahai ofizialaren burua izan zen. Le cri des gardes / The Fence pelikula aurkeztuko du oraingoan: Bernard-Marie Koltesen Combat de negre et de chiens antzezlanean oinarrituta dago, eta Isaach de Bankole, Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth ditu protagonista.

Hirugarrenez hartuko du parte Joachim Lafosse Belgikako zuzendariak Zinemaldiko Sail Ofizialean. 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eman zioten Les chevaliers blancs / The White Knights lanagatik. Aurtengoan Eye Haidarak protagonista duen Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring film luzea aurkeztuko du: Belgikak, Frantziak eta Luxenburgok ekoitzi dute, eta Kosta Urdinean oporretan dagoen familia baten arazoak ditu hizpide.
Film horren antzera, oporraldi batez gozatzen ari den familia baten istorioa kontatzen du Olmo Omerzu zuzendari esloveniarraren Ungrateful Beings filmak ere. Hain justu, bere bi seme-alabak kanpin batera daramatzan aita dibortziatu bat du protagonista. Pelikula horrekin egingo du debuta Omerzuk Zinemaldian; 2018an, baina, zuzendari onenaren saria irabazi zuen Karlovy Vary jaialdian, Winter Flies pelikularekin.
Europatik kanpoko hautagaiak
Dolores Fonzi argentinarra Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da aurten, berak zuzendutako bigarren lanarekin: Belen. Fonzi bera da protagonistetako bat, eta Camila Plaate eta Laura Paredes aktoreekin batera ondu du lana. Nahita abortatzea leporatzen dioten emakume gazte baten benetako istorioa du filmak oinarri, eta Tucumango (Argentina) abokatu batek haren askatasunaren alde egindako borroka kontatzen du. Antzezle gisa behin baino gehiagotan izan da Fonzi Zinemaldian, eta 2017an, gainera, Donostiako jaialdiko epaimahai ofizialeko kide izan zen. Halere, lehen aldia du zuzendari gisa.
Xiaoyu Qin zinemagile txinatarrak bere fikziozko lehen film luzea aurkeztuko du aurtengoan: Jianyu Laide Mama / Her Heart Beats in Its Cage. Fonziren antzera, benetako istorio bat izan du berak ere inspirazio iturri. Emakume batek hamar urte eman behar ditu espetxean, senarra hiltzeagatik, eta denbora hori igaro ostean, bere hamar urteko semearekin elkartuko da berriz. Qinek sortutako lehen fikziozko lana den arren, aurretik ez-fikziozko beste bi ikus-entzunezko lan sortu ditu zuzendariak: Wo de shi pian / The Verse of Us eta One More Day. Lehenengoak dokumental onenaren saria irabazi zuen Shanghaiko zinema jaialdian.

James Vanderbilt estatubatuarrak Nuremberg filma aurkeztuko du aurten. The Nazi and the Psychiatrist liburuaren egokitzapena da, eta Rami Malek eta Russel Crowe ditu protagonista. Nurenbergeko bezperan, Kelley psikiatrak hogeita bi nazi elkarrizketatu behar izan zituen; horien artean, Hermann Goering, Adolf Hitlerren babesle nagusia. Euren historia kontatzen du filmak. Vanderbiltek Zinemaldian parte hartuko duen lehen aldia da, baina ibilbide luzea du, oro har, zinemagintzan: Truth pelikula zuzendu zuen, Zodiac filmaren gidoilaria izan zen, eta The Amazing Spider-Man eta Scream lanetako gidoiak ere idatzi zituen.
Lehiatuko ez direnak
Emanaldi berezien atalari dagokionez, IN-I In Motion ez-fikziozko filma aurkeztuko du Juliette Binochek. Berak zuzendutako lehen lana du IN-I, eta 2007an Akram Khan dantzari eta koreografoarekin batera egindako dantza eta antzerki ikuskizunean izandako esperientzia kontatzen du. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du aktore lanetan, eta aktore onenaren saria jaso zuen 1996an, The English Patient filmean egindako lanagatik. 70 pelikulatan hartu du parte, eta nazioarteko zinema jaialdi garrantzitsuenetan egon da. 2022an, Donostia Saria ere eman zioten.
Junji Sakamoto zuzendariaren Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life ere eskainiko dute emanaldi berezien atalean. Junko Tabei alpinista japoniarraren istorioa kontatzen du; hain justu, Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen emakumearena. Sakamoto bigarrenez arituko da aurten Zinemaldian. 2000. urtean, Kao / Face filma aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta Gazteriaren Saria jaso zuen. Japoniako Akademiako zuzendari onenaren saria ere irabazi zuen ostean.