Literatura

Esker hitzek ez dute estropezurik eragiten

Zahartzaroan afasiaren sintomak azaleratzen hasi zaizkion andre baten pasarteek ardazten dute Delphine de Vigan idazle frantsesaren 'Esker onak' eleberria. Samurtasuna eta enpatia dira nagusi. Aiora Jakak euskaratu berri du, Igela argitaletxearekin.

Delphine de Vigan idazlea, atxiboko irudi batean. BERRIA
Delphine de Vigan idazlea, atxiboko irudi batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liburuen bokazioa idazleen galderei erantzutea dela esandakoa da Delphine de Vigan idazlea (Boulogne-Billancourt, Frantzia, 1966). Eta, haren esperientzian, liburuaren idazketa aktibatzeko lehenbiziko imintzioa hain izan da galdera bati lotua batzuetan, ezen irudipena baita inoiz bere kolkorako esan zituen gisa berean ekarri dituela zalantzok liburuetara. «Pentsatu duzu inoiz egunean zenbat aldiz ematen dituzun eskerrak?». Bigarren pertsonan jokatua, itxuraz sinplea eta, aldi berean, irakurleari barne hausnarketa bat pizteko aski zorrotza den galdera hori du abiapuntu Esker onak nobelak, esaterako. Hori baitzuen buruan zirika De Viganek Les Loyautés eleberria (2018) argitara eman ondorenean. Hark zimikatua baitzuen barrena. Gaiari buruz gogoetatzen hasteak susmo bat, «kasik baieztapen bat» ekarri zion segituan: ez ote den gehiegi baina orobat gutxiegi eta batez ere beranduegi esaten «eskerrik asko». 

Idazleak berak aitortu gisara, espero baino lasterrago aurkitu zuen gaiari buruzkoak nobela batean jasotzeko modua, eta, neurri handi batean, antzerkia izan zuen eredu horretarako. «Lana elkarrizketaz eta bakarrizketaz osatu, bai, baina betiere nobela baten airea izan zezan bermatzea izan nuen erronka». 2019an eman zuen argitara eleberria, frantsesez, Les gratitudes izenburuarekin. Igela argitaletxeak euskaraz eman du orain, Aiora Jakak itzulita. 

Nobelak Michka izeneko emakume edadetu bat du protagonista: oraintsu arte etxean bakarrik eta aski autonomo bizitzeko gai izan da, baina, halako batean, afasiaren sintomak azaleratzen hasi, eta zaharren egoitza batean bizitzeari ekin behar izan dio. Aparteko spoilerrik ez da azaleratuko hau argitara aterata ere: Michka berandu gabe zenduko da. Eleberriaren hamabigarren paragrafoan bertan dago iragarria haren patua, justu Michkaren heriotzako eguna baitu hizpide narratzaileak orduantxe, eta, hain zuzen, atzera begirako baten gisakoa da aurrerantzean liburuak jasotzen duen guztia.

Ordutik aurrera, ordena kronologikoari jarraikiz aurrera eginez, Michkaren gainbeheraren kontakizuna egiten du lanak, txandaka mintzo diren bi narratzaileren eskutik. Marie da bat, emakumearekin harreman estu eta eztia daukan bizilagun gaztea. Bestea Jerome da, zaharren egoitzan lan egiten duen logopeda. 

Ezin hitza aurkitu

«Batzuetan, Michka egongelaren erdian geratzen zen, galduta, nondik hasi ez baleki bezala, bat-batean ahaztua balu bezala hainbestetan errepikatutako erritua. Beste batzuetan, esaldi baten erdian geratzen zen, eta estropezu egiten zuen, benetan estropezu, gauza ikusezin batekin. Hitz bat bilatu, eta beste bat aurkitzen zuen. Edo ez zuen ezer aurkitzen, hutsunea besterik ez, saihestu beharreko tranpa bat». Afasiaren eraginez, protagonistak hitz egiteko gaitasuna nola galtzen duen kontatzeko manera samur baina garratz hori da Esker onak liburuan elementu nagusietako bat, eta, aldi berean, protagonistaren hizketan gero eta nabarmenago gertatzen den gainbehera idazteko modua da De Viganen bertute handienetako baten froga. 

Liburuan aurrera egin ahala, Michkaren esaldiak gero eta akastunagoak dira, eta haren solasak gero eta maizago betetzen dira isilunez. 

Hain zuzen, protagonistak hizketan dituen «lapsusak» euskaratzea izan da Aiora Jakak itzulpen prozesuan izandako ariketa zailenetako bat. Asteon aurkeztu dute euskarazko edizioa, eta bideo dei bidez konektatua zelarik —Kanadan baitzen orduan— kontatu ditu itzulpen prozesuaren erronkei buruzkoak. «Liburuan, hitz baten ordez, forman antzekoa baina esanahi desberdinekoa den beste bat erabiltzen du protagonistak, eta hitz joko horiek gutxitan kointziditzen zuten euskarazkoekin», azaldu du Jakak. Euskarazko edizioan, «gosaltu ohi» duela ez, «gosaldu goi» duela dio Michkak sarri; bale ez, kale esaten du, eta barrez lehertu beharrean, barrez lehortu egiten da bera. 

Jerome logopedaren ahotsak ere bereziki dakarkio liburuari samurtasun eta enpatia handi bat. «Haien begirada lausoaren atzean, haien keinu zalantzatietan, izan ziren gizon edo emakume gaztea bilatzen dut, errotuladore lodiz egindako marrazki baten azpian jatorrizko zirriborra igarri nahi lukeenak nola», dio pertsonaia horrek liburuaren hastapenetan. Eta De Viganek tarteka tonu poetikoa bilatzen duen seinale dira halakoak ere, nolabait. 

2001ean eman zuen argitara bere lehenbiziko eleberria De Viganek, Jours sans faim (Goserik gabeko egunak), baina ezizen bat baliatu zuen horretarako: Lou Delvig. Kutsu autobiografiko handiko liburua da hori, eta idazleak berak anorexia izan zueneko garaia du oinarrian. Sinatzeko manerari dagokionez, azkenerako hori izan zen idazleak ezizena baliatu zuen aldi bakarra, eta, ordutik, egiazkoa erabili du beti, baita elementu autobiografikoz jositako eleberrietan ere.

Idazleak 2007an kaleratutako No et moi (No eta biok) nobelarekin ezagutu zuen arrakasta aurrenekoz —Frantziako Liburuzainen saria eskuratu zuen, eta 2010ean zinemara ere egin zuen salto, Zabou Breitmanek zuzendutako film batean—, eta idazketa du ogibide ordutik. Harrezkero, dozena bat nobela eman ditu, eta haietako zenbait hogeitaka hizkuntzatara itzuli dituzte dagoeneko: esaterako, Les heures souterraines (2009), Rien s'oppone à la nuit (2011) Les loyautés (2018) eta oraintsu euskaraz argitaratutako Les gratitudes (2019) —2022an, Zilarrezko Euskadi saria irabazi zuen gaztelaniazko edizioarekin—. 

Samurtasuna bakarrik ez

De Viganen literatur obra osoan da nabarmena kritika soziala. Idazleak beti aurkeztu ditu bere eleberrietako pertsonaiek bizi dituztenak, haiek dauzkaten problema eta bizi baldintzak, gizartearen aje kronikoen ondorio gisara, eta inoiz gutxitan kasu bakanak balira bezala. Prekaritateari, biolentziari, lan arloko jazarpenari, efizientziarik gabeko komunikazio bideei eta elikadura nahasmenduei buruzko istorio eta gogoetak bildu izan ditu nobeletan; aitortu duenez, halakoak bere azalean bizi edo hurbilekoengan ikusi dituelako, batzuetan, eta, halako lotura esturik izan gabe ere, bizi duen garaiari eta munduari erne ibiltzea maite duelako, inoiz.

Esker onak eleberrian, kasurako, bakardadeari buruz plazaratutako ideietan baina batez ere zaharren egoitzei buruz kontatzen dituenetan da nabaria De Viganen irakurketa kritikoa, eta narrazioaren plano konkretu batera eraman ditu ideiok: protagonistaren amesgaiztoetara. Aldian-aldian, Michkak ametsetan bizi dituenak daude liburuan kontatuta. Pasarte horietan, emakumea inolako problemarik gabe hitz egiteko kapaz da, horiek ez baitira egiazki gertatzen ari, baina beste oinaze bat begietaratzen zaio hari aldiro: zahar etxeko zuzendaria hari gaizki esaka, eta, are, serio iradokitzen egoitzako tokia ez duela segurtaturik. 

Amesgaizto horietan, hori bai, beste mamu bat ere azaltzen zaio protagonistari sarritan: iraganean ezinbesteko laguntza eman zion bikote bati eskerrak emateko beranduegi delako ustea eta, ondorioz, damua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.