Urtebete atzera, despedida behin betikoa izanen zelakoan esan zuten agur Ane Pikazak eta Maria Goirizelaiak Erriberriko (Nafarroa) Erregearen Jauregiaren kanpoaldean paratutako La Cava agertokian. Artean ere ez zekiten, ez haiek ez beste inork, aurrerantzean ere igoko zirela berriz eszenatoki harexera antzerki festibalaren beste aldi baten egitarau bat aurkeztera. Eta begira orain. «Gaur hemen gara, berriz, kaixo esateko, eta beste lau urteko aroari ongietorria emateko», laburtu du Pikazak ordutik hona gertatutakoa. Zehazki, 2021eko abendutik gidatzen dute Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendaritza artistikoa Pikazak eta Goirizelaiak. Lizitazio publikoko prozesuan gailendu, eta lau urterako kontratua sinatu zuten orduan bilbotarrek, baina 2025eko hondarrean berriz erdietsi zuten puntuaziorik hoberena lehiaketan, eta, horregatik, 2029ra arte ere haien zuzendaritzapean eginen da jaialdia. Bihar bertan abiaraziko dute aurtengoa.Â
Teobaldos plazan zabalduko dute egitaraua: Et D'aiulleurs konpainiak Bath-Flop antzezlan performatiboa eskainiko du 19:00etan. Eta 22:00etan, aldiz, Pont Flotant konpainiaren Adolescencia infinita obra ikusten ahalko da La Cavan. Urteotan guztietan, baita orain ere, agertoki hori izaten da festibalaren epizentroa. Ordea, urtetik urtera agertoki gehiago atondu dituzte, kalean bertan ere programatu dituzte hainbat antzezlan eta bestelako emanaldi, eta, are gehiago, Erriberriren mugetatik harago ere hedatzen dute jaialdia duela zenbait urte.
Ikusi gehiago
Aurten Beirera, Tafallara, San Martin Unxera eta Pitillasera ere zabalduko dute programazioa, eta, hortaz, haietan guztietan ere izanen direnak aintzat hartuz baizik ezin da osatu 27. festibalaren erradiografia osoa. Irudi hori honelakoa da, zifratan: 27 konpainiak parte hartuko dute, eta, osotara, 31 funtzio eskainiko dituzte abuztuaren 2ra artean. Euskarazko antzezlan bakarra izanen da: Dejabu konpainiaren Itzulera, uztailaren 23an.
Komunitateak artea
Aurtengo programazioaren aurkezpenean, zuzendari artistikoek aldi berean egin diete so orain arteko urratsei eta egiteko dauzkatenei. Esate baterako, festibalaren sustraiei eta haiek lurraldeari lotzeko manerari erreparatu die Pikazak: «Erriberriko Antzerki Jaialdia ez da lurralde batean gertatzen, Erriberriko Antzerki Jaialdia lurraldea da. 27 urteotan, dramaturgia propioa sortu du, eta arte eszenikoak ulertzeko modu bat, zeinean eszenatokia, teatro batera mugatu beharrean, kaleetara, plazetara, jauregietara, paisaietara eta herrietara hedatzen den. Festibal hau sinetsita dago gauzak gertatzen diren tokiak ere sorkuntzaren parte direla».Â
«Lurraldea bada memoria, paisaia, identitatea eta etorkizuna ere; eta bizi dutenen eta hura zeharkatzen dutenen batura ere bai, eta baita egoteko eta egiteko beste modu batzuk imajinatzeko agertoki bat ere»
MARIA GOIRIZELAIAÂ Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistikoa
Baina lurraldea ez da soilik mapa bat. Goirizelaiak irmo azpimarratu du kokalekuak ez ezik bertako herritarren komunitateak ere bereziki daukala garrantzia. Izatez, haietaz mintzo, zuzendariari poza nabarmendu zaio intonazioan batez ere, eta ospatu aditza baliatu du hainbatetan. «Ospa dezagun lurraldea, ospa ditzagun herri hauek eta haietan bizi diren herritarrak». Eta, ospatzearekin batera, anbizioz jokatu nahia defendatu du, gainera. «Lurraldea badelako memoria, paisaia, identitatea eta etorkizuna ere; eta bizi dutenen eta hura zeharkatzen dutenen batura ere bai, baita egoteko eta egiteko beste modu batzuk imajinatzeko agertoki bat ere». Goirizelaiaren ustez, komunitateak artea behar duen beste behar du arteak komunitatea.Â
Oraingo honetan ere, egoitza artistikoak, tailerrak eta prestakuntza saioak dira komunitatearekiko loturaren erakusle garbienak.Â
Egoitzetan Las Nenas kolektiboa eta La Majica konpainiako Edurne Pena eta Pablo Valencia ariko dira. Las Nenas taldekoak Lope de Vegaren Gatomaquia berrikusten ari dira, eta Tafallako kultur etxean erakutsiko dute orain arteko ikerketaren lagin bat, uztailaren 29an; aldiz, Pena eta Valencia Amortzia izeneko obra lantzen ari dira —idazketa fasean daude—, generazioen arteko komunikazioa eta narratibak gogoetagai dituen proiektu bat, eta uztailaren 27an eta 28an erakutsiko dute orain arte jorratutakoa, Erriberrin.Â
Dozenaka doinu eta giro
Jaialdiaren webgunean ikusgai daude aurtengo ediziorako programatutako emanaldi eta jarduera guztiak, eta artean zabalik dago ordainpekoak direnetarako sarrerak erosteko bide digitala ere. Egitarau osoaren «pluraltasuna» nabarmendu dute, hain justu, bai zuzendari artistikoek bai eta Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari Iñaki Apeztegiak ere. Aurkezpenean, honako hauek aipatu dituzte, besteak beste, amu gisara: Damian Malvacioren Yo bailo eta Adriana Salvo tafallarraren Mujeres que cantan tras el balcĂ³n.

Uztailaren 25ean eta uztailaren 30ean taularatuko dituzte horiek, hurrenez hurren, eta, preseski, biek dute lotura biziki estua tokiko komunitatearekin. Yo bailo ontzeko, Malvacio zuzendariak Erriberrin bizi diren 60 urtetik gorako herritarrekin egin du lan; Salvok, bestalde, Nafarroa erdialdeko emakume artistei eskaini die lana.
Ohi denez, musika eskaintzarik ere izanen da jaialdian, eta euskarazkoa izanen da haietako bat aurten. Olaia Inziartek kontzertua emanen du 31n, Errege Jauregian.