Idazle hasiberriak eta gazteak «galtzen ez uzteko», elkarlanean arituko dira Euskaltzaindia eta EIE Euskal Idazleen Elkartea. Mentoretza programak sortuko dituzte horretarako, eta aurrerago beka bat sortzeko asmoa ere agertu dute. Bi erakundeek egin duten hitzarmenaren parte da proiektua.
Euskaltzaindiak badu 11 urtetik 18 urtera arteko nerabeentzako literatur sariketa bat: R. M. Azkue literatur lehiaketa. Irabazleen lanak argitaratzen dituzten arren, gazte horiek unibertsitatera iritsi bitartean gidaritza edo tutoretza gabe gelditzen direla nabarmendu du Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak. Eta hori aldatu nahi dute bi erakundeek. Mentoretza programek gazte saridunen jarraipena egingo dutela jakinarazi dute, beren gaitasuna lantzen jarrai dezaten idazle trebatuen gidaritzapean.
EIEk urtebete darama Eusko Jaurlaritzak antolatutako Urruzuno literatura lehiaketako ikasleei mentoretza zerbitzua eskaintzen. Idazle gazte eta hasiberrien artean «oso harrera ona» izan duela azaldu du Mikel Ayllon EIEko zuzendaritzako batzordekideak.
Mentoretza programak ez ezik, idazle gazteak hauspotzeko bekak diseinatzea izango da bi erakundeek sinatu duten hitzarmenaren beste ildoa. EIEko kideentzako ikastaroak antolatzea eta argitalpen trukea egitea ere adostu dute.