Liburuaren inguruko «festibal ttipi bat» egonkortzea. Helburu horrekin segitzen du aitzina, pixkanaka-pixkanaka, Sarako Idazleen Biltzarrak. 43. aldia izan du aurten, eta eguzki kolpeetarik babesteko leku ona ere izan da. Goizean goiz jinikoak ez dira anitz izan, eta denak kafearen kontuarraren kontra ziren, bi solas egiteko estakuruak baturik. Haien artean zen Maider Elkano biltzarraren antolatzailea ere. Aurten programazioa zabaldu dutela kontatu du; Santa Katalina kaperan egin Hiru emazte kantari gogoan kontzertuarekin hasi da biltzarra, eta profesionalen egunarekin bururatuko da, bihar. Eta liburuaren inguruko «festibal ttipi» hori egonkortzeko, ahal bezainbat idazle izateari eman dio garrantzia. Orotara 120 idazle, 20 argitaletxe eta bertze hainbertze elkarte bildu dira aurten Saran, irakurlearen eta idazlearen arteko harremana sustatu, eta argitalpen sorta «ahalik eta orotarikoena» plazaratzeko helburuarekin.
Azoka gelara sartu bezain laster, Maiatz argitaletxea, Euskaltzaindia eta Elkar lehen-lehenik ohiko argitaratzaileen artean. Pixka bat bilatuz gero, ordea, bada parada argitalpen gutiagoko eta ibilbide laburragoko proiektuak ezagutzeko Saran. Bigarren mahai lerrokadaz aitzina, Haria argitaletxeak egin azken urteetako lana ageri da, erraterako. Mirentxu Ibargarai arduradunak azaldu duenez, haurrentzako lau liburu argitaratu dituzte, eta, tartean, beste hizkuntza batzuetan sortutako obren itzulpenak, euskaraz «eskas» diren gai batzuk haurren esku izateko gisan. «Euskaraz falta den gai bat hartu, eskubideak erosi, eta liburua plazaratzen dut».
Bertzeak bertze, Amaiur Epherrek itzuli Erreka bezala mintzo naiz albuma izan du mahai gainean, baita Uretan album atera berria ere; proposamen berritzat jo du hura Ibargaraik. «Honek jatorrizko hizkuntza koreera du. Eskubideak erosi eta itzulpena eginarazi nuen, eta uste dut berezia dela estetikoki bertze zerbait proposatzen duelako». Itzulpenak plazaratzeaz gain, sortzez euskaraz egin lanak ere ekoizten ditu Hariak: Haira Aizpurua Ibargaraik idatzi Lotto sehaska bidea da atera berrietan ageri, mahai gainean lau pintxetez tiraturik.

Liburu horien eskuratzeko, harpidetza sistema berezi bat plantan eman du Ibargaraik. Harpidetuz gero, hilabetean behin edo bi hilabetean behin haurrek liburuak etxean errezibitzen dituzte hautatu harpidetzaren arabera. Liburu bakoitzaren edukia audio formatuan ere eskaintzen du, QR kode baten bitartez. «Estudio batean grabatzen ditut liburuetako edukiak, lagun antzerkilari batzuekin. Ondotik, audio hori liburu barnean ematen dut haurraren eta helduen artean zinezko irakurketa momentu bat sor dadin. Gainera, gurasoak ez badira euskaldunak, audioak aukera ematen die euskarazko irakurketa bultzatzeko».
Euskal Herria, «kanpotik»
Hortik biziki hurbil, liburu finak eta zainduak proposatu ditu Haran Ubel elkarteak. Euskal Herritik kanpoko artistekin egonaldiak egiten ditu Haran Ubelek, eta egonaldietarik aterarikoa argitaratu. Hala, Iruten ari nuzu atera berri dute Palefroi artista kolektiboarekin egin egonaldiaren ondotik. Euskal Herriko lihoaren lana aurkeztu dute bertan, grafismoa eta ilustrazioa batuz. Dom Campistron elkarte horretako kidearen arabera, risografia baliatzen dute liburu guziak argitaratzeko tenorean. Gainera, eskuz moztu eta lotu liburuak dira guziak. «Hastapenetik finitzeraino, papera moztu eta orriak biltzeko lana guk egiten dugu, eskuz. Horrek denbora hartzen du, eta, bortxaz, prezioan ageri da».

Elkarteko kide Mari Campistronen arabera, helburua da «kanpo begirada» batetarik ilustratzea eta kontatzea Euskal Herriko kultura. Horrez gain, liburuei «ezohiko» forma bat ematen dio argitaletxeak, «estetika berri baten bila», haien kasuan ere. «Forma bitxiak eta garaikideak dituzte gure liburuek. Euskal Herrian ekoizten den estetika aitzinarazi nahi dugu, usaian ikusten ez diren gauzak proposatuz».
Alberdaniako Oier Etxebestek ere nabarmendu du argitaletxeko narratibako liburuen diseinua aldatu berri dutela. Jabier Muguruzaren Café Mokka liburua hartu du etsenplutzat horretarako. Eta duela gutxi argitaratzen hasi diren Patrika saila ere bada bulkada berritzaile horren erakusgarri. «Patrika saileko Streaming aroa eta Manifestu filosofikoak liburuek estetika sinple eta berritzailea makartzen dute. Prezioz eta formaz poltsiko guzietarako egokiak diren formatuak dira». Haren erranetan, berritasunak ikusgai izateko parada ematen die biltzarrak, baina, batez ere, jendearekin harremanean egoteko «plaza ederra» dela nabarmendu du. «Irakurleekin egoteko eta beste argitaletxeekin trukatzeko, beharrezkoa zaigu Sarako azoka. Ekonomikoki ez da Durangoko Azokaren heinekoa, baina hurbileko harremana izateko balio du hemengoak».
«Ez gara sariztatuak izan diren lehen emazteak, baina bai betan sariztatu dituzten lehen biak»

Marikita Tambourinek (Baigorri, Baxenabarre, 1946) eta Anne Marie Lagardek (Liginaga, Zuberoa, 1944) ukan dute biltzarraren saria, idazle eta ikerlari gisa ukan ibilbideagatik. Azokaren pasabideetan barna izan dira goiz goizetik, irria ahoan. «Biziki» kontent dira sariagatik, ohore «handia» dela erran dute saria banatzeko ekitaldian.
Sari hau mugarri bat da zuen ibilbidean?
ANNE MARIE LAGARDE: Egun handia da guretako! Kontent gara!
MARIKITA TAMBOURIN: Biziki pozgarria da, eta ohore handia! Biziki kontent gara Iparraldeko bi emazte idazle eta ikerlariri betan eman zaielako saria. Uste dut hori azpimarratzekoa dela.
Nola hartu duzue saria?
TAMBOURIN: Idazle gisa errezibitzen dudan lehen saria da hau. Biziki garrantzitsua da niretzat, eta biziki ideia ona izan da biltzarrak aurten hautu hori egin izana. Ez gara sariztatuak izan diren lehen emazteak, baina uste dut betan bi sariztatu dituzten lehen aldia dela.
LAGARDE: Hala da, Marikitak ontsa laburbildu du [irriak].
«Orain adina badut, ez naiz gehiago gaztea, baina bizi guzian egin dudan ibilbidea sariztatu zait. Argi dut bizi naizeno idazten segituko dudala»
MARIKITA TAMBOURIN Idazlea eta ikerlaria
Ubeldurak atera berri duzu zuk, Marikita. Nola kokatzen zara zure idazle ibilbidean?
TAMBOURIN: Bizi guzian idatzi izan dut. Lizeoan nintzelarik hasi nintzen eguneroko bat atxikitzen eta olerkiak idazten. Maiatz argitaletxea sortu zelarik hasi nintzen argitaratzen, hots, 1982an. Geroztik Maiatzek hamar liburu argitaratu dizkit, eta, horrez gain, Gatuzainek eta Zortzikok ere bai. Orain adina badut, ez naiz gehiago gaztea, baina bizi guzian egin dudan ibilbidea sariztatu zait. Argi dut bizi naizeno idazten segituko dudala.
Anne Marie, zuk, berriz, euskal matriarkatuari buruzko ikerketak egin dituzu nagusiki.
LAGARDE: Berant hasi nintzen ikerketan. Frantses irakaslea nintzen, eta psikologia sozialaren arloan murgildu nintzen lehen-lehenik. Euskal Ikasketen arloan sartu nintzelarik ohartu nintzen Maite Lafourcade zenaren zuzenbide obrak aberatsak zirela eta horiek jorratu nituen euskal matriarkatuari buruzko ikerketa egiteko. Euskal gizartea ikertu dut antropologiaren ikuspegitik, eta hori sariztatu zait egun.