Ez da lekuko aldaketarik, eta ez bik, lau eskuk helduko diote Erriberriko Antzerki Jaialdiaren ildoari aurrerantzean ere. Bi begiradak segituko dute irudikatzen antzerki jaialdiaren etorkizun hurbila: Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia beste lau urtez izanen dira festibalaren zuzendari artistikoak. La Dramatica Errante antzerki konpainiako kide dira bi-biak, eta ezaguna dute Erriberriko jaialdia. Festibalak 2021eko abenduan adierazi zuen haiei egokitu zietela zikloa zuzentzeko ardura —lau urteko kontratua sinatu zuten orduan—, eta, hori horrela, haiena izan da antzerki jaialdiaren programazioa diseinatzeko eta kudeatzeko ardura azken lau edizioetan. Iragan udakoa izan zuten azkena, edo, zehatzago, hori zen esperotakoa; gaur arte. Zuzendaritza berritzeko eginiko lizitazio publikoko prozesuan Goirizelaiak eta Pikazak eskuratu dute baloraziorik hoberena berriz, eta, hortaz, jaialdiak haien sinadura izanen du 2029ra artean.Â
Zuzendaritza berritzeko deialdira aurkeztutako lau hautagaitzen artetik Goirizelaia eta Pikazarena nabarmendu du Balorazio Batzordeak. Jaialdiaren premiak «zehatz» identifikatzea eta proposamen xeheak egin izana goratu diete bi artistei. «Bistan gelditu da sakon ezagutzen dutela festibalak proiekzio plataforma gisara zein sorkuntza eszenikoko askotariko eragileen arteko bitartekari gisa daukan rola», argudiatu du batzordeak. Gainera, hautatzaileen esanetan, zuzendarien proposamenean nabarmenak dira, besteak beste, «inklusioa bermatzeko borondatea», askotariko publikoa erakarri nahia eta «komunitatearen» parte hartzea bultzatzeko interesa. Diotenez, Goirizelaiak eta Pikazak jakinarazi dute azken lau urteotan urratutako bidean aurrera egiteko bokazioa dutela aurrerantzean ere, baina, orobat, propio saiatuko direla egitasmoak «salto kualitatibo» bat egin dezan.Â
Goirizelaiak eta Pikazak datorren urteko udan izanen dute beren bigarren aldiko lehenbiziko erakustaldia egiteko aukera. Data iragarria da dagoeneko: 2026ko uztailaren 17tik abuztuaren 2ra eginen dute Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 27. aldia.Â