Literatura

Ixiar Rozasek irabazi du euskarazko literaturako Euskadi saria, eta Yolanda Arrietak haur literaturakoa

Rozasek 'Narrugorrik' lanagatik jaso du euskarazko literaturako saria, eta Yolanda Arrietaren 'Zurtz' izan da saritua haur eta gazte literaturan. Kike Ibañezek irabazi du literatur lan baten ilustrazioaren saria. Finalisten izenak ere eman dituzte.

Kike Ibañez, Ixiar Rozas eta Yolanda Arrieta, gaur goizean, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Kike Ibañez, Ixiar Rozas eta Yolanda Arrieta, gaur goizean, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 14a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nobelaren eta prosa poetikoaren arteko tartean hor nonbait koka litekeen lan batek eskuratu du euskarazko literaturaren Euskadi saria aurten: Ixiar Rozasek idatzitako Narrugorrik liburuak. Epaimahaiko kideek «literaturan esplorazio lana» egitea, hizkuntzaren bidez adierazteko «modu berriak bilatzea» eta literatura generoen artean mugitzeko gaitasuna izatea nabarmendu dizkiote idazleari, eta, besteak beste, hala argudiatu dute zergatik saritu duten lana. Are, saiakera, egunerokoa eta poesia uztartzen ditu Narrugorrik liburuak; sei bat urtez landutako testuen bilduma bat da. 

Euskadi sarietako beste bi aitortzaren irabazleen berri ere eman dute gaur, gainera. Yolanda Arrietaren Zurtz lanari eman diote haur eta gazte literaturako Euskadi saria, eta Kike Ibañezen El diablo sobre ruedas-ek jaso du ilustrazioaren alorrekoa. Besteak beste, umezurztasunari emandako «esanahi zabal eta iradokitzailea» nabarmendu du epaimahaiak Arrietaren lanean, bai eta egituraren aberastasuna ere; «poliedrikoa» dela azalduta, zehazki. Bestalde, El diablo sobre ruedas lanerako Ibañezek eginiko ilustrazioen kalitate artistikoa goraipatu dute, batik bat. 

Donostiako Tabakaleran egin dute prentsaurrekoa, eta han izan dira, sarituez gain, Andoni Iturbe Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Ana Lopez kultura sustatzeko zuzendaria. Saritu bakoitzak 18.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta beste 4.000 eurokoa euren lanak beste hizkuntza batera itzultzen badira.

Hiru modu

Andoni Iturbe Kultura sailburuordearen hitzetan, hiru lanak oso desberdinak dira elkarren artean: «Sortzeko hiru modu, hiru prozesu eta adierazteko hiru modu erakusten dituzte». Hain zuzen, Rozasen liburuak egiten duen esplorazio lana balioetsi du epaimahaiak; hitz jokoen bitartez «esperientzia sentsorial bat» sortzeko gaitasuna izan baitu. «Gauza asko da liburu hau», azaldu du egileak berak aurkezpenean. Izan ere, biluztasunaz gain zaurgarritasuna ere erakutsi nahi baitu: «Gure kaleetan dagoen zaurgarritasuna, hemen Tabakalera inguruan dagoen jendeak erakusten duena».

Zurtz liburuari dagokionez, Arrietak umezurztasunaren kontzeptuari eman dion esanahia goraipatu du epaimahaiak. Gaineratu dute «sinesgarritasunez» jaso duela, sentimentalismoan erori gabe. Egileak zurtz hitza izan zuen buruan liburuarekin hastean, eta argi izan zuen hori izango zela lanaren izenburua. «Gaur egungo bizitzari keinu egiten dion hitz bat da, denok sentitzen gara zurtz. Azkar goaz», azaldu du. Horiek horrela, gazteak eta haurrak iruditzen zaizkio pertsonen arteko ahulenak, eta haurtzarotik gaztarorako bidean daudenei egin nahi izan die keinu. 

Abiapuntu dramatiko bat du Kike Ibañezen El diablo sobre ruedas lanak, baina, hala ere, abiapuntu hori ez da liburuaren muina. Epaimahaiak Ibañezen estilo «freskoari» egin dio erreferentzia, eta iritzi diote «kaosaren eta ordenaren arteko oreka grafikoa» dagoela lanean. Bestalde, egilearen unibertso propioa ere izan dute kontuan. Izan ere, Ibañez Francisco Ibañez marrazkilariaren Mortadelo eta Filemon komikiak irakurtzen hazi zen, eta ez hori bakarrik, horietako marrazkiak kopiatzen aritzen baitzen behin eta berriz. «Beraz, Ibañezen eragin nabarmena dago nire lanean», adierazi du egileak.

Bederatzina finalista

Saritutako lanen berri ez ezik, finalista izan diren lanen berri ere eman dute aurten. Nobedadea da hori. Iturberen hitzetan, iazko uztako lanen balioa azaltzeko egin dute hala, gizarteari lan interesgarriak ezagutzera emateko. Hala bada, bederatzi lan hauek datoz euskarazko literatur lanik onenen finalisten zerrendan: Karlos Linazasororen Bazter utzietan (Elkar), Bernardo Atxagaren Enarak (Pamiela), Katixa Agirreren Barne zerbitzuak (Elkar), Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa (Susa), Amaiur Epherren Haize beltza (Txalaparta), Danele Sarriugarteren beste zerbait (Consonni), Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen (Susa), Harkaitz Canoren Silueta (Susa) eta Julen Belamunoren Iragan atergabea (Elkar).

Eta haur eta gazte literaturaren esparruan ere, beste bederatzi finalistaren izenak eman dituzte. Pello Añorgaren Kapa-Ipi-Xopo, igeltxo (Txalaparta), Txabi Arnal Gil eta Edu Zelaietaren Alepoko zazpi pediatrak (Elkar), Xabier eta Martin Etxebarria anaien Medium (Elkar), Junkal Lertxundiren Eraman nazazu zurekin (1545), Alaine Agirreren Euri eta ateri (Elkar), Olatz Mitxelenaren Su txikian (1545), Maixa Zugastiren Zozabarrak (Erein), Amaia Telleriaren Aurpegiak (Alberdania)  eta Maite Gurrutxagaren Tapakia (Erein). Eta, azkenik, ilustraziorik onenaren saria irabazteko bidean finalista izan dira Rocio Araia, Maite Gurrutxaga, Idoia Beratarbide, Maider Leturiaga, Ane Arzelus, Javier Isusi, Ivan Mata Tamayo eta Jokin Mitxelena egileen lanak.

Orotara, zazpi alorretan ematen dira Euskadi sariak, eta datorren astean jakinaraziko dituzte euskarazko literatura itzulpenaren, euskarazko eta gaztelaniazko saiakeren eta gaztelaniazko literaturaren alorretan saritu dituzten egileen izenak. Bestalde, sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 20an izango da, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan.

SARITUAK ETA FINALISTAK

EUSKARAZKO LITERATURA.

Ixiar Rozas. Narrugorrik (Consonni) 

Karlos Linazasoro. Bazter utzietan (Elkar)

Bernardo Atxaga. Enarak (Pamiela)

Katixa Agirre. Barne zerbitzuak (Elkar)

Miren Agur Meabe. Amorante frantsesa (Susa)

Amaiur Epher. Haize beltza (Txalaparta)

Danele Sarriugarte. beste zerbait (Consonni)

Eider Rodriguez. Dena zulo bera zen (Susa)

Harkaitz Cano. Silueta (Susa)

Julen Belamuno. Iragan atergabea (Elkar)

 

 

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Yolanda Arrieta. Zurtz (Denonartean)

 Pello Añorga. Kapa-Ipi-Xopo, igeltxo (Txalaparta)

Txabi Arnal Gil eta Edu Zelaieta. Alepoko zazpi pediatrak (Elkar)

Xabier eta Martin Etxebarria. Medium (Elkar)

Junkal Lertxundi. Eraman nazazu zurekin (1545)

Alaine Agirre. Euri eta ateri (Elkar)

Olatz Mitxelena. 'Su txikian' (1545)

Maixa Zugasti. Zozabarrak (Erein)

Amaia Telleriaren Aurpegiak (Alberdania)

Maite Gurrutxaga. Tapakia (Erein).

 

LITERATURA LANEN ILUSTRAZIOA

Kike Ibañez. El diablo sobre ruedas (Abuenpaso)

Rocio Araia. Asfaltoaren azpian, lorea. (A Fin de Cuentos)

Maite Gurrutxaga. Egunaren adinak (Denonartean)

Idoia Beratarbide. Luma kantaria (1545)

Maider Leturiaga. Eraman nazazu zurekin (1545)

Ane Arzelus. Invisibles (Zahori Books)

Javier de Isusi. El año en que fuimos Reyes (Astiberri)

Ivan Mata Tamayo. Odisea (Harriet ediciones)

Jokin Mitxelena. Mater zetazeoak (1545) 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA