Idazlea

Yolanda Arrieta: «Elkarrekin irakurtzen badugu dena argitu daiteke, eta horrek berdindu egiten gaitu»

'Zurtz' lanagatik euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi du Arrietak. Literatura modu unibertsalean ulertzen du idazleak, eta enpatia sortzeko tresna bat dela uste du.

Yolanda Arrieta, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Yolanda Arrieta, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 14a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haur zein heldu, denak zurtz sentitzen direla uste du Yolanda Arrieta idazleak (Etxebarri, Bizkaia, 1963), eta gaur egungo gizarteak daraman erritmoa da horren errudun nagusia, haren ustetan. Arazoa identifikatu bakarrik ez, hari aurre egiteko erremedioa ere eman du gaurko prentsaurrekoan: irakurtzea; are, elkarrekin irakurtzea. Zurtz liburuak haur eta gazte literaturako Euskadi saria lortu berri du.

Gehiago irakurri behar dela aldarrikatu duzu zure diskurtsoan.

Mezu hori ari naiz zabaltzen azkenengo hogei urte hauetan. Haur eta gazte literaturan beti galdetzen dute halako liburu zein adinekoentzat den, eta zertarako den. Elkarrekin irakurtzen badugu dena argitu daiteke, eta horrek berdindu egiten gaitu. Eta, egitekotan, hala egin behar dugu literatura; haurrek ere jasotzeko moduko literatura, eta gazteek ere jasotzeko moduko literatura. Baina goazen elkarrekin irakurtzera, eskolan, liburutegian, etxean.

«Gaur egun, idaztea ez da guaia, nekatu egiten duelako; irakurtzea ere ez, aspertu egiten zarelako. Nik barruko muskuluak ere entrenatzea aldarrikatzen dut, inoiz baino gehiago, gure taupadara itzultzeko»

Zurtz hitzetik abiatu zenuen zure liburua. Zer du hitz horrek?

Denok sentitzen gara zurtz, modu batean edo bestean. Eta hortaz hitz egiten badugu, konturatuko gara denok daukagula zaurgarritasun zati hori, eta berdindu egiten gaitu horrek ere. Berdin dute adinak edo generoak, elkarrekin pertsonak garelako. Literaturak enpatia lantzen du, baina horren bila joan gabe ateratzen da, bizitzaz hitz egiten duelako literaturak. Literatura da fikzio bidez bizitzaren inguruan hitz egitea, eta hitz egiteko aukera ematea. Gaur egun daramagun erritmoan eta PISA txostenean atera diren emaitzen ondorioz, nik aldarrikatzen dut elkarrekin egoteko, elkarrekin hitz egiteko eta elkarrekin irakurtzeko tarte labur txiki bat hartzea, betiere isiltasuna lagun hartuta.

Nola oroitzen duzu saritua zinela esan zizuten unea?

Formakuntza bat ematen ari nintzen Muxikako eskolan. Deitu zidatenean negar malkoak etorri zitzaizkidan, gaur egun kosta egiten delako idaztetik bizitzea, irakurlerik ez dagoelako. Gaur egun idaztea ez da guaia, nekatu egiten duelako; irakurtzea ere ez, aspertu egiten zarelako. Nik barruko muskuluak ere entrenatzea aldarrikatzen dut, inoiz baino gehiago, gure taupadara itzultzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA