Literatura

Entzulerik ezean nola kontatu mina

Laurie Halse Anderson idazle estatubatuarraren liburu bat euskaratu dute aurrenekoz: 'Utzi kontatzen'. Idazleak harexekin egin zuen debuta nobelagintzan, nerabezaroan bere larruan jasandako sexu indarkeria izanik abiapuntu.

Laurie Halse Anderson idazlea, 2019an, Texaseko liburu jaialdian.
Laurie Halse Anderson idazlea, 2019an, Texaseko liburu jaialdian. LARRY D. MOORE
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abenduaren 14a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere larruan jasandakoak literaturara eramanez egin zuen debuta nobelagintzan Laurie Halse Anderson idazleak (Potsdam, AEB, 1961). Eleberria eman zuenetik kasik hogei urtera egin zuen aitortza. 2018an kontatu zuen, aurrenekoz, bere-bereak dituela narrazio horretako Melinda Sordino protagonistaren oinazeak. Eta sufritutakoari buruzko lekukotza are eta sakonagoa eman zuen gerora, 2019an argitaratutako memoria eta poesia liburuan: Shout: The True Story of a Survivor Who Refused to Be Silenced (Oihukatu: Isilarazia izateari uko egin zion biktima baten benetako istorioa). Ordurako, hori bai, nazioarteko fenomeno literario bihurtua zen bizipen horretan ardaztutako nobela, idazlearen eta haren protagonistaren bat egitea oraindik azaleratu gabea zenean; batez ere obrari aitortu zaion bertute honengatik: gaia arantzatsua izanagatik, hari ausardiaz eta orobat sentsibilitatez heltzeagatik. Speak izenburupean eman zuen lana egileak, 1999an, ingelesez, eta Ainhoa Mendiluzek euskarara ekarri du orain, Txalapartarekin: Utzi kontatzen. Hau da muina: bortxatu duten neska gazte baten mina eta hitz egin ezina.

Iaz Minaberri itzulpen bekaren lehenbiziko deialdia irabazita eman du lana Mendiluzek. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatzen du deialdi hori, Iruñeko Udalaren eta Txalapartaren laguntzarekin, eta gazte literaturako nazioarteko obra esanguratsu bat euskarara itzultzeko baliabideak ematea du helburu: 3.000 euroko laguntza ekonomikoa, lana argitaratzeko bidea eta mentoretza ematen zaizkio itzultzaileari —30 urtetik beherako itzultzaileak aurkez daitezke deialdira—.

Euskaraz ez ezik, ingelesaz bestelako 35 hizkuntzatan ere leitu daiteke Andersonen lehenbiziko eleberria, sona handia du nazioartean, eta, bestalde, zinemarako egokitu zutelako ere badu aitortza hartan biltzen den kontakizunak. Zehazki, 2004an eman zuten film batean —Speak izenburua jarri zioten hari ere—: Jessica Sharzerrek zuzendu zuen, eta Kristen Stewart aktoreak jokatu zuen protagonistaren rola.

Oro ez da urre, ordea. Aipatzekoa da 1999tik, hau da, eleberria argitara atera zenez geroztik hainbatek ahaleginak egin dituztela hari bideak ixteko: AEBetan bereziki, liburua sarri izan da zentsuratua. American Library Association elkarteak urtero zerrendatzen ditu hamabi hilabeteko epean AEBetan «gehien zentsuratu, oztopatu edo mugatu diren» hamar liburuak, eta, hara non, Andersonena laugarren postuan ageri da 2020ko datuak aintzat hartuta osatutako zerrendan. Lana zentsuratu dutenek hauek egotzi izan dizkiote liburuari, elkartearen arabera: bortxaketa baten kontaketa egitea, «blasfemiazkoa» izatea, ikuspuntu politiko «nabarmena» bistaratzea eta plazaratzen dituen ideien bitartez gizonezko ikasleei «eraso» egitea. Dena dela, kritika horiei eta zentsura saiakerei buruz sarri galdetu diote Andersoni berari, eta zorrotz erantzuten du aldiro: «Ez naiz sexuari buruz idazten ari, sexu eraso bati buruz mintzo naiz. Gainera, hainbat helduk uste dute gazteek ez luketela gauza gogorrik irakurri behar, baina, hain justu, haur eta gazteak errealitate batzuetatik babesten ari garelakoan, kontrakoa egiten dugu askotan: kaltebera bihurtzen ditugu».

Batik bat haserretik eta kezkatik abiatuta idazten duela aitortu du maiz Andersonek; oro har, jorratu dituen literatur genero guztietan. Izan ere, nobela historikoetan ere egina du bidea idazleak, eta, halakoetan, dioenez, «guztiek ezagutu behar lituzketen eta aldiz aski ezezagunak diren gertakariak kontatu nahia» izaten du bulkada, besteak beste. «Haserrea dut hor ere atzean, eta, orobat, jakin-mina, eta konfusioa; horiek eta mina ditut inspirazio».

Biktima «traidore»

Azaroan, Speak-en euskarazko edizioa liburu dendetara ailegatu berritan eman zituen eleberriari buruzko azalpenak Mendiluze itzultzaileak, Iruñeko Karrikirin, Txalapartako editore Iñigo Satrustegik lagunduta. Itzulpen prozesuari buruz mintzatu ziren batik bat, baina, ezinbestean, liburuak biltzen duen istorioari buruzkoak ere aletu zituzten solasaldiak aurrera egin ahala.

Mendiluzek eman zuen nobelaren abiapuntua: «Melinda Sordino 13 urteko neska gazte bat da, institutuan hasi berria, eta gatazka bat du lehenbiziko egunetik. Liburuan, oso-oso hasieratik ematen da aditzera udan gertakari traumatiko bat izan zuela». Gehiegi kontatu nahi ez balute bezala ekin zioten kontakizunari hala itzultzaileak nola editoreak hasieran, baina detaile gehiagoko deskribapen bat ere eman zuten azkenerako, nobelan ere berandu gabe antzeman baitaiteke protagonistari gertatutakoa zer den. Ikasturtea hasi aurrean, udan, festa batean izan zen neskatoa, eta ikaskide batek bortxatu egin zuen. «Irakurleak ez du hori hasieratik jakiten, baina liburuak poema bat dakar hasiera modura, eta hor ja ikusten da indarkeria matxistarekin lotura duela».

Andersonek berak idatzitakoa da olerki hori, eta lehenbiziko bertsoan bertan adierazten duenez, «hamaika tokitatik» jasotako testigantzen bilketa bat da, bere horretan. «(...) Zuk:/ Bortxatu egin ninduten ni ere/ sexualki eraso zidaten zazpigarren mailan/ hamargarrenean, graduazio osteko udan/ festa batean/ nik 16 urte neuzkan/ nik 14/ nik 5 eta hiru urtez egin zidan eraso/ (...) Nik:/ Nik:/ Nik: negarrez». 

«Ikasturtea hastean, aurreko urtean lagun zituenek dagoeneko ez diote aurpegira begiratzen Melindari, iraindu egiten dute, jazarpena egiten diote, eta erabat marjinatua dago»

AINHOA MENDILUZE ORMAETXEA Itzultzailea

Dena dela, institutuko lehenbiziko egunean du hasiera nobelak. «Ikasturtea hastean, aurreko urtean lagun zituenek dagoeneko ez diote aurpegira begiratzen Melindari, iraindu egiten dute, jazarpena egiten diote, eta erabat marjinatua dago», azaldu zuen Mendiluzek. Bortxatu zuten gau hartan Poliziari deitu ziolako daude ikaskideak haserre protagonistarekin; izan ere, haiek ez dakite zergatik deitu zuen, baina «traidoretzat» daukate, festa «zapuzteagatik». Eta, hain zuzen, ordutik aurrera neska gazteak izanen duen jokamoldearekin du lotura nobelaren izenburuan —Utzi kontatzen— iradokitzen den ideiak. «Ezinegon horrek ia erabat mututzera bultzatzen du Melinda, ia ez du hitzik egiten. Irakurlea haren bakardade eta iluntasun horretara darama istorioak». 

Liburua kapitulu motzetan dago banatua —Satrustegi: «Eszenak balira bezala»—, eta haiek guztiak lau ataletan bereizita daude: ikasturteko lau ebaluazioei egiten die erreferentzia bakoitzak. 

Zer euskaratara euskaratu? 

Hain justu ere, ebaluazioz ebaluazio landu du Mendiluzek itzulpena bera ere. Minaberri bekari esker, Aiora Jaka izan du mentore prozesu osoan, eta kapitulu horietako bakoitza banan-banan entregatu dio hari, Karrikirin azaldu duenez. Eskerrak eman dizkio Jakari, «begirada zorrotzagatik». 

Ainhoa Mendiluze itzultzailea, 'Utzi kontatzen' liburua eskuan, Iruñeko Karrikiri elkartean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ainhoa Mendiluze, Utzi kontatzen liburua eskuan, Iruñeko Karrikiri elkartean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Itzulpen prozesuan atzemandako zenbait zailtasun nabarmendu zituenez Mendiluzek. Zioenez, deialdirako lagina lantzen hasi orduko erreparatu zion jatorrizko liburuak daukan erreferentzia kultural mordoari, eta, beraz, hasieratik susmatu zuen ariketak sormen lan handia eskatuko ziola. Gerora, ordea, beste erronka batzuk heldu zitzaizkion bidera. Erritmoari eustea izan da bat: «Nobelak daukan sintaxia nahiko sinplea da, eta oso arin doa esaldi batetik bestera, zailtasunik gabe. Ingelesa bera oso hizkuntza konpaktua da, eta hitz gutxitan gauza asko esan ditzake». Euskaratzean testua ez astuntzea izan du erronka. 

Jatorrizko testuaren ironia kargak ere ekarri dio zailtasunik: ezaugarri hori nabarmena da nobelan. Protagonistaren barne bakarrizketaz josia dago lana, sarkasmo eta hitz joko mordoa dago horietan, eta, itzultzailearen esanetan, sarri geruza ugari daude esaldi bakoitzean. Eta, bestalde, euskarazko edizioaren balizko irakurlea nor izanen den irudikatzeak ekarri dizkio buruhausteak itzultzaileari. Hizkuntzari loturiko ajeengatik, batik bat. Honela esplikatu du: «13-15 urteko nerabeak imajinatzen nituen hau irakurtzen, baina hor dibertsitate ikaragarria dago. Euskal Herria hartuta, hasteko, geografikoki nongoak diren gazte horiek, euskara bat edo beste erabiliko dute. Elkarrizketetan-eta euskara adierazkorra erabiltzeko, argi dago Hegoaldean gaztelaniara jotzen dugula, edo handik edaten dugula, eta Iparraldean, frantsesetik. Gazte hizkera ahalik eta estandarrena edo euskaldun guztiek ulertuko luketena saiatu naiz sortzen. Eta hor bazegoen euskara mailari lotutako kontua ere: buruan nituen Tolosako nerabe bat, Tuterako bat, eta Baionako bat. Ahalegina izan da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.