Etzakit-ek itzulera kontzertuko sarrera guztiak saldu ditu, eta beste zuzeneko bat iragarri du urtarrilaren 3rako

Hernaniko Oilaume biltokian izango da bigarren kontzertua ere, eta ostiralean jarriko dituzte sarrerak salgai, 12:00etan.

Etzakit taldeko kideak gaur egun. ETZAKIT
Etzakit taldeko kideak gaur egun. ETZAKIT
Inigo Astiz
2025eko urriaren 1a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasi eta gaur buka. Abiada beteko ibilbidea izan zuen Etzakit taldeak, 1995ean lehen kontzertua eman zuenetik duela 22 urte agur esatea erabaki zuen arte, tartean mila kontzertu eta euskal kantagintzari hainbat kantu gogoangarri eskainita, eta beste hainbesteko abiadan amaitu dira aurreko astean iragarri zuten itzulera kontzerturako sarrera guztiak ere. Iragarri zuten 2026ko urtarrilaren 5ean egingo dutela emanaldia, Hernaniko Oialume biltokian (Gipuzkoa), eta nahikoa izan dira ordu gutxi batzuk guztiak saltzeko. Horregatik, beste emanaldi bat ere iragarri dute. Urtarrilaren 3an izango da saioa, eta ostiralean jarriko dituzte sarrerak salgai, 12:00etan, oialume.eus webgunean.

(ID_17593175311285) Etzakit taldearen itzulerako kontzertuaren kartela

1995eko urtarrilaren 5ean egin zuen taldeak lehen zuzenekoa, eta Oialumen bertan eman zuen azkenekoa, 2003ko urtarrilaren 4an. Eta, hain zuzen ere, leku bera eta data paretsua hautatu dute itzulera kontzerturako. Xabi Solano trikitilari eta abeslariak, Jon Mari Beasain pandero jotzaileak, Ander Barrenetxea bateriak eta Aitor Zabaleta baxu jotzaileak osatu zuten taldea, eta kide horiek berak itzuliko dira oholtzara orain ere. 

«Parranda txiki bat»

Taldea utzia izan arren, Solanok Hernaniko kronika-ri itzuleraren aitzakian emandako elkarrizketan aipatutakoaren arabera, gerora ere musikariek maiz topatu izan dute elkartzeko tartea, eta bilkura horietako batean erabaki zuten kontzertu bat emateko itzultzea. «Beste parranda txiki bat egiteko aitzakia izango da, aspaldiko kontzertu horietako sentsazioa berreskuratzeko. Hasieratik argi geneukan ez genuela kontzertu masibo bat eman nahi, herrikoiagoa izatea nahi genuela, eta data aukeratzea ere erraza izan da, oso esanguratsua baita guretzat».

Besteak beste, BERRIAren babesa izan du taldeak Oialumeko emanaldiak antolatzeko.

Etzakit taldearen Egina abestia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.