Literatura

Eleberrien udaberria: guztira 34 nobela kaleratuko dituzte argitaletxeek hilabeteotan

Azken urteetako udaberririk emankorrena izango da aurtengoa nobelagintzaren arloan. Ia 30 argitaletxeren datuak bilduta, BERRIAk hurrengo hilabeteetan kaleratuko diren liburuen zerrenda osatu du, eta 87 nobedade daude orotara.

 Maddi Ane Txoperena, Luis Garde, Gorka Bereziartua, Juan Garzia, Yurre Ugarte, Ane Zubeldia, Oihana Arana eta Amaia Lasa. FOKU
Maddi Ane Txoperena, Luis Garde, Gorka Bereziartua, Juan Garzia, Yurre Ugarte, Ane Zubeldia, Oihana Arana eta Amaia Lasa. JON URBE/ GORKA RUBIO / MAIALEN ANDRES / IÑIGO URIZ/ JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Inigo Astiz
2026ko martxoaren 10a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitaletxeak hasiak dira jadanik urte sasoi honetako lehen liburuak aurkezten, eta, BERRIAk kontsultatutako ia 30 argitaletxe ingurutatik jasotako informazioaren arabera, bereziki emaritsua izango da eleberrigintza aurten. Guztira, 34 nobela kaleratuko dituzte udara bitartean. Jatorriz euskaraz sortutakoak izango dira haietako 22, eta euskarara itzulitakoak dira beste hamabi. Badira, tartean, eleberrigintzaren definizio estuenei ihes egiten dieten tituluak ere, baina, hala eta guztiz ere, esanguratsua da kopurua. Iaz, esaterako, guztira 43 nobela iragarri zituzten kontsultatutako argitaletxe hauek berek: 24 Durango Azokaren atarian, eta 19 uda aurreko hilabeteetan. Eta 2024an, berriz, 36 eleberri iragarri zituzten argitaletxeek orotara: 20 neguan, eta 16 udaberrian. Horregatik, zalantzarik gabe esan daiteke eleberrien udaberria izango dela aurtengoa. Horrez gainera, hiru ipuin bilduma, hogei poesia liburu, hemeretzi saiakera eta bost komiki ere badaude zerrendan, bestelako lan batzuekin batera. 87 liburu berri, guztira.

Enara Garmendia, Nerea Balda, Yurre Ugarte, Maite Lopez Las Heras, Jabier Muguruza, Gorka Bereziartua, Juan Garzia, Idoia Fraile, Asel Luzarraga... Ohiz kanpoko nobela kopurua izanik, ohiz kanpoko luzerako izen zerrenda osa daiteke hilabete hauetan lanak argitaratzekoak diren eleberrigileen izenekin. Kalean dira jadanik hainbat lan esanguratsu, gainera. Xabier Montoiak, esaterako, aurkeztua du Bakea, bakea (Elkar), eta Maddi Ane Txoperenak ere kalean du jada Zaldi bat eleberria. Itzulera batzuk ere badira zerrendako izenen artean: Juan Garziarena, kasurako. Idazleak 1995ean eman baitzuen argitara orain arteko bere nobela bakarra, Fadoa Coimbran (Alberdania), eta hiru hamarkadaren ostean helduko baita orain bere bigarren eleberria: Erbeste, Erein argitaletxearekin. Luis Gardek, bestalde, poesian egin du bere ibilbidearen parterik handiena, baina baditu bi eleberri ere, eta hirugarrena emango du argitara orain Pamiela argitaletxearekin: Herriaren etsaia. Yurre Ugartek, berriz, Harakinen alaba nobela emango du argitara, Elkar argitaletxearekin. Alex Garmendia izango du protagonista kontakizunak, baserritar harakin baten eta kantari ye-ye baten alaba, hain zuzen ere, eta, argitaletxeak adierazitakoaren arabera, «egin ahala eraikitzen den eleberri baten itxura» du lanak.

Euskal letretan gutxik besteko ibilbidea egin du Joxean Agirrek eleberrigintzan. Mio marito deitzen zion eleberria aurkeztuko du Elkar argitaletxearekin, eta bere ibilbideko hamaseigarren nobela izango da. Baina, horrekin batera, hainbat idazleren jaiotza ere izango da udaberrian. Idoia Frailek, esaterako, Arranoaren luma emango du argitara Elkarrekin, zeina XIX. mendeko Zuberoako landa eremuan girotuta baitago, eta Markel Sanchez idazleak ere bere lehen nobela izango du Sorbatza (Elkar), Harkaitz Canoren hitzaurre batek lagunduta. Eta, horrez gainera, zerrendan badira bere lehen nobela argitaratuko duten sinadura ezagun batzuk ere. Alberdania etxearekin aterako dute euren lehen nobela bai Jabier Muguruza musikari eta idazleak bai eta Gorka Bereziartua kazetari eta artikulugileak ere. Café Mokka deitu du bere lehen nobela Muguruzak; lehen pertsonako kontakizun «intimo eta ironiko bat» da testua, argitaletxeak zehaztu duenez deskribapen zehatzak eta gogoeta filosofikoak uztartzen dituena. Bereziartuak Garondoan deitu du bere lehen eleberria. Lehen liburuarekin arrakasta lortu ostean noraezean dabilen idazle bat da liburuko protagonista, eta esaldi honekin hasi du haren deskribapena argitaletxeak: «Hogeita zazpi urte neuzkan eta ez nuen inor hil. Ezagutzen nuen gauza bera esan ezin zezakeen jendea». 

Itzulitako eleberrien artean, aipatzekoak dira McKenzie Wark idazlearen Reverse Cowgirl, Cesare Paveseren lehen eleberria (Paesi tuoi) eta Annie Ernauxen argazkigintzari buruzko gogoetak biltzen dituen Argazkien erabilera, hirurak Katakrakek kaleratuko dituenak.

Horiekin batera, liburu dendetara helduko dira aurki Manuel Rivasen Zer nahi nauk, Amore (Erein/Igela), Pol Guaschen Bihotzean Napalma (Txalaparta) eta Seumas O’Keillyren eta Elizabeth Hardwicken Ehulearen hilobia eta Insomio gauak hurrenez hurren, biak ere Igela argitaletxearen eskutik.

Hiru ipuin bilduma

Nobelen zerrendaren oparotasunarekin kontraste egiten du ipuin bildumenak. Hiru narrazio bilduma baino ez baitaude aurreikusita hurrengo hilabeteetarako. Ruben Sanchez Bakaikoaren Mundu guztiak (Txalaparta), Ane Zubeldia Magriñaren Datorren udan ez gara hemen biziko (Elkar) eta Olatz Mitxelenaren Etxe arrotz hau (Susa).

Poesian, Amaia Lasaren izena nabarmendu daiteke zerrendan. 1971n eman zuen argitara bere lehen poema liburua, Mikel Lasa anaiarekin batera, eta maiz nabarmendu da argitalpen hark euskal letretan izan zuen garrantzia, bertan aldarrikatutako «a, e, i, o, u berri bat» sortzeko nahia adierazten duen poema zatia aipatuz. 2010ean eman zuen argitara bere orain arteko azken poema bilduma, eta, ia hogei urteko etenaren ostean, hurrengo hilabeteetan bilduma berria argitaratuko duela iragarri du Erein argitaletxeak. Harekin batera, besteak beste, Ione Gorostarazuk, Sara Mantxola Akizuk, Oihana Aranak, Peru Magdalenak, Eric Dixarrik, Nahia Intxaustik eta Pello Iturraldek ere argitaratuko dituzte poema liburuak.

Urtaroak urtaro, saiakeragintzarena alor oparoa izaten da euskal letretan, eta halakoa izango da aurtengoa ere. Itzulpenak zein jatorrizkoak kontuan hartuta, hogei lan emango dituzte argitaletxeek ondorengo hilabeteetan. Joxe Azurmendiren, Maixa Zugastiren, Tasio Erkiziaren, Nagore Irazustabarrenaren, Urtzi Urkizuren, Agustin Arrieta Urtizberearen, Jon Sarasuaren eta Koldo Izagirreren lanak daude tartean, bai eta euskarara itzulitako beste hainbat lan ere. Maria Reimondezen Basatiak lana da haietako bat, eta, aurrerantzean, John Berger eta Jean Mohren eta Fatima Ouassaken testuak ere izango ditu euskal irakurleak eskura.

Bost komiki ere badira zerrendan, baina, edonola ere, bada albiste den absentzia bat ere: antzerkiarena, hain zuzen ere. Antzerkiarena, hain zuzen ere. Susa argitaletxeak eta Ehaze elkarteak elkarrekin kaleratzen duten Ganbila bildumako lanik ez da argitaratuko hurrengo hilabeteetan, eta azken urteetan bilduma hori izan da urtaroz urtaro antzerki argitalpenei eutsi diena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA